AGNOSTIKOAK?
Pazkoaldiko 2. ig. B 2018-04-08
Inork gutxik lagundu digu Christian Chabanisek adina, gaur egungo gizakiak Jainkoaren aurrean duen jarrera ezagutzen. Beraren elkarrizketak ezinbesteko agiri edo dokumentu dira, gaur egun zientifikoek eta pentsalariek Jainkoaz zer pentsatzen duten jakiteko.
Chabanisek aitortzen du, uste zuela, gaur egungo ateorik ospetsuenei elkarrizketak egiten hasi zenean, ateismo zorrotza eta ongi oinarritua topatuko zuela haiengan. Izatez, ordea, egiaztatu zuen, lanbide argitsu eta zintzotasun handikoen atzean, «egia bilatzearen erabateko absentzia» ezkutatzen zela sarritan.
Ez da harritzekoa frantziar idazle horren egiaztapen hori; izan ere, antzeko zerbait gertatzen da gure artean ere. Jainkoagan sinesteari uko egiten dioten askok, haren bila hasteko inolako ahaleginik egin gabe egiten dute. Gogoan, batez ere, beren burua agnostiko aitortzen dutenak ditut; batzuetan era arranditsuan aitortzen dute, egiaz oso urrun badaude ere benetako jarrera agnostiko batetik.
Agnostikoa, Jainkoaren problema planteatzen duen pertsona da eta, harengan sinesteko arrazoirik aurkitu ezinik, iritzia airean uzten duena. Frustrazioan amaitzen den bilaketa da agnostizismoa. Bila ibili ondoren bakarrik hartzen du agnostikoak bere jarrera: «Ez dakit Jainkoa existitzen den. Ez dut aurkitzen arrazoirik, ez harengan sinesteko, ez harengan ez sinesteko».
Gaur hedatuena den jarrera, beste bat da: Jainkoaren arazoa alde batera uztea. Beren burua agnostiko aitortzen duten asko, bila ibili ez diren pertsona dira egiaz. Xabier Zubirik esango luke, «zinezko egiaren gogorik gabeko» bizitza direla. Bost axola zaie Jainkoa izan ala ez izan. Berdin zaia bizitza hemen bukatu ala ez. Aski dute beren buruari «bizitzen uztea», beren burua «dena delakoaren esku» uztea, munduaren eta biziaren misterioan sakondu gabe.
Alabaina, hori al da jarrerarik gizatarrena errealitatearen aurrean? Aurkeztu al daiteke aurrerakoitzat bizitza bat, zeinetan absente baitago gure bizitzaren azken egia bilatzeko gogoa? Baiezta al daiteke hori dela guztietan jarrera bidezko bakarra? Baiezta al daiteke hori dela adimen-zintzotasunezko jarrera bidezko bakarra? Nolatan jakin dezake batek ezinezkoa dela Jainkoagan sinestea, sekula ibili ez bada haren bila?
«Jarrera neutral» horretan jarraitu nahi izatea, fedearen alde nahiz kontra egin gabe, erabaki bat hartzea da jada. Guztietan okerrena da; izan ere, errealitatearen azken misteriora hurbiltzearen bila ibiltzeari uko egitea da.
Tomasen jarrera ez da agnostiko axolagabe batena, baizik eta bere fedea bere esperientzia propioan baietsi nahi duenarena. Horregatik, Kristorekin topo egin duenean, konfiantzaz ireki zaio: «Ene Jaun eta ene Jainko». Bai egiazkoak direla Karl Rahnerren hitz hauek: «Errazagoa da norberaren hutsunean hondoratzen uztea, Jainkoaren misterio santuaren amildegian baino; baina ez du adierazten horrek, ez adore handiagorik, ez egia handiagorik. Nolanahi den, egia hau distiratsu ageri ohi da maite baduzu, onartzen baduzu eta liberatzen duen egia bezala bizi baduzu».
Jose Antonio Pagola