Garizumako 4. igandea B (2018-03-11)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Askotan oso zaila gertatzen zaigu ebanjelioan gauza deigarririk, gauza miresgarririk, gauza berririk aurkitzea. Beste gertaera batzuk deigarriagoak gertatzen zaizkigu.

Aste honetan, adibidez, deigarriagoa eta distiratuagoa gertatu zaigu emakumearen eguna. Kalera, irratira, telebistara, egunkarietara joz gero, dena ikusgarri gertatu da, dena deigarri.

Nire ustez, izan dira beste gertaera deigarri batzuk ere. Gure ingurukoez ari naiz.

Adibidez, gure herrietan batetik bestera erabili dute Lampedusako Gurutzea. 2013ko urriaren 11n mundu guztian hitz egin zen Lampedusaz: Europara etorri nahi zutenen 268 gorpu jaso zituzten; Aita Santua Lampedusara joan zen halako batean; uharte hartan galdutako itsasontzi baten egurrarekin egindako gurutzea da herriz herri dabilena. Babes bila dabiltzan milaka eta milaka gizon-emakumeren sinbolo bihurtu da Lampedusa. Zenbat jende gogoratu da egundoko fenomeno horretaz?

Beste adibide bat. Aste honetan, Andaluzian hilda aurkitu duten preso bati lur eman diote Iruñean; itxuraz, bere buruaz beste egin duena. Zeinek egin du gogoeta txikienik ere fenomeno horretaz? Bere buruaz beste egin! Erraz esaten da. Baina zenbat eta zenbat, gure artean eta munduan, bere buruaz beste egiten duena? Zenbatek pentsatu du: fenomeno horren hondo-hondoan dagoena, zer da? Esango nuke, maitatua ez zarela uste izatea.

Ba, gaurko hiru irakurgaiek erlazio hauxe dute beren artean: Jainkoaren maitasuna.

Lehenengo irakurgaia. Judu asko eta asko Babiloniako desterruan dago. Bat-batean, Ziro pertsiar erregeak konkistatu du Babilonia, inperio handia izandakoa. Eta horrek zer esan nahi du juduei dagokienez? Ziro pertsiar erregeak beren lurraldera joateko libre utzi ditu juduak. Han zeuden judu askok Jainkoaren maitasunaren seinalea ikusi dute Ziroren jokabide horretan. Beste askok nahiago izan dute Babilonian gelditu. Bai jarrera desberdina! Batzuentzat Jainkoaren maitasunaren seinale izan da Ziro. Beste batzuk itxirik dituzte beren bihotzeko begiak: denbora asko daramate Babilonian, beren bizimodua moldatu dute, diru-mordoxka egin dute… Ez dira gai izan Jainkoaren eskua ikusteko.

Bigarren irakurgaia ere Jainkoaren erruki handiaz mintzo da.

Ebanjelioa ere Jainkoaren maitasunaz mintzo da. Baina erruki eta barkazio den maitasuna da. Moisesen garaian esperientzia bizi bat izan zuten israeldarrek. Sugeek heltzeagatik, israeldar asko hil zen. Hartan, Jainkoaren aginduz, Moisesek suge bat fabrikatu zuen, et haga altu baten puntan jarri. Sugeak heldu eta sugeari begiratzen ziona sendatu egiten zen. Suge hori, gizon-emakumeekiko maitasunagatik, gurutze-puntan jarri duten Jesusen irudia da. Horretaraino maite du Jainkoak gizakia. Bere Semea hil dezaten utzi du. Zer eskatzen du Jainkoak bere maitasun horren truk? Hiru gauza: a) bekatari naizela aitortzea; b) neurez bakarrik ezin salbatu naizela aitortzea; c) Jesusek salbatzen nauela aitortzea.

Baina ez da hain gauza erraza aitorpen horiek egitea. Babilonian zeuden juduei bezala gertatzen zaigu. Batzuek gai dira maitasun horren seinaleak ikusteko. Beste asko begiak itsuturik bizi dira: beren bizimodua moldatu dute, diru pixka bat ere egin dute, lasai bizi dira… Ezin ikusi Jainkoaren maitasunaren seinalerik.

Gauza ikusgarrietan, handietan, hots handikoetan gelditzen gara. Nor joan da emakumearen egunean, emakumearen duintasuna kontenplatzera? Nork ikusi du emakumearen baitan, edozein emakumeren baitan, Jesusen amaren, gure amaren, Andre Mariaren apaltasunez egindako handitasuna, apaltasunez egindako duintasuna? Nork ikusi du Lampedusako gurutzean, munduan bizi dugun drama izugarria: milioika gizon-emakumeren drama? Nork ikusi du Iruñeko hildakoaren kasuan, askok eta askok bizi dugun drama: Jainkoak maite gaituela ezin ikusia, eta askotan ez ikusi nahi izatea?

Senideok, lan asko kostatzen zaigu ebanjelioan gauza deigarririk, gauza erakargarririk, gauza bizirik ikustea? Zergatik? Jainkoak Kristogan agertu digun maitasun mugagabea ez ote da ikusgarria? Ez ote da gure barruari eragiteko modukoa?

Begira diezaiogun geure barneari. Segur aski, betaurrekoak aldatzen baditugu, ez zaigu gertatuko hain zaila astero eta egunero eta une oro gauza miresgarri bat ikustea. Jainkoaren maitasuna ikustea, eta maitasun hori ospatu beharrekotzat ikustea. Jesusen Espiritua izan dezagula argi.

Dionisio Amundarain