Garizumako 5. igandea B 2018-03-18
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaurko irakurgaiek hondo-hondoan ikuspegi baikorra agertzen digute: garaipena, askatasuna, zoriona izango da azken hitza, bai Jesusentzat, bai gizon-emakume guztientzat.

Baina garaipen eta zorion horrek penazko, atsekabezko ibilaldi bat egin beharra esan nahi du. Ikus ditzagun, sakonkixeago, lehen irakurgaia eta ebanjelioa.

Lehen irakurgaia. Jeremias profetaren hitzak dakarzkigu. Jeremiasek bere profeta-lana K.a. 609 eta 587 urte bitartean burutu zuen; 23 urtez. Israeldar batzuk Palestinan eta beste batzuk erbestean zirela, Jainkoak herriaz zuen asmo handia iragarri zuen; gaurko lehen irakurgaian entzun duguna.

Jainkoak elkargo berri bat egingo du bere herriarekin. Elkargoak, elkartasun-hitza esan nahi. Oraingoan, ordea, elkargo BERRIA egin nahi du Jainkoak. Antzinako elkargoa, Moisesekin Sinai mendian egin zuena, harlauza edo harrizko losa batzuetan idatzia zegoen. Oraingoan, harrian ez, baizik gizaki bakoitzaren bihotzean idatziko du Jainkoak. Ondorioz, pertsona bakoitzak jakingo du Jainkoaren gogoa zein den. Jeremiasek hots egin digunez, Jainkoak beste harreman-mota bat hasi nahi du, beraz, gizakiarekin.

Kristok bere Espiritua bataiokoan gugan isuri duenean, bete-betera eraman du Jeremiasek aspaldi batean hots egin zuen hura. Honenbestez, bakoitzaren kontzientzia esaten dugunean, Espirituak bakoitzari hitz egiten diola esaten dugunean, horixe esan nahi dugu. Ez dugu geure gidari, geugandik kanpo legokeen legedi bat. Baizik eta barne-barnean hitz egiten digun Espiritua dugu, bai gidari, bai irakasle, bai erakusle, bai laguntzaile, bai babes, bai eragile, bai kontsolatzaile, bai bizi-emaile… Ondorioz, arazo guztia nor norbera izatean datza, ni ni neu izatean, gu gu geu izatean; ez izatean, beraz, inor inoren mendeko. Horra Kristok ekarri digun askatasun handia.

Ebanjelioan, berriz, Jesusek lortu diguen garaipena ageri da. Izan dezagun gogoan, Joanen ebanjelio hau lehen mendearen azken aldera idatzia dela. Ordurako Jesus hila dute; hil dute. Halere, Jesusek bere bizitzan ikasle izan zituen haiez gain, beste batzuk ere hor datoz Jesus ezagutu nahian; Jesus hil dute; halere, haren bila dabil jendea: Jesus ezagutu nahi dugu esan diote Feliperi Jerusalemera jaiak ospatzera joan diren greziar batzuk. Ondorioz, Jesus ez da ezkutatu, ez da betiko galdu. Jesusen garaipena adierazten duen greziarren galdera horrekin hasi da gaurko ebanjelioa. Bukatu, berriz, Jesusen hitz hauekin bukatu da: «Nik, gurutzearen puntara jasoko nautenean, gizon-emakume guztiak neugana erakarriko ditut». Joanen ebanjelioak adierazi nahi digu, azken hitza garaipena izango dela, zoriona izango dela.

Halere, azken horretara iristeko, Jesusek gurutzetik igaro behar izan du. Jesusek ez zuen hil nahi. Gurutzea ez zen izan Jainkoak erabakitako zoria. Gurutzea eta gurutzeko heriotza konpromiso baten emaitza izan ziren. Jesus ez zen izan masokista bat. Heriotza gainean zuela-eta estu eta larri sentitu zen. Aitari otoitz egin zion: Aita, aintzatu ezazu zeure izena. Gizon-emakumeak benetan Jainkoaren aintza izan zitezen, onartu zuen Jesusek heriotza. Baina bereak eta bost kostatu zitzaion asmo eta konpromiso hori.

Landa-lurrean bizi izan zuen Jesusek bere gaztaroa. Bazekien zer gertatzen zen soroan. Gariak, lurrera bota eta usteltzen ez bada, ez du fruiturik ematen. Bazekien konpromisoa ez zela une bero bateko hitz hutsa. Eta bete-betean onartu zuen bere konpromisoa: gizon-emakume guztiak salbatzera etorri naiz.

Horixe izan zen, Felipek eta Andresek greziarrei Jesusez eman zieten erantzuna. Ez zieten eman definizio akademiko bat. Baizik eta Jesusek zer egin zuen adierazi zieten: hori zen Jesusez eman zieten argazkia.

Aldi berean, Jesusen ikasle eta jarraitzaile izateko zer egin behar zuten argitu zien: gari-aleak ez du fruiturik ematen, hiltzen ez bada; gauza guztien gainetik bere bizitza gorde nahi duenak, galdu egingo du; bere bizitza, hala behar denean, galtzen duenak, salbatu egingo du.

Senideok, Felipek eta Andresek greziarrei esana, guri esana dugu. Aste Santuaren atari honetan, badugu zer hausnartua. Saia gaitezen, mundua salbatzen. Munduari bere bihotz barnean duen Espiritua azaltzen. Geure estualdi eta eginbeharretan gogotsu eta baikor agertuz, azal diezaiogun munduari ezbeharra eta nekea aldi batekoak direla; azkena bizia dela, piztuera dela, zoriona dela, gizon-emakume guztien erabateko eta behin betiko elkartasuna dela.

DIONISIO AMUNDARAIN