Piztuera Igandea B 2018-04-01
Sarrera
Anai-arrebok, Pazko Zoriontsua! Parte hartze zoriontsua Jesusek ekarri digun Bizian! Jainkoa leiala da eta beti betetzen ditu bere promesak. Horregatik, den-dena iluntasun, oinaze eta heriotza zenean, Bizia eta Egia garaile irten dira. Jesus berpiztu egin da, esan zuen bezala. Heriotzaren eta hilobiaren kateek ezin eutsi izan diote Biziaren egileari.
Jesus, bere bizitza guztian eta gizadiari zion maitasuna azken muturreraino eramanik, gizon onegi agertu da, gaitzaren atzaparretan gelditzeko. Pertsona bat, hain jatorra, hain errukitsua, on egiteari hain emana, ezin itzuli zen ezerezera. Eta Jainko Aitak, ordu arte erabat isilik egon nahi izan zuenak, Jesus gurutzean josi zutenen aurrean hain ahul agertu zenak, azkenean hitz egin zuen; hitz egin zuen, agertuz, ongia gaizkiaren gain dagoela; hitz egin zuen, Jesus berpiztuz.
Eta gu, Maria Magdalenarekin, lehen lekukoekin eta garai guztietakoekin, ezin ulertzetik eta duda-mudatik federa pasatu gara; beste haiek guztiekin oihu hau egitera pasatu gara: Egia da, Jauna berpiztu da!
Eliza osoarekin bat eginez, Jesu Kristo gure Jaunaren, gure anaiaren eta adiskidearen bizian parte hartuz, poz-pozik ospatzen dugu Eukaristia hau.
Lehen irakurgaia: Apostoluen Eginak liburutik (10,34a. 37-43)
Apostoluen Eginak liburuko 10. kapituluaren zati bat irakurri eta entzungo dugu. Pasarte honek kontatzen digu, nola hasi zen zabaltzen jentilen artean Berri Ona; judu ez zirenen artean, alegia. Pasarte honek azpimarratzen du, Jainkoak ez duela bereizkeriarik egiten.
Fedearen oinarri izango dugun berria kontatzen jarraitzen du. Eta dio: Jesus gu bezalako gizon bat izan zela, bizia eman zuen gu salbatzeko, berpiztu egin zela hildakoen artetik eta Bizia eman digula. On eginez bizi izan zela Jesus, Jainkoa berekin zuelako.
Anai-arrebok, bai gauza bikaina, Pedroren mezu hau Kornelioren erromatar familia pagano hark bezala entzungo bagenu. Kornelio hartaz, lerro batzuk lehenago, hau dio liburuak: Israelgo Jainkoa adoratzen zuen, jainkozalea zen, limosna handiak egiten zituen eta otoitz egiten. Jarrera gizakoi eta erlijioso honek eman zion bidea Jesusen piztueraren federa iristeko. Hain zuzen, kontuan izan beharko genuke, Jainkoaren dohaina dela fedea. Pertsonaren barne jarrera jator bat eskatzen duen dohaina da.
Bigarren irakurgaia: Paulok Kolosatarrei egindako gutunetik (3,1-4)
Gutun honek bi ardatz ditu: batetik, Jesu Kristo da kreazio osoaren Jauna; bestetik, Jesu Kristo da munduaren salbatzaile bakarra.
Gaurko pasarteak, geure begiak Kristogan jartzera gonbidatzen gaitu. Geure begiak goiko gauzetan jartzera. Agian, testua materialki harturik, oker ulertzera eraman gaitzake. Ez du esan nahi, lurreko gauzak alde batera utzi behar ditugunik. Askoz gutxiago ere. Esan nahi duena da, Kristo kontuan harturik bizi behar dugula. Gogoan izanik, Kristo hori Nazareteko Jesus izan dela, on eginez bizi izan dela, bizia emateraino on eginez, hil dutela, baina Jainko Aitak berpiztu duela. Zer bizitza-molde egin agertu digu Jesusek, piztuerara iristeko. Orduan, guk geuk ere aintza biziko dugu.
Ebanjelioa San Joanen liburutik (20,1-9)
Ebanjelioa ez da bukatzen etsipenean, ez heriotzan, ez hilobiko harlosapean, irtenbide guztiak itxiz. Ebanjelioa bukatu – hobeto esan, hasi− Jesusen piztuerarekin bukatzen da, heriotza garaitzearekin. Ezin atxiki izan du ezerk ere Jesus hildakoen artean. Lehen kristau haien fedea, Jesus Berpiztu dela sinestea, gure fedearen bermea da.
Alabaina, fedea prozesu bat da: lehenik eta behin, «begiratu» eta «behatu» egin behar da: erreparatu, Jesusen heriotzari gagozkiola; gero, «ikusi / sumatu», sinestera iristeko. Joanen 20. kapitulu guztiak, zeinetatik hartu baitugu gaurko pasarte hau, azken zoriontasun honetara garamatza: «Zorionekoak, ikusi gabe sinesten dutenak». Jakina, arazoa ez da itsu-itsuan sinestea; jarrera gizatar eta erlijioso on bat bizitzea da kontua, eta adi-adi bizitzea Jainkoak bidaltzen dizkigun seinaleak atzemateko.
Herriaren otoitza
1.- Elizaren, hau da, kristau-elkartearen alde: bere burua Jesusi emanik, hots egin dezan, beti, maitasunaren, egiaren eta biziaren garaipena. Eska diezaiogun Jaunari.
2.- Gaurko gure mundu maite honen alde: behingoz buka daitezen hausturak, gorrotoak eta gerlak; iritsi dadila aurkitzera, bizirako eta anai-arreba bezala bizitzeko kreatuak garela. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Kristau guztien alde: saia gaitezela, harremanak, elkar ulertzea eta herrien eta pertsonen arteko solidaritatea faboratzen dituzten gauzak bizitzen. Eska diezaiogun Jaunari.
4.- Geure parrokia-elkartearentzat: Kristo Berpiztuaren Argian, mugapenak gainditzen jakin dezan, eta jakin dezan orobat, premiarik handiena dutenentzat bizi eta argi izaten. Eska diezaiogun Jaunari.