URTEKO 3. IGANDEA B 2018-01-21
SARRERA
Senideok, urteko 3garren igandea ospatzen dugu gaur. Ebanjelioari dagokionez, Markosen ebanjeliora itzuli gara.
Lehenengo irakurgaiak esango digu, paganoek kasu egin diotela Jonas profetaren hitzari, honek bere mezuan sinesten ez badu ere: ez baitu uste, ninivetarrek kasu egingo diotela. Edonola ere, irakurgaiak adierazten digu, Jainkoaren maitasuna ez dela mugatzen judu-herria maitatzera, baizik eta gizon-emakume guztiak egin nahi dituela zorioneko.
Ebanjelioan, berriz, Markosek azpimarratu du, Joan Bataiatzailearen eginkizuna jarraitzea erabaki duela Jesusek. Izan ere, Bataiatzailea atxilotu egin dute, eta haren mezulari-lana hutsik gelditu da. Halere, beste hari bati helduz joko du Jesusek. Hitz hauekin hasi du Jesusek bere mezularitza: «Jainkoaren erregetza hasi da agertzen». Esapide hau da Jesusen predikuaren giltzarria: Jainkoaren erregetza. Kontua ez da Jainkoa errege izatea. Esan nahi du, Jainkoa gure artean presente egiten hasia dela: Jainkoaren asmoa munduan gauzatzen hasia dela. Hain zuzen, Jesusek bete-betean gauzatu du Jainkoaren asmoa, eta Jesus gizon-emakume guztien hasikin eta ordezko dugu.
Beraz, Jesus bera izan da lehena Jainkoaren asmoa betetzen: errukia eta maitasuna biziz, besteen alde buru-eskaintza eginez.
Horrela, Jainkoa zer den agertu digu Jesusek. Guk geuk zer egin behar dugun. Lehenik eta behin, Jainkoaren erreinu horretan sinesten badugu, burubidez edo mentalitatez aldatu beharra dugu, Jesusengan konfiantza osoa ezarriz. Horrela, mundu honen historiaren norabidea alda dezakegu. Benetan handia da Jainkoak aitortu digun duintasuna: bere lankide izatea.
LEHEN IRAKURGAIA Jonas profetaren liburutik (3,1-5.10)
Jonas, berak nahi gabe izan da profeta. Ninive hiriari konbertsiorako deia egiteko mandatua hartu du Jainkoagandik. Baina Ninive paganoa da, ez da israeldarra. Kalte handia egin zien juduei. Jonasek uste du, ninivetarrek ez diotela kasurik egingo. Okerrari emana den hiria da, pentsatzen du Jonasek.
Bi arrazoirengatik gertatu zaio zaila Jonasi prediku hori egitea: batetik, judu askok ez zuen harremanik izan nahi paganoekin; judu asko fundamentalista zen; Jonasek ere burubide hori du: juduena bakarrik da Jainkoa, uste dute. Bestetik, Ninive hiri handia da; oker bizitzeari emana; Jonasek ez du ikusten fruiturik Niniven. Horregatik, Jainkoaren gomendioari ihes egiten saiatu da. Azkenean, ordea, gogoz kontra bada ere, Ninivera joan beharra sentitu du konbertsioa predikatzera.
Bai, Jainkoaren indarra handia da. Batetik, gizon-emakume guztiak salbatu nahi ditu, eta ez juduak bakarrik. Bestetik, Jainkoaren hitza euri-ura bezala da; ez da itzultzen bere lekura, lurrean hazia ernearazi gabe. Azkenean horixe gertatu da Niniven ere..
BIGARREN IRAKURGAIA 1 Korintoarrei gutuna (7,29-31)
Korintoarrei egindako lehen gutuneko 7–10 kapituluetan, Korintoko kristau-elkarteak dituen hainbat problemaz ari da Paulo. Gaurko pasarte hau, ezkongabeez eta alargunez mintzo den pasarte luzeago baten zatitxoa da. Historiaren, munduaren, azkena hurbil ikusten du Paulok. Ikuspegi horrek, mundu honetako gauzak asko erlatibizatzera darama gure autorea.
Hain zuzen, gaurko pasarte labur hau hitz hauekin hasten da: «Aldia laburra da». Eta beste hitz hauekin bukatzen: «Mundu hau, orain ageri zaigun itxuran, desagertzeko puntuan dago».
Nolanahi ere, munduaren azkenaz Paulok duen ikuspegia partekatu ezin badugu ere, gogoan hartzekoa da Pauloren gomendioa: mundu hau bukatuko da gutako bakoitzarentzat; esku artean ditugun gauza guztiak bukatuko dira gutako bakoitzarentzat; zentzuzkoa da hori gogoan izatea. Gogoeta horri darion galdera da: Nola bizi daiteke kristau bat behin-behineko diren gauzen, erakundeen, egituren artean? Gauza horiek beharrezkoak ditugu, jakina; bizitzak aurrera jarraitzen du, jakina; alabaina, hau da Pauloren burubidea: ez dugu zertan utzi pozik bizitzeari, baina bizitza hau «ez balitz bezala» bizi behar dugu. Hitz batean esateko, behin-behinekotasuna kaskoan dugula bizi behar dugu. Erromes bezala. Jomuga nolako, bidea halakoa.
EBANJELIOA San Markosen liburutik (1,14-20)
Ebanjelioaren lehen zati handi honetan (1,14–8,26an), Jesusek Galilean hots egin duen mezua eta gauzatu duen bizitza dakartza Markosek. Bere lema edo ikurritz handia, hauxe izango du Jesusek: «Bete da epea, iritsi da Jainkoaren Erregetza: Bihotz-berri zaitezte eta sinetsi Berri Ona»
Jesus ez da joan Jerusalemera Jainkoaren Erreinuaren berri ematera. Ez da joan jende handikien artera. Galileako jende xumearen artean hasi da hitz egiten. Hor hasi du Jainkoaren Erregetzarako bidea. Joan Bataiatzailea, arriskutsua zelako, baztertu egin dute agintariek. Hartan, zerbait egin beharra iruditu zaio Jesusi. Baina Joanena ez bezala bide bat hartu du. Ez da geldituko leku batean, jendea beragana noiz eta nola etorriko zain. Jesus ibiltari hasi da. Bera doa jendeagana. Joan Bataiatzailea Jordan ibai ondoan gelditu zen. Jesus jendea bizi den lekura doa.
«Iritsi da Jainkoaren erregetza». «Bihotz-berri zaitezte». Kontua ez da penitentzia eta mortifikazio handiak egiten hastea. Jesusen bidea hartzea da kontua: jendeari bai esatea, pobreari, bekatariari, zapalduari eskua luzatzea.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Goseak eta egarriak hiltzen ari diren milaka eta milaka haurrentzat: mendebaldeko gure mundu hau kontura dadin, ezin dela munduan bakerik izan, izurrite honek bizirik jarraitzen duen bitartean. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Misiolarien alde: beren ingurumenean izurrite edo miseria hau ikusirik, adorea gal ez dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Geure ingurumeneko gurasoen alde: beren seme-alabek bizi duten ingurugiroa sakon ezagutzen saiatu eta giro hori, neurritxo batean bederen, aldatzen saia daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Geure burua fededun aitortzen dugunontzat: gure fedea hitz huts izan ez dadin, baizik eta Jesusen egiazko jarraitzaile izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.