GARIZUMAKO 2. IGANDEA B 2018-02-25

SARRERA

Senideok, Garizumako bigarren igandea dugu gaur. Jesusen Antzaldatzearen igandea: Jesus dirdaitsu agertu zaie ikasleei. Moises eta Elias, Testamentu Zaharreko bi gizon handi haiek, han zeuden. Ahots bat entzun dute ikasleek: «Nire Seme maitea da hau. Entzuiozue».
Oso argi dago mezua: Jesusi entzun behar zaio, Testamentu Zaharreko Legea eta Profetak ulertu nahi badira. Moisesek eta Eliasek ordezkatzen dituzten Legeaz eta Profetez ari gara.
Halere, arrisku honetan jarraitzen dugu kristauek oraindik: Jainkoa, Testamentu Zaharreko testu askotan ulertzen zuten bezala ulertzekoa. Jainkoa Aitatzat, Maitasuntzat, Errukitzat ez hartzeko arriskua da. Onak saritu eta gaiztoak zigortzen dituen Jainkoa dela pentsatzeko arriskua.
Jadanik ez dugu pentsatuko, Abraham batek hasiera batean pentsatu zuen bezala, Jainkoak seme bat edo alaba bat hiltzea eskatuko digunik; baina ez al dugu uste izaten askotan halakoa edo bestelakoa hil egin behar lukete? Edota ahalako hura eta beste hura ezin da zeruan egon?
Senideok, Jainkoa Jesusengan agertu zaigu. Eta Jesus, galdua den ardiaren bila etorri da, bekatarien bila, gaixoen bila, zapalduen bila. Bizia da Jainkoa. Bizia guztientzat. Jesusek esana dugu: «Ni naiz bidea, egia eta bizia». Bidea, egia eta bizia den Jainko horren testigu izateko deia jaso dugu. Jesusen testigu izateko deia. «Entzuiozue»; ez dezagun ahaztu.

LEHENENGO IRAKURGAIA Hasiera liburutik (22,1-2.9-13.15-18)

Benetan gogorra da entzutera goazen pasartea: Jainkoak Isaak bere seme bakarra opari eskaintzeko eskatu dio, Abrahamen ustez. Azkenean, ordea, Isaak ez hiltzeko esan dio Jainkoak.
Izan dezagun gogoan testu hau oso primitiboa dela. Jainkoari pertsona biziak eskaintzen zitzaizkion garaikoa da. Abrahamen jarrera hau ez da bakarra Itun Zaharrean. Israel herriak bide luzea egin behar izan zuen ohitura hori gainditzeko. Gerora, pertsonak hiltzeko erritu hori beste erritu batez ordezkatu zuten: animaliak hiltzekoaz.
Nolanahi den, Jainkoaren proba bat izan da: Abrahamen fedea ikusi eta egiaztatu nahi izan du Jainkoak, eta argi ikusi du Abrahamen fede sakona.
Alabaina, bada hor beste alderdi bat kontuan hartzekoa. Gaurko bigarren irakurgaiak ikusarazten diguna. Paulok dio: «bere Semeari barkatu ez zion (Jainkoak), baizik eta hiltzera eman zuenak…». Abrahamen jarrera Jainkoaren jarrerarekin konparatzen du Paulok. Abraham prest agertu zen bere semea opari eskaintzeko; Jainko Aita ere prest agertu da bere Seme bakarra gurutzean hiltzen uzteko.
Kristau-tradizioan, Abrahamen opari-asmo hau Jesusen gurutzeko opariaren aurre-irudia da. Halere, har dezagun gogoan, Jainkoak ez diola eskatu Abrahami opari hori; Jainkoak ez duela nahi Jesus gurutzean hiltzea ere.

BIGARREN IRAKURGAIA Erromatarrei egindako gutunetik (8,31b-34)

Entzutera goazena, Pauloren testurik bikainenetakoa da. Bere Semea emateraino iristen den maitasuna da Jainkoa. Alabaina, Jainkoa ez da, bere haserrea baretzeko, Jesusen odola ikusi behar izan duen Jainkoa. Jesusek ez dio eskaini Aitari inolako ordainik. Jainkoak ez digu eskatu ezer gure bekatuaren ordainetan. Jesus ez da gure bekatuen ordaina. Aita da Jainkoa; gurekiko maitasun hutsez bidali du Jesus gure artera, hilko dutela jakinik ere. Eta Paulok dio: «Jainkoa gurekin bada, zein gure kontra?»

EBANJELIOA san Markosen liburutik (9,2-10)

Antzaldatzearen pasadizo hau hiru urteetan entzun ohi dugu. Ez da gauza erraza ulertzeko. Ez du ematen gertaera historiko bat denik. Ostera, ematen du, esperientzia subjektibo bat izan dela: Jainkoaren presentziaren esperientzia bizi eta ezohiko bat. Itun Zaharrean horrelako asko ageri dira. Esperientzia subjektiboa esatean, ez da esan nahi ez dela izan erreala eta egiazkoa. Alderantziz, egiazkotzat ematen ditugun beste gauza asko baino errealagoa eta egiazkoagoa izan daiteke esperientzia subjektibo bat.
Itun Zaharreko sinbolo asko ageri dira gaurkoan ere:
a.- mendia: Bibliako jendearentzat, mendia da Jainkoaren presentziaren leku pribilegiatua; Abraham mendira doa bere semea opari egitera; Moisesi eta Eliasi mendian hitz egin die Jainkoak aurrez aurre, etab.
b.- Pedrok hiru txabola egin nahi ditu. Egiptotik irtetean, israeldarrak txaboletan bizi ziren.
c.- Moises eta Elias: bata legearen ordezkari; bestea profeten ordezkari. Biak ere, Jesusek gainditu ditu.
d.- hodeia eta ahotsa: basamortuan zehar ibili zirenean, hodeia zen Jainkoaren presentziaren gunea.
Eta azkenik, agindua: «Entzuiozue». Utzi mendia eta txabolak, utzi Moises eta Elias, utzi hodeia. Entzuiozue Jesusi; Jesusi bakarrik. Horra mezuaren muina. Jesus da gure gidaria, Jesus da hodeia, Jesus da argia.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Munduan ikusten dugun gaitzaren aurrean, argi-printza baten bila dabiltzan guztien alde. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Munduan, era batean edo bestean, Garizuma ospatzen ari garen guztientzat: nor bere «neu» egoistan hesitu gabe, besteengana bihotza zabalik bizi gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Jainkoaren bila ibiltzeari utzi dioten guztientzat: txinparta edo argi-izpi berri batek beren egoera horretatik aterarazi ditzan. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Bataiorako edo bataioa berritzeko prestatzen ari garen guztiontzat: hasitako bideari ilusioz eta gogotsu eutsi diezaiogun. Eska diezaiogun Jaunari.