JAUNAREN EPIFANIA eusk B 2018-01-06

SARRERA

Anai-arrebok, Epifania-eguna ospatzen dugu gaur: Jauna jentilei agertu izana. Eguberritan, Jesus bere ingurukoei agertu izana ospatu dugu: artzainei agertu izana. Gaur, Epifanian, Jesus mundu osoari agertu izana ospatzen dugu: ebanjelioko jakintsu eta magoek urruneko jendea ordezkatzen dute, judu ez den jendea.
Izarren argiaz baliatu da Jainkoa jendea Jesusengana bideratzeko. Izar hori, jakina, sinboloa da. Jesusen beraren sinboloa. Izan ere, Jesus bera da izarra eta argia. Jesusek berak argitzen du jende guztiaren bihotza bere Espiritua emanez.
Ebanjelioko jakintsu edo magoak argi bila dabiltza. Asko poztu dira izarra ikusi dutenean. Askoz ere gehiago, egiazko izarra den Jesus ikusi dutenean. Ebanjelioko jakintsu horien jarrerak gizon-emakume guztien jarrera ordezkatzen du: guztiok gabiltza argi bila, bizitzari zentzua nola aurkituko; ibili beharko genuke.
Vatikano lehenengo kontzilioak, hemeretzigarren mendean, esana zuen, san Paulok Erromatarrei egindako gutunari jarraituz, gizon-emakume guztiek dutela beren bihotzean nahikoa argi Jainkoa aurkitzeko. Halere, esan beharrean gara, Jesusen berri izanak asko erraztu digula Jainkoa aurkitu ahal izate hori. Esker ona zor diogu Jainkoari Jesus ezagutzera eman digulako. Honetan jarri beharko genuke geure esker on hori: Jainkoak Kristogan eman digun argi bizi hori gero eta gehiago estimatzean, gero eta gehiago aintzat hartzean, gero eta gehiago besteei horren berri ematean.

LEHENENGO IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (60,1-6)

Isaias profetaren zati hau, israeldarrak Babiloniako erbestetik itzuli ziren ondorengoa da. Jerusalem hiria txikiturik aurkitu zuten; Tenplua erreta; dena hondamendi.
Zori horretan, jendea lur jota bizi zen, eta profetak esperantza eman nahi dio. Salbazioa hots egiten dio. Eta salbazio hori argi bezala agertzen du. Argi dirdiratsuak argi egingo du herri osoan. Bizi duen ilunaren kontra, argia ezagutuko du herriak. Argi hori izango da herri guztien gidari. Eta herriek pozez gainezka abestuko dute.
Kontuan hartzekoa da, profeta horrek ikuspegi mugatua duela: Jerusalemera, Israel herrira mugatzen du zorion guztia.
Guretzat, Jesus da Jainkoak bidali digun argia. Guztioi egiten digu argi. Jendea beragana erakartzen duen argia da Jesus. Jakina, Jesus ez da azti bat, ez du erakartzen inor ere era magikoan, sorginkeriaz. Gizakiaren aldetik, bihotz irekia, apala, umila izatea eta bila ibiltzea eskatzen du. Pentsatu, adibidez: ebanjelioko jakintsuak Jerusalemera etortzean, Herodes erregeak eta bertako agintari erlijiosoek jarrera itxia eta itsua izan zuten; ez zuten Jesusen bila joateko gogorik, eta ez zuten Jesus ikusi. Bila zebiltzan jakintsu bihotz-pobre haiek, berriz, bai.

BIGARREN IRAKURGAIA Efesoarrei gutuna (3,2-3a.5-6)

Efesoarrei gutunean erabat aldatu da ikuspegia. Jainkoak gizon-emakume guztiak eraman nahi ditu zorionera.
Jainkoaren asmoak agertzeko aukeratua izan da Paulo. Baina Kristo da protagonista. Gainerakoak Kristoren mezulari dira: herri guztiei berri ona aldarrikatzeko mezulari; herri guztiei; jadanik ez da herri pribilegiaturik. Herri guztiak, gizon-emakume guztiak dira deituak zorionera.
Paulori Kristoren “misterioa” agertu dio Jainkoak. Misterio hitza giltzarria da; Jainkoaren asmoa esan nahi du misterio hitz horrek; alde handia dago lehenaren eta geroaren artean. Lehenago, misterio edo asmo hori ezkutuan zegoen; orain, agerian jarri du Jainkoak, Jesus gizon egitean. Eta hauxe da Kristoren misterioa: gizon-emakume guztiak anai-arreba garela, guztiok Jainkoaren seme-alaba garela.

EBANJELIOA san Mateoren liburutik (2,1-12)

Mateori asko axola zaio atzerritarrak Jesusen bila etorri izana. Baina zergatik aipatzen du ekialdetik etorri zirela, eta ez beste nonbaitetik? Ekialdea esatean, Mesopotamia eta Iran lurraldeak ditu Mateok gogoan. Hain zuzen, bazen lurralde haietan Salbatzailea etorriko zelako ideia edo susmoa; judu asko baitzen han, Babiloniako erbestealdiaz gero. Gainera, askotan joan ohi zen hango jendea Jerusalemera erromes.
Mateok atzerritarren fedea eta jarrera ona kontrajartzen dizkio bertakoen jarrera itsuari: Herodesi, lege-maisuei, lur jota bizi den herriari.
Ebanjelioko jakintsu horien jarrera hori etsenplu bikaina dugu guztiok. Beti bila ibiltzearen jarrera agertzen digute jakintsu horiek.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Guri begira dauden guztiei, geure fede eta esperantza bizi eta ebanjelikoen berri emateko prest bizi gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Erlijio guztietako jendearen alde: elkarrekin hitz egiteko, batak bestea errespetatzeko, bata besteari laguntzeko prest bizi dadin. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Kristau guztien alde: eroso eta alfer bizitzeari utzirik, geure bizitzaren zentzua Kristogan bilatzeari emanik bizi gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Ebanjelioko jakintsuen lurralde haietan ─Iran, Irak, Pakistan─ Jesusen argia ikusi eta behingoz bakea izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.