Urteko 3. igandea B 2018-01-21
HOMILIA
Anai-arrebok!
Lehen irakurgaiak eta ebanjelioak bi gauza nagusi aurkezten dizkigute: batetik, Jainkoak gizon-emakume guztien zoriona nahi du, israeldar izan, pagano izan; katoliko edo kristau izan, beste erlijio bateko edo sinesgabe izan; bestetik, munduan ez da bekaturik, gainditu ezin denik; horretarako, Jainkoaren deia entzungo duten Jonas profeta asko behar.
Munduan jende asko da, fededun naiz esateko, Aita Santua nolako den, Gotzaina nolakoa den, Apaiza nolakoa den ikusi behar izaten duena. Baina Aita Santuaz aparte, Gotzainaz aparte, Apaizaz aparte, zenbat jende Jesusen mezuaren muina bere egin eta benetan bizi duena! «Denbora bete da, hurbil da Jainkoaren Erreinua. Bihotz-berri zaitezte eta sinetsi Berri Ona». Horixe da Jesusen mezuaren muina. Zergatik ez hartu kontuan mezu hori bere egin duen, mezu hori bizi duen jendea?
«Denbora bete da». Joan Bataiatzailea «denbora edo ordua» prestatzen jardun da. Bera ez da Mesias. Jendearen bihotza prestatzen saiatu da. Denbora berri bat aldarrikatu du. Baina bazen jende bat, orduan ere, egonean konforme zegoena. Denbora berririk nahi ez zuena. Eta, azkenean, garbitu egin dute Joan Bataiatzailea. Baina Joanen predikua hazi emankorra izan da. Batez ere, Joanek eman duen odolak betetzat eman du prestaera. Hala ikusi du Jesusek. Eta Joan hil orduko, denbora berria hots egiten hasi da Jesus.
«Hurbil da Jainkoaren Erreinua». Egundoko gertaera da hau. Jainkoak modu berezian hartu nahi izan du parte gizon-emakumeen artean. Jesusen Jainkoa ez da sasi-jainkoak bezalakoa. Jesusek, egoismoaren, zuzengabekeriaren, elkar suntsitzearen kontra dagoen Jainkoa hezurmamitu du. Maitasuna da Jesus. Zuzentasuna da Jesus. Elkartasuna da Jesus.
«Jainkoaren Erreinua». Neskame-morroiena ez, baizik seme-alabena, anai-arrebena da Jainkoaren Erreinua. Jesus bera da Jainkoaren Erreinua. Gu bezalako gizaki egin da Jesus. Baina, gu ez bezala, gizaki guztiz zintzoa. Horregatik diogu: «Jainkoaren Erreinua hasi da Jesusekin»: Jesus etorriz gero, ezin esan dugu: munduan ez da egiazko zuzentasunik; Jesus egiazko zuzentasuna da.
«Bihotz-berri zaitezte eta sinetsi Berri Ona». Jainkoaren Erreinua etorri izanak, Jainkoaren Erreinua hasi izanak, erantzun bat ematea eskatzen digu. Beste jarrera bat eskatzen digu. Jainkoa beste modu batean hartu behar dugu. Hitz batean esateko, Jesusengan konfiantza osoa eta betea izatea esan nahi du. Jainkoaren Erreinua hasi dela sinesteak, zirrara esan nahi du, harridura eta txundidura, egundoko bihotz-talka edo bihotz-kolpea esan nahi du. Poza eta pozik bizitzea esan nahi du. Eragina esan nahi du, Berri On horri munduan zabaltzeko.
Juduek erreinu-mota asko ezagutu zituzten. Ezagutu zuten Herodes Handi odolzale eta zapaltzailearen erreinua. Ezagutu zuten makabearren ondoren izan ziren asmoneoen erreinua ere, greziarrak eta erromatarrak baino zapaltzaileago izan ziren haiena. Ezagunak zituzten Daviden, Salomonen eta bi hauen ondorengo erregeen erreinuak ere. Jesus beste Erreinu batez mintzo da: pobreen, zapalduen, presoen, gaixoen, bekatarien… erreinuaz mintzo da Jesus, batez ere. Baita erreinu unibertsalaz ere.
Lehen irakurgaian, Jonas profetaren bitartez, Jainkoak iradoki eta aurkeztu digun erreinua da Jesusek hots egin duena. Jonasek ez zuen joan nahi izan Ninivera. Uste zuen, juduen kontrako herria zela hura, bekatuari emana zela. Baina, azkenean, Jainkoaren hitza indartsu agertu zen. Azkenean, gogoz kontra bazen ere, Jonas Ninivera joan zen penitentzia eta bihotz-berritzea hots egitera. Ezusteko handia izan zuen Jonasek: Ninive konbertitu egin zen. Jainkoak garbi agertu zion: batetik, Jainkoak gizon-emakume guztien zoriona nahi du; bestetik, ez da bekataririk, Jainkoaren laguntza bitarteko dela, konbertitu ezin denik, eta Jainkoaren laguntza gizon-emakumeok hezurmamitzen dugu, bata bestearen lagun izanik.
Senideok, Jesusek hots egin duen Jainkoaren Erreinuak bihotzez pobre direnen esperantza izaten jarraitzen du. Guri dagokigu Erreinu horren ikurrina gora eta gora jasotzea. Lagundu gaitzala Jesusen Espirituak.
Dionisio Amundarain