Pazkoaldiko 4. igandea B (2018-04-22
HOMILIA

Anai-arrebok!

Oscar Romeroren hitz batzuekin hasi nahi dut nire hitzalditxo hau. Dakizuenez, Oscar Romero El Salvadorreko artzapezpikua izan zen. Meza ematen ari zela, militarren sikarioek hil zuten 1980-03-24an. Frantzisko aita santuak dohatsu deklaratu zuen 2015-05-23an, eta Paulo VI.a aita santuarekin batean, santu deklaratuko du datorren udazkenean, Erroman.

Horiek horrela, hil zuten baino hilabete batzuk lehenago, hitz hauek esan zituen Romerok: «Elkarte honen artzain naizenez, behartua nago bizia ematera maite ditudanen alde, hau da. salvadortar guztien alde, baita erailko nauten beraien alde ere. Heriotza-mehatxuak gauzatuko balira, oraintxetik eskaini nahi diot Jainkoari neure odola El Salvadorren salbamen eta piztuerarako».

Senideok, gaur artzain onaren eguna ospatzen dugu. Jesus da artzain ona. Gaur ere, artzain on izaten jarraitzen du Jesusek berari jarraitu nahi izan dioten askorengan. Gotzainez, apaizez eta besteez, bestelako hitz eta jokabide asko entzuten dugun arren, hor ditugu Jesusen jarraitzaile fin hauek ere; besteak beste Paulo VI.a aita santua eta Oscar Romero artzapezpikua. Poztekoa da tarteka horrelako jenderen berri eman eta entzutea.

Baina natorren gaurko ebanjeliora labur-labur. Artzain onaren irudia aspaldi-aspaldikoa da. Bai israeldarren artean, bai beste erlijioetan.

Aspaldiko da, era berean, artzain izenekoa asko ez direla izan artzain on. Israeldarren artean, Itun Zaharrean, oso famatua da Ezekiel profetaren salaketa. Ezekielen ahoz, Jainkoak esaten die garaiko artzainei, herriaren ona bilatu ordez, beren probetxua bilatzen dutela; aurrerantzean, Jainkoa bera izango dutela artzain.

Hain juxtu, Itun Berrian, Jesus ageri zaigu artzain on bezala. Hausnar ditzagun, San Joanen bidez, artzain onaren jokabideaz zer esaten digun.

Artzain onak, behar izanez gero, bere bizia ematen du bere ardien alde. Ikusgarria da Jesusek egin duena: gure onerako bere bizia eman du. Eta miresgarria da Oscar Romerok egin duena ere.

Artzain onak ezagutzen ditu bere ardiak eta ardiek ezagutzen dute beren artzaina. Alde honetatik, oso jakingarria da, Jesusen garaiko ohitura bat. Egunez artzain bakoitza arduratu ohi zen bere artaldeaz. Gauez, ordea, artalde guztiak eskorta batean biltzen ziren, eta gau-zaindari bat arduratzen zen guztiez. Goizean artzain bakoitza etorri, eta bere ardiak eramaten zituen: eskortan zeuden bere ardiek ezagutzen zuten beren nagusiaren ahotsa eta jarraitzen zioten; beste ardiak artegian gelditzen ziren beren artzaina etorri zain.

Horra nondik atera duen Jesusek bere hitza: ardiek ezagutzen naute eta jarraitzen didate. Senideok, ezagutzen al dugu Jesusen ahotsa?

Badu Jesusek beste ezaugarri bat ere. Jesus ez da herri bakar baten artzain. «Baditut beste ardi batzuk ere, artegi honetan ez daudenak; haiek ere erakarri beharra dut». Horra, senideok, nola adierazten digun Jesusek gure eginbeharra. Ezin mugatu gara geure odol-familiara, ezin mugatu gara geure txokora. Mundu zabala dugu geure horizonte.

Edozein kasutan, Joanen ebanjelioaren arabera, Jesusen jarraitzaileok ez gara bakarrik bizi, ez gara babesik gabe bizi. Egunez egun, bidelagun dugu Artzain Ona. Jesusen ahotsa ezagutzen dugunak gara, eta jarraitzen diogunak. Berak ezagutzen gaitu eta betiko bizia ematen digu. Jesusek argitzen, norabidetzen eta arnasten gaitu betiko biziraino. Poztu gaitezen eta alaitu horrelako artzain on-on bat izateagatik.

Dionisio Amundarain