Bi erreakzio Jesusi dagokionez (Markos 1,21-28)
Urteko 4. igandea B (2018-01-28)
Markos ebanjelariak Galilean barna dabilela aurkeztu digu Jesus: Jainkoaren Erregetzaren Berri Ona hots eginez dihardu. Baina ez du azaldu jendeak nola erreakzionatu duen. Badakigu lau mutil gaztek, Jesusek erakarririk, dena utzi dutela berari jarraitzeko. Eta gainerako jendeak? Nola erreakzionatu du? Hauxe izango du Markosek ebanjelioaren lehen kontakizun luzearen gaia.
Entzuleen harridura
Galileako herririk garrantzizkoenetako batean kokatu gaitu Markosek, Kafarnaumen; Damaskorekiko komunikazio-gunea da. Larunbat batean, sinagogara joan da Jesus eta irakasten hasi da. Baina Markosek ez digu zehaztu haren irakaspena. Axola zaiona, entzuleen erreakzioa da: «zur eta lur gelditu ziren haren irakaspenaz, ez baitzuen irakasten lege-maisuek bezala, baizik eta aginpidez». Bitxia da ideia; izan ere, lege-maisuak ez ziren jende prestatu gabeko eta ezjakinak, ez zuten jotzen edozein zorakeria esatera ataka zail batetik irteteko. Formazio luze eta sakona izan ohi zuten. Halere, jendearen ustez, aginterik gabe irakasten zuten, norberaren ideiarik gabe, ekarpen berririk egin gabe. Jesusek, berriz, guztiz harritu ditu agertzen duen aginpideaz. Zer esan zuen, ordea, uste hori eragiteko? Markosek ez du zehaztu; beste bat du bere asmoa: irakurlearen jakin-mina esnatu nahi du eta ebanjelioa gogotik irakurtzen jarraitzera eragin.
Deabru gizajo baten ukoa
Baina, denak ez datoz bat entzun dutenarekin. Bada bat aurka erreakzionatu duena: deabrudun bat. Izatez, deabru gizajo bat da. Ez du aurkako gogortasunik aurkeztu. Soilik, protestatu egin du, ezagutu du bereak gaindituak daudela, eta bertan behera utzi du guda-lekua, bihur-bihur eginik eta ihesi.
Funtsezkoak dira Markosek haren ahoan ipini dituen hitzak: «Zer nahi duzu gugandik, Jesus Nazaretarra? Gu hondatzera etorri al zara? Badakit nor zaren: Jainkoaren Santua». Hitz horiek laburbiltzen dute Jesusen eta haren jardueraren misterioa.
Itxuraz Nazareteko gizon soil den hura, Jesus izeneko hura, «Jainkoaren Santua» da egiaz. Oso arraroa da titulu hau. Kasu honetan bakarrik ageri da, Lukasen leku paraleloan eta Joanen ebanjelioan: jende askok Jesus bertan behera uztean Pedrok dioen hartan: «Guk sinetsi dugu eta aitortzen zu Jainkoaren Santua zarela» (Joan 6,69). Baina, Pedrok eta gainerako ikasleek, fede-proba bat gaindituz, azkenean aitortu duten hori, hasieratik daki deabrudunak. Jesusen misterioa aurkitzea izango da ebanjelioaren irakurlearen egiteetako bat.
Jesusen jarduerari dagokionez, deabrudunaren galderak argi eta garbi utzi du: deabruak eta Satanasen boterea hondatzera etorri da. Irakurle modernoari, hizkuntza arrotza gerta dakioke. Guk, izan ere, nahiago dugu gaitzaren kontrako borrokaz hitz egin, gaitzaren indarren gain ongiak lortutako garaipenaz. Markos, ordea, beste koordenatu kultural eta erlijioso batzuetan mugitzen da.
Satanasen aurkako gerla eta espiritu likitsak
Ongiaren eta gaizkiaren arteko gerlatzat hartu du ebanjelioa Markosek. Bataioaren ondoren, berehala, basamortura eragin dio Espirituak Jesusi, eta Satanasek tentatu du han, aingeruak zerbitzari dituelarik. Markosek ez digu kontatu tentazioetako bakar bat ere. Bi arerioak borrokan aurkeztera mugatu da: Jesus eta Satanas. Eta gerla hori gudu batean jarraitu dute, zeinetan erraz atera baita Jesus irabazle Satanasen soldatu baten aurka.
Deabruaz dugun ideia geroagoko ideiek markaturik dugunez, gogorarazi nahi dut, Markosen ebanjelioan espiritu likitsek bi ezaugarri nagusi dituztela:
a) Garaiko medizinarentzat argitzeko konplexuak ziren kasuak azaltzeko balio dute. Markosengan bi pasadizo dauzkagu partikularki sonatuak: Gadarako deabrudunarena (Markos 1,23.26; 5,2.8.13) eta epilepsia jasaten duen haur gormutuarena (9,14-29): espiritu mutu batek hartua bezala ageri da (17. tx.), mutua eta gorra (25. tx.). Emakume kanaandarraren alabaren kasuan (7,25), ez dakigu gaitza zertan datzan.
b) Jainkoaren asmoaren kontra ageri dira errotik. Funtsezkoa ez da jendeari egiten dioten kaltea, baizik eta Jesusen jardueraren protesta egiten dute. Deabrudunak aitortzen du Jesusen boterea, badaki bai nor den, bai zein misio duen: bera hondatzea. Ezaugarri hau bera leporatzen zaie espiritu likitsei 3,11n.
Jesusen jardueraren funtsezko alde bat deabruak botatzea da (1,34.39). Ikasleek ahalmen hori bera hartu dute Jesusengandik halakoen aurka (6,7), nahiz eta batzuk botatzeko oso gogor diren, halakoen kasuan otoitza behar da (9,28-29).
Baina Markosek argi eta garbi utzi du, Jesusen areriorik arriskutsuenak ez direla deabruak, baizik eta gizakiak. Azkenean, hauek hilko du Jesus.
Azken miresmena
Deabrua alde egina delarik, sinagogara etorriak dira protagonista. Irakastean Jesusek agertu zuen aginpideaz harritu ziren lehenago. Orain zur eta lur gelditu dira espiritu likitsen gain ere aginpidea duela ikusi dutelarik. Eta galdetu dute: «Zer da hau?» Zer ari da gertatzen hemen?
Zein izango da gure erreakzioa?
Markosek bi erreakzio aurkeztu ditu, bat bestearen aurkakoak, Jesusi berari eta beraren jarduerari dagokienez: harridura eta ukoa. Horrenbestez, bistan da zer espero dezakeen irakurleetako bakoitzaren aldetik. Pentsalari greziar batek zioen, «harridurak filosofatzera eraman zituela gizakiak». Markosek, horren antzera, iradoki du, abiapuntua Jesusengan sinesteko harridura dela. Jendeak egin duen «zer da hau?» galdera «nor da hau?» bihurtuko da pixkana.
Oharpena lehen irakurgaiaz
Jainkoak promes egin du, Moises hil ondoren, profeta bat, hobeto esan, profeta-sail bat sustatuko duela, beraren hitza herriari eskualdatuko diona. Deuteronomio liburuko testu hau hartzean, liturgiak gogarazi digu, profeta hori Jesus dela. Nola nahi ere, ebanjelioak ez du aurkeztu nahi Jesus profetatzat, ez du esaten ere beraren hitzarekiko erantzuna obedientzia dela, baizik eta harridura. Irakurgaia ez dator hari-harira.
José Luis Sicre