Urteko 2. igandea B 2018-01-14
HOMILIA
Anai-arrebok!
Eguberrialdiko jai handiak fedez eta esperantzaz bizi izan ditugu. Orain, Urtekoa deitzen dugun aldia hasi dugu. Aldi honetan, Jesusek jendaurrean bizi izan duen bizitza ezagutzen, bizitzen eta geure egiten saiatuko gara. Igandez igande, Jesusen bizitzako pasadizo bat aurkeztuko digu liturgiak. Aprobetxa ditzagun igande hauek ebanjelioa hobeto ezagutzeko, eta ezagutuz geure bizitzaren arnasa bihurtzeko.
Gaurko igande hau, bokazio-igandea da. Bai lehen irakurgaian, bai ebanjelioan bokazio berezien pasadizoak entzun ditugu.
Lehen irakurgaiko bokazioa oso bizia eta piktorikoa da, oso grafikoa. Samuel profetaren bokazioa da. Samuel, amak Jaunari hala hitz eman ziolako, Tenpluan bizi da, Eli apaizaren ardurapean. Gau batean ahots bat entzun du. Jaiki eta apaizagana doa Samuel, hark deitu diolakoan. Hiru aldiz gauza bera. Azkenekoan, Elik esan dio: Ahotsa berriro entzuten baduzu, erantzun: «Hitz egizu, Jauna. Erne duzu zeure zerbitzari hau».
Samuelek apaizaren laguntza-beharra izan zuen bere bokazioa ezagutzeko. Israel herriko profeta handienetakoa izan zen.
Ebanjelioan, berriz, Jesus ageri da. Bere misioa betetzen lagunduko dioten lagunen bila dabil. Hartan, Joan Bataiatzaileak ikusi du Jesus, eta esan die alboan dituen bi ikasleei: «Hona Jainkoaren Bildotsa».
Bataiatzaileak bere bi ikasleei egindako gonbita da: Zoazte, horri behar diozue jarraitu, eta ez niri. Zenbat aldiz entzuten eta esaten dugun «bildotsa» izena. Biblian askotan erabiltzen da izen hori. Adibidez:
Hasiera liburuan, 22. kapituluan Abraham prest dago Isaak bere semea Jainkoari eskaintzeko. Baina bat-batean entzun du goitiko ahotsa: Abraham, ez hil zeure semea. Eta berehala inguruan bildots bat ikusi du, eta hura eskaini dio Jainkoari semearen ordez. Zerutik jaitsi den bildotsa da; bere gain hartu ditu bildotsak gizon-emakumeon bekatuak.
Irteera liburuan, 12. kapituluan, Egipton israeldarrek bildotsa hil dute afarirako. Haren odolaz ateak busti dituzte, eta aingeru hiltzaileak ez die kalterik egin israeldarrei.
Profetek ere aipatzen dute opari egindako bildotsa; bildotsa mutu doa, ez du ahotsik irekitzen. Joanen ebanjelioan, Jesus da benetako bildotsa: bere gain hartu du munduko bekatua.
Joan Bataiatzailearen ikasleek Jesusi jarraitu diote, ordu arteko Joan beren maisua alde batera utziz. Ez dakite nora eramango dituen Jesusek. Handik pixka batera, Jesusek galdetu die: «Zeren bila zabiltzate». Eta biek: «Non bizi zara?» Eta Jesusek: «Etorri eta ikusiko duzue».
Bokazioa ez da norberak asmatutako bide bat. Jesusen deia da. Bokazioa ez da, arrazoiak emanez, norbait konbentzitzea; «etorri eta ikusiko duzue» esan die Jesusek. Jesus ezagutzea da bokazioa funtsean, maitasunez ezagutzea.
Baina ez dezagun pentsa bokazioa pertsona pribilejiatu batzuen arazoa denik. Joan den astean azpimarratu genuen: bataioaren bidez guztiok gara apaiz, profeta eta errege. Baina esan beharra dugu: haur bat bataiatzen denean, potentzialki bakarrik da apaiz, profeta eta errege; Jesus ezagutu beharra du, potentzialitate hori gauzatuko bada. Urteko igande hauetako ospakizunek laguntza handia ematen ahal digute Jesus ezagutzen. Jai handiak –eguberri, aste santu eta pazkoa− oso probetxugarriak ditugu. Baina Jesusen bizitzan, jaiotza, heriotza eta piztueraz gain, Galilean eta Judean egin duen bizitza dago. Bizitza horretan erakutsi digu zer-nolakoa den Jainkoa, zer-nolako izan behar dugun guk.
Gaur, bestalde, Errefuxiatuen eta Etorkinen aldeko Ekitaldia ospatzen dugu mundu osoan. Ez ditzagun utzi alde batera, axolagabe.
Azkenik, hil honen 18an, datorren ostegunean, kristau guztien batasunaren aldeko zortziurrena hasiko dugu. Hau da aurtengoan goiburua: «Zure eskuinak egin du, Jauna, indarrez distiratsu» (Irteera 15,6). Esan nahi da, nahi dugun batasun hori Jainkoaren laguntzaz lortuko dugula. Baina, horretarako, geure egin beharko genuke Jesusek Aitari egindako erregu hau: «denak bat izan daitezela, zu, Aita, nigan eta ni zugan bezala» (Joan 17,21).
Lagundu gaitzala Jesusen Espirituak, nork bere bokazioa aztertzen eta bizitzen, errefuxiatuen eta etorkinen arazoa aintzat harzen, kristau guztion batasunaz bihotzez arduratzen.
Dionisio Amundarain