URTEKO 6. IGANDEA B, 2018-02-11
SARRERA
Senideok, urteko seigarren igandea dugu gaur. Jesus Kafarnaum hiria utzi eta Galilean barna abiatu da, bere ikasleekin. Jainkoa errukitsua dela hots egin nahi du.
Gaurko ebanjelioak lepradun bat aurkeztu digu, Jesusen oinetan belauniko jarria: «Nahi baduzu, senda nazakezu» esan dio lepradunak Jesusi.
Moisesen legearen arabera, lepradunak debekatua zuen jendearengana hurbiltzea; beraz, lepradun hori legearen kontra joan da. Halere, Jesusek onartu egin du lege-hausle hori. Hori baino gehiago, eskua gainean ezarri dio. Horrenbestez, Jesus bera ere, lege horren arabera, kutsaturik gelditu da.
Gizon da Jesus benetan. Aski izango zuen, lepradunari sendatua zela hitzez esatea. Baina, ez. Jesus oso gizakoia da. Ondotxo daki, nolako inportantzia duen eskua emateak, pertsona batek beste bat maitasunez ukitzeak.
Inoiz pentsatu al dugu zein inportantea den apaizak eskuak buruan jartzea, bai bekatuen barkamena ematean, bai gaixoen oliadurakoan? Eta ez sakramentuen kasuan bakarrik; ez apaizaren kasuan bakarrik. Baita, geure eguneroko bizitzan ere, elkarri eskua ematen diogunean; gaixo bat bisitatu eta eskua ematen diogunean edota musu ematen diogunean.
Bestalde, gaur egun lepradun gutxi dago. Baina, baditugu «lepratzat» jo daitezkeen beste gaixotasun batzuk: hiesa etab. Eta gaixo ez diren beste hainbaten zokoratze ere bai. Jesusen jokabide hura, gaur egun ere indarrean eduki beharko genuke.
Gaur, bestalde, Manos Unidas delako ONG edo Gobernuz Kanpoko Erakundeari jarraituz, gosearen kontrako Ekitaldia egingo dugu. Erakunde horretako batek mahai-inguru batean azaldu duenez, 815 milioi pertsona bizi da goseak. Gandhik esan zuen hura gogoan izan beharko genuke: «Jende txarraren gauza txarren gauzarik izugarriena, jende onaren isiltasuna da».
Bestetik, otsailaren 11 honetan, 160garren urtemuga dugu, Lourdesen Andre Maria lehen aldiz agertu zela (1858). Egun hau gaixoen aldeko eguntzat eman zuen Joan Paulo IIgarrenak 1997an. Ez gaitezen bizi axolagabe gaixoei dagokienez,
LEHENENGO IRAKURGAIA Lebitarrak liburutik (13,1-2.44-46)
Itun Zaharrean, lepra izena azaleko edozein gaixotasuni ematen zitzaion. Gaur egun, lepratzat beste zerbait hartzen da.
Lehenengo irakurgai honetan, Itun Zaharreko arau bat entzungo dugu. Arau horren arabera, lepradun batek ezin izan du inolako harremanik gizartearekin; jendeagandik urruti bizi behar du. Eta ez hori bakarrik: ezin parte hartu du Jainkoari eskainitako kultuan ere. Nolabait esateko, Jainkoaren presentzia salbatzailetik kanpo dago lepraduna
Guretzat itxuragabea da arau hori. Gaur Mezan pasarte hori irakurtzeko arrazoi bakarra, hauxe da: ebanjelioan entzungo dugun lepradunaren egoera argitzea.
Nolanahi ere, oso arazo larria sortzen digu gaurko irakurgai honek: bera bukatzean, «Jaunaren Hitza» dela esan eta entzun beharra. Argi izan behar dugu arau hori ez dela Jainkoaren gogokoa. Beste kasu askotan bezala, interpretatu egin beharko dugu, beraz, testu hori. Nola? Hau izan liteke interpretazio eta esplikazio bat: Jainkoak gorrotoa dio bekatuari, baina ez bekatariari; Jainkoak gorrotoa dio gaixotasunari, guztiok bizi izateko egin gaitu. Pertsona gaixoa besteengandik urrun eduki ordez, hau eskatzen dio gizarteari: trata dezala pertsona gaixoa mimo guztiaz, Jesusek berak gaixoekin jokatzen zuen bezala.
BIGARREN IRAKURGAIA Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik (10,31─11,1)
Gaur entzungo dugun pasartea bere testuinguruan jartzea komeni zaigu. Hain zuzen, «sasijainkoei eskainitako haragia» izeneko zatian dago txertatua pasarte hau.
Korintoarrentzat problema zen: sasijainkoei eskainitako janaria jan al dezake kristau batek?, hori jatea ez ote da idolatria, hau da, ez ote da sasijainkoari eskainitako kultuan parte hartzea?
Paulok garbi dauka. Kultuan berean parte hartzen ez baduzu, idoloei eskainitako haragi hori harategian edo kalean erosten baduzu, lasai jan dezakezu. Alabaina, badu Paulok «baina» bat; batzuek ez dute hau ulertzen hori; halako pertsona ezjakin baten aurrean jatea, halako pertsona horri min ematea izango litzateke; beraz, pertsona ezjakin horren maitasunagatik, ez zenuke jan behar halako haragi hori.
Gaur egun, nekez gertatuko zaigu horrelako kasu zehatz bat. Baina burubidea hor dago. Maitasunagatik, ez zenuke egin behar berez zilegi izango litzatekeen gauza bat. Lege guztien gainetik, beraz, maitasuna.
Irakaspen horren guztiaren konklusio bezala dator gaurko pasartea. Edozer gauza egiten duzuela –jan, edan eta beste edozer gauza–, egizue dena Jainkoaren aintzarako. Bestetik, ez eman inori gaitzerako biderik; izan buruan, helburu bezala, gizon-emakume guztiak salbatzea.
EBANJELIOA san Markosen liburutik (1,40-45)
Ustekabean, lepradun bat etorri zaio Jesusi, senda dezan eskatuz. Jesusek, jakina, sendatu egin du.
Testamentu zaharrean ere izan da lepra sendatu duen profetarik. Eliseo profetak Siriako handiki bat sendatu zuen. Eliseo, ordea, ez zen joan Nahaman handiki hura ikustera ere; morroi baten bidez adierazi dion: bainatu Jordan ibaian zazpi aldiz.
Jesusek, berriz, sendatzeaz gainera, errukia agertu dio. Buruan bere eskuak ezarri dizkio. Ondo asko daki Jesusek legearen kontra ari dela. Baina legearen gainetik eta aurretik, pertsona jarri du Jesusek.
Benetan, kontsolagarri gertatzen zaigu Jesusen bihotz hori ikustea: guztiez errukitu da eta guztien solidario egin da; batez ere, miseria handiena sufritzen dutenen solidario. Lepradunaren kasu honetan bezala, Jesusek onartu, sendatu egiten ditu gizarteak zokoratu dituen pertsonak.
Gaurko gizartean ere bada zokoratua den jenderik. Baztertua. Aldi berean, Jesusek sendatu duen lepradunak bezala, eskerrak eta gorespena eman beharko genizkioke Jainkoari, bizia eman digulako, beraren lankide izateko. Eta lepradun sendatu horrek bezala, Jainkoak egin dituen gauza handiak aldarrikatu beharko genituzke. Adibidez, neuri, geuri bizia eman izana.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Mundu osoan, gizarteak lanik gabe utzi duen jendearentzat: beren egoera latzean, indartsu oihu egin dezaten, eta duintasunez bizitzeko eskubidea gizarteak errespeta dezan. Eska diezaiogun Jaunari.
2.- Gure gizarte honetan zokoraturik bizi diren guztien alde; halakoen duintasuna defenditzen saia gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.- Kristau-elizen alde: Jesusi leial izanik, pertsona zapaltzen duten langa guztiak hausten saia gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
4.- Munduan goseak bizi diren milioika pertsonen alde: bizi garen gizon-emakumeentzat baino gehiago produzitzen dugun jateko hori banatzeko oihua aldarrikatu dezaten, gu geu lagun gaituztela. Eska diezaiogun Jaunari.