URTEKO 5. IGANDEA B 2018-02-04

SARRERA

Senideok, urteko bosgarren igandea ospatzen dugu gaur. Gai desberdin asko aipatzen digute irakurgaiek.
Lehenengo irakurgaiak Job dakarkigu gogora. Joben liburuaz, gaurko liturgiako pasarte hau bakarrik hartuko bagenu, negargarria izango litzateke Joben liburu hori. Baina, zorionez, hori baino zabalagoa da liburu osoaren ikuspegia. Bestalde, norbaitek galdetuko du: Zergatik aukeratu da liturgiarako hain negatiboa eta ezkorra den pasarte hau? Erantzuna: Joben ikuspegi kaskar hori eta gaurko ebanjelioko Jesusen ikuspegi gizakoia eta baikorra elkarrekin alderatzeko, elkarrekin konparatzeko. Biak oso desberdinak: Job gaixo, etsita, lur jota; Jesusen mundua argitsua: gaixoak esperantzadun, «denak zure bila dabiltza» esango die ikasleek Jesusi.
Bigarren irakurgaian, pertsona jator ageri zaigu Paulo. Beretzat onurarik bilatu gabe, inoren mende jarri gabe, mundu osoari hots egin nahi dio Jesusen Berri Ona.
Ebanjelioan, hainbat gai handi ageri dira. Pedroren amaginarreba sendatu; gaixoak Jesusen bila; Jesus ezin gelditu bere ezagunen ondoan, urrunekoei ere berri ona hots egin beharra.
Har dezagun, irakurgaien mezua eta mezan ospatzen dugun Jesusen misterio handia barneratzeko jarrera.

LEHENENGO IRAKURGAIA Joben liburutik (7,1-4.6-7)

Lehenengo irakurgaia, Job-en liburukoa da. «Nobela» bat da Job-en liburu hori. Hasieratik bukaerara, sufrimenduaren problematika agertzen digu nobelak honek. Oso era bizian agerturik. Job da protagonista. Bat-batean lur jota gelditu da; dena galdu du: ondasunak, seme-alabak, osasuna. Lagunek ezin ulertu dute Job: bizitzatik kanpoko jarreraz bizi dute teologia.
Benetan, sufritzen ari den fikziozko pertsonaia baten istorioa da nobela hau. Baina liburuan barna gizadiaren misterio handia ageri da: zergatik niri ezbehar hau?, sufrimendu hau?, heriotza hau? Gaurko pasartea alde horretatik hartu behar da. Gaurko pasarte honetako Joben jarrera ez bezalakoa agertuko digu liburuaren bukaerako Jobek. Batez ere, ordea, gaurko ebanjelioko giro esperantzaduna zaigu axola.

BIGARREN IRAKURGAIA Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik (9,16-19.22-23)

Korintoarrei egindako gutuneko pasartea entzungo dugu orain. Korintoarrei hitz egiten die Paulok, eta gaur guri. Bada jenderik, gaur egun, Pauloren kontra hitz egitera ausartzen denik: misoginoa dela, hau da, emakumeen kontrako joera eta jarrera dituela; Jesusek egin zuenaren kontra, Eliza sortu duela etab.
Bere garaian ere, kontrako jende asko izan zuen; batzuetan ulertzen ez ziotelako; beste batzuetan ondoegi ulertzen ziotelako, baina bizieraz aldatu nahi ez zutelako.
Esan dezagun, Paulo gizon jator-jatorra da; hori bai, bere garaiko eta garai hartako kulturako gizona (ezin izan besterik); baina Jesusen Espirituari leial izan zaion gizona da, eta munduari berri ona hots egiten leial-leiala.
Berak aitortzen digu: neure eginkizun hau ez dut neuk aukeratu; beste norbaitek leporatu dit; ez dut hura hots egin beste erremediorik; «zoritxarrekoa ni hots egiten ez badut!»
Baina ez da beste baten mezua hots egitea bakarrik; hots egiteko modua ere beste batena du, Jesusena. Hona zer esaten duen: «ahul bihurtu naiz ahulekin, guztien izaerara egokitu naiz. Eta hau guztia, Ebanjelioagatik egiten dut».

EBANJELIOA san Markosen liburutik (1,29-39)

Gaurko ebanjelio honetan lau pasadizo nagusi ageri dira. Lehenik eta behin, joan den igandeko pasadizoaren jarraipena da: Kafarnaumeko sinagogan hitz egin zuen, eta jendea harriturik utzi zuen. Hona lau pasadizoak:
1.- Lehen pasadizoa: Kafarnaumeko sinagogatik irtenik, Pedroren eta Andresen etxera doa. Pedroren amaginarreba sendatu du han.
2.- Bigarren pasadizoa: Jendeak gaixoak dakarzkio etxe atarira, senda ditzan. Gaixo-pilo handia.
3.-Hirugarren pasadizoa: Bezperan berandu arte jendeari kasu egiten emanik ere, goizean goiz, inori ezer esan gabe, leku bazter batera doa Jesus, zeruko Aitarekin hitz egitera.
4.-Laugarren pasadizoa: Ikasleek Kafarnaumen geldiarazi nahi dute Jesus; baina beste leku askotan ere hots egin behar duela adierazi die berak.

HERRIAREN OTOITZA

1.- Gosea, gerla, kartzela, abandonua jasaten ari diren guztien alde: kristauongan laguntzailerik eta lagunik aurki dezaten; beren bizitza hobetzeko konpromisoa hartuko dutenik, alegia. Eska diezaiogun Jaunari.
2.- Gaurko bigarren irakurgaiko Job bezala, erdi etsirik bizi direnen alde: sendagileengan, erizainengan esku leun eta maitasunezkorik ikusi eta bizi dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
3.- Munduan aintzat hartuak ez diren herrien alde: familia bezala, herri izatea, talde berezi izatea, erlijio-talde izatea errespetatzen ikas dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Eukaristia hau ospatzen ari garenon alde: estu-estu bat egin dezagun, munduan, Jesusen misioarekin, misio hori geure misio edo eginkizun bihurtuz. Eska diezaiogun Jaunari.