Jaunaren Nekaldia San Markosen arabera (14,1−15,47)
Erramu igandea B (2018-03-25)

Igande honetan Jesusen Nekaldia irakurtzen dugu, Markosen ebanjeliotik. Kontakizuna luzea dela-eta bi arreta-puntu iradokiko ditut (Jesus eta haren ikasleak), eta nekaldiaz lau irakurketa posible eskainiko.

Bi arreta-puntu

Zein edo zer da Jesus?

Markosen 15. kapituluaren kontakizunak kontraste handia adierazten du aurreko bi kapituluen −13 eta 14− kontakizunarekiko. Bi hauetan arerio-mota guztiei eman die aurpegia Jesusek, askotariko eztabaidatan, eta aise garaitu ditu. Oraingo honetan, arerioek, adimen-mailan garaituek, maila fisikoan garaitu nahi dute, hilaz (14,1). Jesusengan gehienik nabari dena, gertatuko denaz dituen ezagutza eta kontzientzia dira; badaki, hurbil dela beraren hilobiratzea (14,8), bereetako batek saldu egingo duela (14,18), hurbil dela salduko duena (14,42). Sail honetan jaulki dituen hitzak Jesusek bere azkenaz duen kontzientziak markaturik daude, eta tristura-kutsua dute. Heriotzara hurbiltzean edozeinek bezala, Jesusek badaki badirela behin betiko galtzen diren gauzak: adiskideen hurbiltasuna («ni ez nauzu izango beti zeuekin» (14,7), partekaturiko kopa ardoa (14,25). Ez da falta esperantza-ukiturik: ardoaz berriro gozatuko du Jainkoaren Erreinuan (14,25), berriro topo egingo du ikasleekin Galilean (14,28). Baina tristura-ukitua da nagusi beraren hitzetan; are gehiago, garraztasuna ere bai (14,37.48-49); horrekin, Jesusen sakon-sakoneko gizatasuna nabarmendu nahi du Markosek.

Lau aldiz eztabaidatzen da kapitulu hauetan Jesusen identitatea: Mesias al den galdetu dio apaiz nagusiak (14,61), juduen Erregea al den galdetu dio Pilatok (15,2), apaiz nagusiek eta lege-maisuek baldintza bat ezarri diote beragan sinesteko: jaitsi dadila gurutzetik (15,31-32), ehuntariak aitortu du Jainkoaren semea dela (15,39). Apaiz nagusiaren galderari baietz esanez erantzun dio Jesusek, baina bere erantzunaren erdigunetzat Mesias izatea ez, baizik Gizonaren Seme garailea izatea ipiniz (14,62). Pilatoren galderari iheska erantzun dio: «zeuk diozu» (15,2). Apaiz nagusien eta lege-maisuen baldintzari ez dio erantzun. Ehuntariak Jainkoaren semetzat eman duenean hila dago Jesus.

Ikasleak

Datuak ezagunak dira. Triste jarri dira beraietako batek Jesus salduko duela entzutean; halere, ordua iritsi denean, denek egin du ihes. Beste behin, zeregin handiena bete du Pedrok. Besteak baino garaiagotzat du bere burua, leialago eta sendoagotzat (14,29), baina azkenean ukatu egin du Jesus (14,66-72). Ikasleek egin dioten erabateko zapuzte-testuinguru honetan, indar handiaz ageri da Kalbarioko azken eszena, zeinetan emakumeez hitz egiten baita, ez soilik gurutzearen oinean daudela esanez, baizik eta Jesusek bizitza guztian bidelagun izan dituela adieraziz (15,40-41).

Jesusen nekaldiaz ari diren kontakizunez lau irakurketa posible

Identifikazio pertsonal eta afektiboaren irakurketa

Alde honetatik eskura dugun testigantza idatzirik zaharrena, San Paulorena dugu. Batzuetan, Jesusen heriotzaz mintzo denean, hoztasun dogmatikoz egiten du, gure bekatuengatik hil zela gogoratuz. Baina beste batean oso era pertsonal eta afektiboan fokatzen du: «Kristorekin gurutziltzatua gelditu naiz, eta jada ez naiz ni bizi, baizik eta Kristo bizi da nigan. Eta haragian bizi naizen artean, Jainkoaren Semearen fedean bizi naiz, maitatu baininduen eta nigatik eskaini baitzen» (Galaziarrei 2,19-20). Antzeko bidetik, Loiolako Ignazio santuaren arabera, Gogo Jardunen hirugarren astean, nekaldia kontenplatzean, jardun-egileak eskatu beharra du: «oinazea Kristo oinazetuarekin, haustura Kristo hautsiarekin, lantua, barne pena Jaunak nigatik jasan zuen hainbesteko penagatik».

Irakurketa sumindua

Goizero egin ohi duguna da egunkaria irakurtzean, lerro-buruen eta albisteen irakurketari mota guztietako arao, irain eta maldizio gehitzen diegunean. Nekaldiaren kontakizunek zapalketa, zuzengabekeria eta saldukeria asko dakartzate, irakurketa sumindua eragiten dutelarik. Halaz guztiz, ebanjelioek ez dute gonbidatzen sekula irakurlea, ez Judasen saldukeriagatik sumintzera, ez Jesus kondenatu dute judu eta erromatar agintariak madarikatzera, ez Jesusez iseka egiten dutenak iraintzera, ez zartadak, arantzazko koroia edo iltzeak norberaren gorputzean bezala sentitzera, ez negar egitera Jesusen heriotzaz. Inoiz ez dute jo ebanjelioek sentimenduak eragitera eta, askoz gutxiago, sentimentalismoa sustatzera.

Irakurketa xehea

https://www.dropbox.com/s/1fm0ubby7kr5mue/La%20Pasi%C3%B3n%20de%20Jes%C3%BAs%20en%20el%20evangelio%20de%20Mc.docx?dl=0

Iruzkin zabala eskaini dut aipatu helbide horretan (gaztelaniaz, jakina) (goiko eskuin angeluan bi leihotxo agertuko dira: COMPARTIR eta ABRIR. Sakatu ABRIR eta hautatu nahiago den aukera).

Lau alderdiri eskaini diet arreta handia:

1) pasadizo bakoitza zatitzeari; batzuetan gehiegizkoa irudi dakizuke; adibidez, baratzeko otoitzaren kontakizunean zazpi une bereizten ditudanean; baina era bakarra da xehetasun garrantzizkoak alde batera ez uzteko;
2) protagonistak: zer egiten edo ez duten egiten, zer esaten edo ez duten esaten, nola erreakzionatzen duten, zergatik mugitzen diren, zer sentitzen duten;
3) kontatzen den ekintza eta berorren premisak; batzuetan informazioa nagusituko da, xehetasun batzuk ondo ezagutzen ez direlako; adibidez, Pazkoaren ospakizuna juduen munduan eta Qumranen edota Batzar Nagusiaren auzia.
4) Markosen kontatzeko artea; sarritan ez da kontuan hartzen; baina bere balioa du Markosen teologia atzemateko.

Irakurketa-mota honek, eszena guztiei metodo bera esleitzen dien arren, nabarmendu egiten du haietako bakoitzak duen alde tipikoa, eta garbi uzten du, ezen nekaldiaren kontakizuna itxuraz egunerokoak diren pasadizoek eta dramatikoago diren beste batzuek osatzen dutela; azken hauetakoa da baratzeko otoitza. Inporta duena, alde batetik, pasadizo bakoitzaren espiritua eta mezua atzematea, eta, bestetik, ebanjelio bakoitzaren mezu orokorra atzematea.

Irakurketa interaktiboa eta otoizlaria

Aurreko iruzkinari norberak emandako erantzuna izango litzateke, bakoitzak gogoeta egiten duelarik, bai testuak iradokitzen dionaz, bai eskatzeko esaten dionaz.

José Luis Sicre