Lehen profeta eta lehen ikasleak (Joan 1,35-42)
Urteko 2. igandea B (2018-01-14)
Joan den igandean Jesusen Bataioaren pasadizoa irakurri genuen. Markosen ebanjelioa irakurtzen jarraitu bagenu, segidakoa Jesusen tentazioena izango genuen. Baina, zapping liturgiko harrigarri batean, ebanjelioaz aldatu eta Joanen testu bat irakurriko dugu igande honetan. Laugarren ebanjelioak ez dakar Jesusen Bataiorik. Halere, esan digu, Joan bataiatzen ari zen lekura joan zela Jesus, eta han harremanetan hasi zela geroago bere ikasle izango zituen batzuekin. Pasadizo hau girotzeko, eta kontraste handia eginez, lehen irakurgaiak (1 Samuel 3,3b-10.19) Samuel profetaren bokazioa dakarkigu.
Profeta baten bokazioa
Samuel ez da lehen profeta. Bera baino lehenago, Abrahami eman ohi zaio titulu hori, eta bi emakumeri, Moisesen arrebari, eta Deborari. Halere, lehen profeta handia, herriaren bizitza erlijiosoan eta politikoan eragin indartsua izan duena, Samuel da. Horregatik, arreta berezia eskaini zaio haren bokazioa kontatzeari, profeta bat zer den eta Jainkoak halakoarekin nola jokatzen duen adierazteko.
Pasadizo hau bakarrik irakurriko duenak ezer gutxi jakingo du Samuelez: haur bat dela, Eli apaiz nagusiaren zerbitzura bizi dela eta aldameneko gelan lo egiten duela. Ez du jakingo, amak Siloko tenplurako sagaratu zuela txikitatik, eta geroago, bokazio profetiko bat dela medio, funtsezko zeregina biziko duela, bai Israelen monarkia sartzen, bai lehen erregeak, Saul eta David, aukeratzen.
Era bitxian, kontakizunak datu gehiago eskaintzen dizkigu Jainkoaz. Mota jakin bateko gizon zehatz bat, profeta bat, aukeratu duen Jainko bezala ageri da, bere asmoa agertzeko. Aldi berean, izaki arraro bat bezala ageri da, txundigarria, katu-arratoi jolasean ari bailitzan: mutikoa hiru aldiz jaikiarazi du ohetik, berari garbi hitz egin aurretik.
Azkenean, profetaren hurbileko ageri den Jainko hori, bizitza osoan bidelagun izango duen hori, izaki zorrotz bezala ere agertu zaio mutikoari, kasik krudel, bere adinerako eginkizunik latzena gomendatuz: txikitatik bizilagun eta aita bezalako izan duen apaiza gaitzetsi beharra. Hau ez da ageri gaurko irakurgaian; izan ere, liturgiak alde batera utzi du sail hori, irakurlea aho gozo uzteko.
Laburtuz, profeta baten bokazioak, dagokionari bizitza aldarazteaz gain, Jainkoa ezagutzen laguntzen digu.
Ikasleen bokazioa
Guraizeetara jo du berriro liturgiak, laugarren ebanjelioko testua eteteko. Bost ikasle Jesusekin harremanetan nola jarri diren dakarkigu pasarteak; hauek dira: Andres eta aipatu ez den beste bat (Joan izan zela uste ohi da), Simon Pedro, Felipe eta Natanael. Egundokoa da Samuelen bokazioarekin duen kontrastea. Hura santutegian gertatu da, gauez, errepikatzen den ahots bat eta harrigarria den mezu bat tarteko direla. Beste honetan, erarik gizatarrenean gertatu da guztia, oso era arruntean: «ahoz ahoko bat» da, arreta Jesusengana bideratuz doaz ahoz aho; kasu bakar batean, Feliperenean, Jesus bera da deitzaile. Eta erreakzioa askotarikoa da: lehen bi ikasleen jakin-minezkotik Natanaelen eszeptizismo ironiko batera zabaldu da, Andresen eta Feliperen gogo-berotasuna tartean dela.
Bi datu komun
1.-Kontakizun bietan, bokazioak aldarazi egin du biziera. Aurrerantzean, «Samuelekin berekin zuen Jauna»; ikasleak, berriz, Jesusekin biziko dira. Aldaketa hau, Pedroren kasuan azpimarratu da gehienik, zeini Zefaz (Kepa) izena eman baitio Jesusek. Aldaketa honek esan nahi duenaz ez da ohartuko irakurlea laugarren ebanjelioa irakurtzea bukatu arte. Samuel profeta Jainkoaren zerbitzura jarri den bezala, hala jarri dira Pedro eta gainerako ikasleak Jesusen zerbitzura.
2.- Bokazioak Jainkoa agertu digu Samuelen kasuan, eta Jesus ikasleen kasuan. Bokazio bakoitzak datu berri bat eskaintzen digu Jesusez, mosaiko bat osatzeko tesela edo puska bailiran: Joan Bataiatzaileak «Jainkoaren bildotsa» deitu dio Jesusi; lehen biek Rabi, «maisu», esan diote; Andresek Pedrori Mesiastzat aurkeztu dio; Felipek Natanaeli: «Moisesek eta profetek deskribatzen dute hura» esan dio, Jesus, Nazaretarra; eta Natanael eszeptikoak bukatu du, «Jainkoaren Semea, Israelgo erregea» deituz.
Guretzat erronka
Jesusen jendaurreko jardueraren aurrean kokatu gaitu liturgiak. Gero eta gehiago ezagutuz joango gara, igande bakoitzeko irakurgaiak direla medio. Baina ezin geldi gintezke ezagutza intelektual hutsarekin. Samuelek bezala, ikasleek bezala, konprometitu beharra dugu Jainkoarekin, Jesusekin.
José Luis Sicre