HILETAK IGNAZIO ITURRIOZ (Dionisioren koinatua 2014-10-05)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Etortzerik izan ez duen Mariaren senarra. Zuetako batzuen aita. Hilak diren anai-arreba askoren anaia. Zuetako askoren aitona edota osaba. Gutako batzuen koinatua. Askoren laguna eta herritara.

Iñaxio, uste ez genuela joan zaigu. Duela 8 urte pasa, 2005eko martxoaren 11n, Iñaxioren arreba Eulaliren hiletan, besteak beste, hala esan nuen: «Iñork ez daki seguru bihar biziko den». Hitzez hitz bete da hori Iñaxioren beraren kasuan; duela 15 egun Zumarragara joan zenean, ez zuen pentsatu atzo, larunbata, Aitaren altzora joango zela. Ebanjelioan esana da: ez dakizue ez noiz ez non etorriko den zuen bila.

Iñaxioz, jakina, zer esanik asko izango genuke. Mundu honetan 94 urte egin dituen batek, gauza asko uzten du, gogoan hartzeko eta hausnartzeko.

Pare bat gauza nabarmenduko ditut.

Batetik, familiako gizon izan da Iñaxio, familiari lotua buru-belarri. Bakoitzak bere era eta modua izan ohi du lotura hori bizitzeko. Esaterako, atzo ospatu genuen Asisko San Frantziskok, alde egin zuen familiatik, aitaren gogoaren kontra; ez, noski, familia maite ez zuelako; baizik aitak uste ez zuen moduan maitatu nahi zuelako. Iñaxiok ere bere modua bizi izan du lotura hori. Garrantzizkoa beti, lotura hori maitasunez bizitzea izaten da; egoismo-puntu askori uko eginez. Uste dut, maitasun handia agertu izan diola bere familiari. Benetan, gogoan hartzeko bertutea agertu digu. Atzo goizean berean, gaur Erroman hasiko den gotzainen Sinodoan entzule berezi bezala parte hartuko duen emakume baten esaldi hau irakurri nuen: «Giza maitasunaz kristautasunak hots egiten duen mezua munduko gauzarik ederrena da».

Bihotzez eskerrak ematekoa deritzot, familiaz agertu izan duen atxikimendu edo lotura hori. Batez ere, kontuan izanik, gure gizartean familiaz nolako arinkeriaz hitz egiten den, eta nolako ardura eskasaz jarduten den, askotan. Familiarekiko lotura ez zaintzeak, pertsona zuztarrik edo sustrairik edo errorik gabea uztea esan nahi du. Eta gaurko gizartean ageri-agerian nabari den fenomeno batek, ondo asko adierazten du pertsonak nolako beharra duen sustraia edo erreferentzia bat izatea: eskuko telefonoaz baliatzeko moduaz ari naiz. Telefono hori eskutik eta belarri ondotik kendu gabe erabiltzeak, hondo-hondoan horixe adierazten du: alde batetik, pertsona asko, bakarrik sentitzen dela; bestetik, modu natural batean bizi ez duen elkartasuna bizi nahi duela eskuko telefonoaz. Jakina, modu orokorrean esan nahi dut. Esker beroak, beraz, Iñaxiori familiarekiko atxikimendu bizia agertuko digulako.

Iñaxioren bizieraz, bizitzeko moduaz, atzo beste batekin hitz eginez, beste ezaugarri hau nabarmendu genuen. Ez zitzaion gustatzen pertsona axanpa zalea izatea; ez zitzaion gustatzen nabarmenkeria; ez zitzaion gustatzen atentzioa deitzen ibiltzea. Azken batean, harrokeriaren kontrako jarrera zuen. Axaleko eta errealismorik gabeko boluntarismo arin ororen kontrakoa jarrera.

Beste ezaugarri bat: kantu zalea izan da Iñaxio. Elizara joateko gai zenean, gogo bizia izaten zuen mezatara joateko, abesbatzan kantari parte hartzeko. Etxean ere askotan entzuten genion kantari.

Azkenik, fede-gizon agertu izan da beti. Ez zuen agertuko fede hori hitzez. Ez zuen hitz egingo fedeaz. Ez zen hitz ugariko eta handiko gizona. Dena den, atzo berean, larunbata, aspaldi-aspaldiko eliz guraso baten esaldi hau irakurri nuen: «Ez litzateke hainbeste hitz egin beharrik izango, baldin eta gure jokabidea benetako testigantza izango balitz». Gauza bera dio esaera zaharrak ere: «Obrak dira amore».

Gaurko irakurgaiei gagozkiela, bi hitz.

Lehenengo irakurgaia, Jainkoak aldatu eta zaindu duen mahastiaz ari zaigu; aldatu ez ezik, zaindu egin du, eta zaintzeko eraiki egin du. Hitz batean, mahastiarekin ezkondu da. Mahastiak Israel herria sinbolizatzen du. Eta Jainkoa Israel herriarekin ezkondu da. Askotan ageri da ideia hau Biblian

Ebanjelioa. Jainkoak mahasti bat eman dio gizadiari. Landu dezan. Fruitu emanarazi diezaion. Baina, alferrik. Langileak mahastiaren jaun eta jabe bakar direla pentsatu dute. Jainkoak, azkenean, bere semea bera bidali die: ea esnatzen diren. Hura ere hil egin dute, pentsatuz, semea bera hilik, berena izango dutela mahastia. Halere, Jainkoak ez du amore eman. «Zuei kendu, eta beste batzuei emango diet mahastia».

Azken esaldi hau, bere xume-itxuran, guztiz mamitsua da. Batetik, Jainkoa ez da aspertzen gizadia bekatari ikusirik. Bestetik, gizon-emakume batzuk Jainkoaz axolagabe bizi nahi badute ere, izango dira Jainkoaz arduratsu biziko direnak.

Kristautasunaren historian, azken hitz hori aski konfirmaturik edo baietsirik ageri da: juduek ez zuten Jesus onartu, baina beste batzuek onartu zuten; kristautasunaren hasieran kristau-herri bizi izan ziren lurralde batzuk, gerora galdu egin zuten berotasun hori; garai batean Europan bizi ohi zen berotasuna, beste lurralde batzuetara pasatu da.

Gizarte- edo talde-mailan gertatua, pertsona-mailan zer gertatu den aztertu beharko genuke. Jesusen Espirituak argitu gaitzala.

Dionisio Amundarain