Jesus, Jainkoaren tenplu berria (Joan 2,13-25)
Garizumako 3. igandea B (2018-03-04)

Tenplutik salerosleak Jesusek bota izana lau ebanjelioek dakarte. Baina, sarritan gertatu ohi denez, badituzte beren aldeak.

Lehiaketa baterako galderak

1.-Noiz gertatu zen aipatu eszena hori? Jesusen bizitzaren hasieran ala bukaeran?
2.-Eszena hau artista askok pintatu izan dute; adibidez, Greco-k. Irudikapen guztietan, soka-zigor bat eskuan duela ageri da Jesus. Baina lau ebanjeliotako batek bakarrik aipatzen du zigor hori; beste hiru ebanjelioetan Jesusek ez du jo zigor horretara. Zein da ebanjelio bakar hori?
3.-Ebanjelio batek bakarrik dio debekatua dagoela tenpluko zelaigunean gauzak garraiatzea? Zeinek?
4.-Zein ebanjelarik dakar aipatu eszena hau era laburrenenean?
5.-Zeinek kontatzen du xehetasun gehienekin, judu-agintarien eztabaida barne?

Erantzunak

1.-Jesusen bizitza publikoaren hasieran kokatu du Joanek. Mateok, Markosek eta Lukasek bukaeran, hil aurretik, egun gutxi batzuk lehen.
2.-Zigorra aipatzen duen bakarra Joan da. Eta inork ez dio Jesusek jendea zigorka kanporatu duenik.
3.-Gauzak garraiatzea debekatua dagoela, Markosengan dator.
4.-Pasadizorik laburrena Lukasena da.
5.-Xehetasun gehienekin Joanek dakar.

Joanen kontakizuna (Jn 2,13-25)

Aurreko lehiaketa hori ez da izan apetazko gauza. Adierazi nahi du, ebanjelariek ez dutela asmorik gertaera historikoa gertatu zen bezala kontatzeko, baizik eta mezu bat eskualdatu nahi dutela. Horregatik, batek xehetasun bat azpimarratuko du, besteek alde batera uzten dutelarik, beren entzuleentzat beharrezkotzat ez emateagatik. Lukasek, adibidez, gutxienekora murriztu du Jesusen jarrera indarkeriazkoa; Joanek, berriz, gehienera eraman du. Joanen kontakizunak bi zati ditu: salerosleak kanporatzea eta juduekin izandako eztabaida laburra.

Keinu iraultzailea

Gaur egungo gure mentalitateari zail gertatzen zaio Jesusen ekintza baloratzea; ez ditu atzematen haren ondorioak. Batetik, eta besterik gabe, Jesusen alde jartzen gara, trafikatzaile zapotzat hartzen ditugu tenpluko salerosleak, gauzarik sakratuenarekin negozioa egiten ari direla salatuz. Baina bestetik, judu jainkozale baten ikuspuntutik, larriagoa da arazoa. Behirik eta ardirik ez bada, usapalik eta usorik ez bada, zein opari eskaintzen ahal diote Jaunari? Diru-trukatzailerik ez bada, nola ordain dezakete beren zerga tenpluan atzerritik etorri diren juduek? Gure erantzuna aise dator: ez dezatela ezer eskaini, muga daitezela otoitz egitera. Hau da Jesusen jarrera. Lehen begiratuan, bat dator hori antzinako profeta eta salmo batzuenarekin. Alabaina, askoz urrunagora doa Jesus, ohikoa ez duen indarkeriara jo baitu. Irudika dezagun Jesus zigorra txirikordatzen, behiak eta ardiak jotzen, diru-trukatzaileen mahaiak iraultzen.

Irudika dezagun eszena gaur egunean. Jesus katedral batean edo eliza batean sartu da. Miatzen hasi da otoitz espiritual hutsarekin zerikusirik ez duen guztia, pilatu eta kanpora bota du: kalizak, kopoiak, argi-mutilak, santuen irudiak, aitorlekuak, bankuak… Nola erreakzionatuko genuke? Meza ospatzea, jaunartzea, aitortzea, otoitz egitea bera galarazten digula aurpegiratuko genioke.

Joanek sumatu du arazoaren larria, eta hitz batzuk gehitu ditu, beste ebanjelioetan ageri ez diren hauek: «Ikasleak gogoratu ziren idatzia dagoen honetaz: Zure etxearen zaletasunak sutu nau». Jainkoaren aldeko arazoak eragin zion Fineesi ere judu bat eta moabtar bat asasinatzera; Matatiasi, Makabearren aitari, Siriako erregearen funtzionario bat asasinatzera eragin zion. Zaletasunak ez dio eragin Jesusi inor asasinatzera, baina bai bere burua era ahaltsuan agertzera. Gauza zaila gurea bezalako aro batean ulertzeko, gurean dena da demokratiko zilegi. Joanen iruzkinak ez du askatu judu jainkozalearen arazoa; honek erantzuten ahal luke: «Ni ere sutzen nau Jainkoaren etxearen zaletasunak, baina beste era batean ulertzen dut: bertan opariak eskainiz». Erantzun baliozkorik izango ez luketenak, salerosleak izango lirateke, ez baitie eragiten Jainkoaren etxearen zaletasunak, baizik eta diru-goseak.

Agintarien erreakzioa

Espero zitekeenaren kontra, agintariek ez dute bidali polizia Jesus atxilotzera (mendeak lehenago Jeremias profetari gertatu zitzaion bezala, zeinak preso egon behar izan baitzuen luzaro). Seinale bat, mirari bat, eskatzera mugatu dira, beraren jokabidea zuzenetsiko lukeena. Izan ere, judu batzuen artean Mesias bat espero zuten, iristean tenplua garbituko zukeena. Ondorioz, Jesus Mesias bada, frogatu dezala lehenik eta joka dezala ondoren dagokionez.

Jesusen erantzuna zoro batena da itxuraz: «Desegin ezazue tenplu hau eta hiru egunean berregingo dut». Jerusalemgo tenplua ez zen gure egundoko katedralak bezalakoa; ez zegon pentsatua fededunak barnean hartzeko; kanpoko atarian pilatzen ziren. Nolanahi ere, eraikin itzela zen. Middot [antzinako geometria-tratatua: itzultzaileak] tratatuaren arabera, 50 m luze zen, 35 zabal eta 50 altu; eraikitzeko, eraikin sakratua zelako, mila apaiz prestatu behar izan zituzten igeltsero. Herodes Handiak hasi zuen K.a. 19an, K.a. 10ean sagaratu zuten; alabaina, apaintze-lanak ez ziren bukatu K.o. 63a arte. K.o. 27an –ematen du orduan datatzen duela Joanek eszena hau−, ulertzekoa da juduek esatea 46 urte behar izan zirela eraikitzeko. Ezinezkoa da hiru egunean desegitea eta, askoz gutxiago, berregitea.

Gauza bitxia: Joanek ez du esaten nola erreakzionatu zuten agintariek Jesusen erantzun honen aurrean. (Logikoagoa ematen du Markosen bertsioak: apaiz nagusiek eta lege-maisuek ez diote eskatu Jesusi seinalerik, ez dute eztabaidarik izan; bera nola hilko hitz egitera mugatu dira; egun gutxi batzuk geroago gauzatuko dena.) Baina Joanek esan digu nola interpretatu behar ditugun Jesusen hitz estrainio horiek. Ez da ari tenplu fisikoaz, baizik eta Jesusen gorputzaz. Juduek desegin ahalko dute, baina berak berregingo du.

Garizuma eta piztuera

Azken puntu honek argitzen digu zergatik hautatu duten ebanjelio-pasarte hau Garizumako hirugarren iganderako. Bigarren igandean, Antzaldatzeak aurreratu egin du Jesusen aintza. Gaur, piztueratik berpiztuko den bere ziurtasuna errepikatu du Jesusek. Horrenbestez, liturgiak norabidetu egin nahi du Garizumaren eta gure bizitzaren zentzua: ez da bukatzen Ostiral Santuan, baizik Piztuera Igandean.

Jesus, Jainkoaren tenplu berria

Bada beste xehetasun garrantzizko bat Joanen ebanjelioan: Jesus da Jainkoaren tenplua. Harengan hitz egiten du Jainkoak, eta ez harrizko tenpluan. Beste behin, aurreko sei mendeko esperientzia tragikoa gertatu da: orduan tenpluaren suntsitzaileak babiloniarrak izan ziren (K.a. 586an). Juduek beren fedea tenplurik gabe bizitzen ikasi dute, baina huts eman dute tenplua. Ez dute jada beren opariak non eskaini, ez dute nora igo urtean hiru aldiz erromes. Kristau egin diren juduentzat bestelakoa da egoera. Ez dute zertan amestu tenplua. Jesus bera da Jainkoaren tenplu berria, eta Jesusen heriotza da opari bakarra, Jesusek berak eskainia.

Mirariak eta jakinduria (1 Korintoarrei 1,22-25)

Bigarren irakurgaian ere ageri da mirarien gaia. Paulok, judu peto-petoak, baina partikularki greziar eraginpeko lekuetan predikatu behar izan zuenak, bi problema oso desberdini egin behar izan zien aurre. Kristogan sinesteko orduan, juduek gauza harrigarriak, mirariak eskatzen zituzten (ebanjelioan entzun ditugunak bezalakoak); greziarrek, berriz, giza jakinduriaz betetako mezua nahi zuten. Ahalmena edo jakinduria, ingurugiroa nolakoa zen. Paulok, ordea, erabat kontrakoa predikatzen du: Kristo gurutziltzatua. Ahuldadearen ahuldadea, zorakeriaren zorakeria. Ez dio eman Jesusi inongo unibertsitatek «honoris causa» doktoretzarik; gauza normala, gurutzea baztertzea izango lukete. Alabaina, gurutziltzatutako Kristo hori Jainkoaren indarra da eta Jainkoaren jakinduria. Kristau-mezua giza ikuspegitik irakaspen oso jakintsutzat hartzeko tentazioa sentituko duenak, guztiek onartu eta mirestekotzat alegia, gogora ekarri beharko du hain bestelakoa den Pauloren esperientzia.

José Luis Sicre