Urteko 4. igandea B 2018-01-28
HOMILIA

Anai-arrebok!

Jesusek aginpidez hitz egiten zuen. Eta ez lege-maisuek bezala. Hauek errepikatu besterik ez zuten egin, besteek esandakoa errepikatu. Jesusek, berriz, aginpidez hitz egiten zuen. Oso gogoan hartzekoa dugu hori: nola hitz egiten dut nik?, nolako biziera bizi dut nik?

Lehen irakurgaian, Jaunak esan dio Moisesi, beste profeta bat bidaliko duela. Profeta ez da geroko gauzak asmatzen dituen pertsona bat. Jainkoaren izenean hitz egiten duena da. Mundua interpretatzen duena.

Adibidez, zer esan nahi du, duela gutxi Bizkaian gertatu denak: 14 urte mutiko batzuek adin handiko bi pertsona hil! Hiltzaileak ez dira, ez 20 urtekoak, ez 30 urtekoak, ez 40 urtekoak. Ez dira ere emakumeak hil dituzten gizonezko. Ez dira ere, kristauak hil dituzten musulman muturreko. Zer esan nahi du hiltze zehatz horrek. Zer dago jokabide horren hondo-hondoan? Zer esango luke horretaz profeta batek?

Entzun ditugu komunikabideetan erantzun batzuk. Batzuek esan dute, Bilboko zona horretan, polizia gutxi zegoela. Beste batzuek esan dute, gure gizartean dagoen ekonomiaren eta beste gauza askoren aldea dela gertaera horren kausa edo sorburua. Beste batzuek esan dute, ezin dela baztertu erabat horrelako gauzak gertatzea. Etab.

Arrazoi horiek baztertu gabe, ez al genuke esan behar, hor azpian gizon-emakumeen zabarkeria dagoela?, gizon-emakumeen axolagabekeria dagoela?, gizon-emakumeen alferkeria dagoela?, gizon-emakumeen erosokeria dagoela?, gizon-emakumeen indibiduokeria dagoela?, gizon-emakumeen «ni neuretzat eta besteak hor konpon» pentsatu, esan eta bizitzea dagoela?

Nolatan iritsi dira 14 urteko mutiko horiek jarrera horretara? Ez al digu adierazten egintza horrek, gurasoak ezin konformatu direla seme-alabak mundura ekartzearekin?, ez al digu adierazten egintza horrek, eskola ezin konformatu dela informazio lehor eta bizigabe bat ematearekin?, ez al digu adierazten, telebistan ikusten denak, irratian entzuten denak, kalean ikusten denak baduela zerikusi handia egintza horrekin?

Senideok, Jesusek aginpidez hitz egiten zuen. Esan nahi da, ez zela gelditzen axaleko gauzetan. Esan nahi du, bizitzako eta munduko arazoei irtenbidea aurkitzeko moduan hitz egiten zuela. Esan nahi du, biziaren egile nola izan erakusteko moduan hitz egiten zuela: ez norberaren bizia bakarrik, baizik eta bizia oro har: gizaki guztiena, animaliena, naturarena, lurrarena, kosmos guztiarena. Esan nahi du, bizia gero eta biziago nola bizi erakusteko moduan hitz egiten zuela. Esan nahi du, biziari zentzu bat nola eman ikusteko moduan hitz egiten zuela.

Geure bizitzan, egia diren gauza asko komunika ditzakegu, baina ezer gutxirako balio dutenak. Haur bati, gaztetxo bati, «ondo portatu zaitez» esaten badiogu, ez diogu ezer esaten. Esan eta geure bizieraz agertzen badiogu, ondo portatzea besteei on egitea dela; esan eta agertzen badiogu, barkatzen jakitea dela; esan eta agertzen badiogu, dirua ez dela dena; esan eta agertzen badiogu, ongi portatzea ez dela egun osoa makinatxoaren mende bizitzea… Esan eta agertu. Esan, eta esaten dena norberak egin. Orduan beste gauza bat izango litzateke gure mundu hau.

Azken batean, Jesusek egin zuena. Jesusen hitz egiteko moduaz jendea harriturik agertu zen. Markosen gaurko ebanjeliotik ezin atera dugu zer esan zion. Baina hitz egiteaz aparte, gaixo zegoen gizon bati osasuna eman zion. Eta Jesusen jokamolde hori ez zen mugatu egun batera. Ebanjelioan, behin eta berriz ageri da jendeari hitz egiten, jendeari on egiten. Bere buruari eroso bizitzea ukatuz. Jende askori, entzun nahi ez zuena esanez. Bere bizia arriskuan ezarriz. Gizon-emakume guztiak salbatzeko, bere burua eskainiz.

Senideok! Ez dezagun engainatu geure burua. Ez da aski munduan gertatzen diren zorakeriak deitoratzea. Zorakeria horien sustraira joan behar dugu. Zorakeria hori sustraitik nola atera ikusi eta jarduteko. Jesus maiteak lagundu gaitzala.

Dionisio Amundarain