Garizumako 1. igandea B (2018-02-18)
HOMILIA
Anai-arrebok!
Garizuma hasi dugu. Zer da, ordea, garizuma? Hitz bitan esateko, Pazkorako prestakuntza da.
Agian, argixeago azalduko digu hori Itun Zaharreko pasarte batek. Irteera liburuko 3. kapituluan dator. Moises Egiptotik ihes egin beharrean gertatu zen. Eta Madianen jarri zen bizitzen. Behin batean, artzain zebilen, eta Jainkoak hitz egin zion. Esan zion: «Ongi ikusia dut nire herriaren atsekabea Egipton, eta entzuna dut haien oihua zapaltzaileen zigorpean… Egiptoarren eskuetatik libratzera etorri naiz eta lurralde honetatik, esnea eta eztia darizkion lurralde zabal eta jori batera igoaraztera…».
Horretarako, Moises hautatu du gidari Jainkoak. Moisesek bere eragozpenak agertu dizkio: nor naiz ni Egiptoko Faraoiagana joateko? Nor naiz ni israeldarrengana gidari bezala aurkezteko? Jainkoak erantzun dio: «Zeurekin izango nauzu» (Ir 3,12).
Senideok, horixe da Garizuma. Jainkoak ikusi du gizadiaren miseria. Ezin jasan du gure egoera. Esnea eta eztia darizkion lurraldera eraman nahi gaitu. Hau da, zuzentasuna, solidaritatea, errespetua, zintzotasuna, ondradutasuna, maitasuna biziko ditugun egoerara eraman nahi gaitu. Gidari, Moises berria bidali digu. Jesus Nazaretekoa.
Jesus horrek ere, Moisesek bezala, bere eragozpenak sentitu ditu. Nor naiz ni eginkizun hori betetzeko? Nor naiz ni gizadiaren aurrean gidari aurkezteko? Jesusek basamortuan eta bizitza guztian sentitu dituen tentazioak dira.
Baina basamortuan sekulako beste esperientzia bat ere bizi izan du. Basamortutik kanpo, otoitzean Aitagana jotzean esperientzia hori bera bizi izan du: «Zeurekin izango nauzu». Jainkoaren aitorpen hori izan du Jesus bere bizi-arnasa. Batez ere, berpiztuko denean, esperimentatuko du esperientzia hau: Aitak onartu duela sumatu du. Datorren igandeko ebanjelioak, Jesusek mendian izan duen Antzaldatzea aurkeztean, Jesusen piztuera ondoko esperientzia horixe entzungo dugu: «Hau da ene Seme maitea; entzuiozue».
Moisesengana bezala, Nazareteko Jesusengana bezala, gugana dator gaur Jainkoa. Gizartea, bizi duen miseria-egoeratik ateratzera gonbidatu nahi gaitu. Ogia eta eztia darizkion lurraldera eramateko. Horra gure Garizuma.
Munduan bizi dugun miseria egundokoa da. Zuzengabekeria egundokoa da. Begiratu besterik ez: lapurreta, ustelkeria, engainua. Mundua kartzela handi bat bihurtzen ari gara; okerrena, ez gara konturatzen; kartzela hori ez da leihoak eta ateak burdinaz josita dituen eraikin edo etxe bat; kartzela birtuala da; gutxi batzuek ezartzen diote mundu osoari zer pentsatu; gutxi batzuek ezartzen diote mundu osoari zer jan; gutxi batzuek ezartzen diote mundu osoari zer lan egin. Okerrena, mundu osoak uste du, berak nahi duena egiten ari dela.
Hau dugu Garizumako ikurra edo lema oihua: «Bihotz-berri zaitez, eta sinetsi Berri Ona». Bihotz-berri zaitez: jar ezazu abian zeure gogoa, has zaitez zeure baitarik pentsatzen, uko egiozu bestek ezarri nahi dizuten pentsaerari; alda ezazu buruan ezarri dizuten klixe hori. Sinetsi ezazu Berri Ona: sinets iezaiozu, askatzera Jainkoak bidali dizun Moisesi; sinetsi iezaiozu Jesusi; sinets ezazu Jesus: bere bizia eman du honek, egiazko askatasuna, egiazko zorionbidea zein den zuri argi eta garbi adierazteko.
Garizuma, senideok, Pazkorako prestaketa da. Argi handirako bidea prestatzea. Une batzuetan, «Aita, zergatik utzi nauzu eskutik» esateko aroa izango da. Azkenean, ordea, «Zure eskuetan uzten dut neure bizia» esateko aukera aparta izango da. Lagun diezagula Moises profeta handiak. Onar ditzagula geure bidelagun Andre Maria eta Jesus berpiztua.
Dionisio Amundarain