Jesusen Bataioa (Markos 1,7-11) B (2018-01-07)
Isiltasunaren adierazgarritasuna
Atzo Epifania jaia ospatu genuen, bi urtez beheko Jesus haurtxoarekin; gaur, bat-batean, adin handiko ageri zaigu Jesus, bataiokoan. Bitarteko urteez, tenplura egindako bisitaz Lukasek dakarrena salbu, ez da ezer esaten.
Isiltasun hau oso deigarria dugu. Ebanjelariek konta zezaketen gauza interesgarririk bitarteko urte haietaz: Nazaretez, lurrean zulatutako bertako etxe bereziak barne; eskualdeko hiriburu zen Seforis-ez: 5 km-ra bakarrik zegoen eta Jesusen haurtzaroan erromatarrek eraso egin ziotenaz, azkenean bertako jendea esklabo saldu zutelarik; eskualdeko Tiberiades hiriburu berria, Galileako aintzira ertzean, eraikitzeaz, Jesusek hogei urteren bat zituela bukatu zenaz. Ez digute kontatu horrelako ezer; ebanjelariei ez zaie axola beren protagonistaren biografia idaztea.
Isiltasun hau azaltzeko, Jainkoaren apaltasuna aipatu ohi da eskuarki, hain luze oharkabeki bizitzeko gai izana, atentzioa eman gabe, mundua aldatzeko presarik gabe, esateko duen guztia gorabehera. Balio du interpretazio honek, eta ondorio pertsonalak atera beharko genituzke horretatik, gure presa eta nabarmendu nahia galgatzeko. Baina Itun Zaharra ezagutzen duenak sumatzen du beste arrazoi bat ere. Hartan ageri diren pertsonaia handiak ez dira sekula inportanteak berenez, baizik eta salbamen-historia aurreratzeko egin izan dutenagatik. Abrahamez, Moisesez, Josuez, Isaiasez, Jeremiasez, Ezekielez… milaka datu biografiko falta zaigu. Batzuetan ezagutzen dugu xehetasun koskorrik halakoen familiaz edo haurtzaroaz. Baina, eskuarki, bokazioaren unean hasten da beraien biografia, pertsonaia Jainkoaren egitasmoaren zerbitzura jartzen den unean.
Jesusen kasuan burubide bera aplikatu da; Jesusen bizitza erabat aldarazi duen bataioaren funtsezko garrantzia, esperientzia gisa, azpimarratu nahi izan du. Aurreko guztiak, harritzekoa bazaigu ere, ez du axolarik. Orain, bataiokoan, hasi da «berri ona».
Jesusen bataioa
Isiltasuna gogorrenik sentitzen den unea da. Zer dela-eta erabaki du Jesusek Jordan ibaira joatea? Nondik nora jakin zuen Joan Bataiatzaileak egiten eta esaten zuena? Zergatik zaio hura hain axolazko. Ebanjelari bakar batek ere ez dakar argibiderik. Markosen kontakizunak, antzinakoenak, hitz gutxiz kontatu du bataioa. Eta ez du hartu erdigunetzat ere bataioa, baizik eta haren ondoren gertatu dena.
Egun haietan hots egiten zuen Joanek: «Nire ondoren dator ni baino ahaltsuago dena, eta ni ez naiz inor makurtu eta haren oinetakoen lokarriak askatzeko ere. Nik uraz bataiatu zaituztet; hark, ordea, Espiritu Santuaz bataiatuko zaituzte». Egun haietako batean, Jesus etorri zen Galileako Nazaretetik, eta Joanek bataiatu egin zuen Jordanen. Jesusek, uretik ateratzerakoan, zerua urratzen ikusi zuen eta Espiritua, uso-tankeran, beregana jaisten. Eta mintzo hau etorri zen zerutik: «Zu zaitut neure Semea, neure maitea, zu zaitut atsegin».
Funtsezko bi gai azpimarratu ditu Markosek: Espiritua eta zerutiko ahotsa.
Espirituaren etorrerak inportantzia berezia du; izan ere, rabino batzuen artean bazen uste hau: Espirituak utzi egin ziola komunikatzeari, Esdrasen ondoren (K.a. V. mendea). Orain, Jesusengana etortzearekin, aro berri bat estreinatu da Jainkoak gizakiarekin dituen harremanen historian.
Zerutiko ahotsa. Judu-entzule bati, «Zu zaitut neure Semea, neure maitea» hitzek, bi testu dakarzkiote gogora, oso zentzu desberdinekoak. Sal 2,7: «Zu zaitut neure semea, nik sortu zaitut gaur», eta Isaias 42,1: «Hona hemen nire zerbitzaria, nik eusten diodana, nik hautatua, atsegin dudan». Lehen testua erregeaz mintzo da: tronuratzekoan Jainkoaren seme titulua hartzen zuen, harekin zuen harreman bereziagatik. Bigarren testua, sufrimenaz eta egundoko pazientziaz herria salbatzen duen pertsonaia batez ari da. Markosek bi ideiak iradoki nahi dizkigu: Jesusen duintasuna eta sufrimenaz gauzatutako salbazioa. Alde honetatik, garrantzizkoa da erreparatzea, Jesusen jendaurreko bizitza zerutiko ahotsaren testigantzaz («Zu zaitut neure Semea, neure maitea, zu zaitut atsegin») hasi dela, eta gurutzearen ondoan ehuntariak egindako testigantzaz («Benetan Jainkoaren semea zen gizon hau»: Markos 15,39) bukatu.
Ebanjelioaren irakurlea eskandalizaturik senti daiteke halakoren batean Jesusek esaten eta egiten duenagatik, azkenean heriotza ekarriko diotenengatik; halere, gogoan izan behar du, Jesus ez dela, ez biraolari, ez hereje, baizik eta Jainkoaren semea, Espirituak gidatua.
Hiru testiguak: Espiritua, ura eta odola (2. irakurgaia: 1 Jn 5,1-9)
Sufrimendua dela bide lortutako salbazioaren ideia badator gaurko bigarren irakurgaian ere. Jesusez ari dela, dio: «Uraz eta odolaz etorri zena da, eta ez uraz bakarrik, baizik eta uraz eta odolaz». Aipu garbia bataioari eta heriotzari.
Aldi berean, Jesusen testigantza dagien Espiritua aipatzeagatik aukeratu da pasarte hau.
Jesus Mesias dela sinesten duen oro Jainkoagandik jaioa da, eta Aita maite duenak beraren seme-alabak ere maite ditu. Beraz, Jainkoa maitatu eta beraren aginduak betetzen baditugu, ziur dakigu Jainkoaren seme-alabak ere maite dituguna. Izan ere, Jainkoa maitatzea haren aginduak betetzea da. Haren aginduak ez dira astunak, Jainkoagandik jaio den orok garaitu egiten baitu mundua. Eta munduaren gain garaipena ematen diguna gure sinesmena da. Zeren, nork garaitzen du mundua, Jesus Jainkoaren Seme dela sinesten duenak baizik? Jesu Kristo bataioko uraz eta heriotzako odolaz etorri zen; ez zen uraz bakarrik, uraz eta odolaz baizik. Eta Espiritua da horren testigantza egiten duena, Espiritua egia baita. Hiru dira, bada, testigantza egiten dutenak: Espiritua, ura eta odola, eta hirurok bat datoz. Gizakien testigantza onartzen baldin badugu, are indartsuagoa da Jainkoaren testigantza, eta Jainkoak bere Semearen alde egin du testigantza
Gure bataioa (1. irakurgaia: Isaias 55,1-11)
Jesusen bataioa aparteko unea da geure bataioaz gogoeta egiteko. Ematen du, hori zutela gogoan lehen irakurgai hau hautatu zutenek. Luzeegia meza baterako (jenderik gehienak ez du ezer hartuko; halere, bakardadean irakurketa lasai bat egiteko aukera damaigu. Hiru zatitan banatu dut testua, iruzkin labur-labur bat eginez.
1.- Geure burua gose eta egarri den jende bezala ikustera garamatza, produktu garesti eta alferrikakoen bila gabiltzanak, egiazko janariren bila ibili gabe.
«Egarri zareten guztiok, etorri uretara, etorri, dirurik ez duzuenok ere! Etorri, hartu garia eta jan, hartu ardoa eta esnea, dena hutsean, ordaindu gabe. Zergatik gastatu zeuen dirua, goserik utziko zaituzten janaritan, eta lansaria, aseko ez zaituzteten gauzetan? Entzun niri arretaz, eta ongi jango duzue, janari gozo mamitsuz elikatuko zarete.
2.- Antzinako promesak eta Jainkoak Davidekin egindako ituna eskuratzen dizkigu bataioak. Gu gara herri ezezaguna, Jaunarengana korrika.
Etorri niregana eta egon adi, entzudazue eta biziko zarete. Betiko ituna egingo dut zuekin, Davidi eginiko maitasunezko agintzariari leial eutsiz. Nik herrientzako testigu jarri nuen hura, nazioen buruzagi eta agintari. Zuk herri ezezagunei egingo diezu dei, eta ezagutzen ez zintuzten herriek zuregana joko dute lasterka, nik, zure Jaunak, Israelen Jainko santu honek, ospez jantzi zaitudalako».
3.-Harengana bagoaz, konbertitu beharra dugu, bidez aldatu beharra, haren bila ibili beharra; bera aberats da barkatzen eta uzten digu bera aurkitzen.
Bila ezazue Jauna, aurki dezakezue eta; egiozue dei, hurbil duzue eta. Utz beza gaiztoak bere bidea, gaizkileak bere asmo txarrak. Bihur dadila Jaunagana, gupidaz hartuko baitu; bihurtu gure Jainkoagana, guztiz barkabera baita. Hau dio Jaunak: «Egiaz, nire egitasmoak ez dira zuenak bezalakoak, ezta nire jokabidea ere zuena bezalakoa.
4.- Eta hau, ezineko ilusio bat dela ematen badu ere, beteko da; izan ere, Jainkoaren Hitzak ernalduko du gure bizitza, urak eta elurrak hazia ernaltzen duten bezala
Nola zerua lurraren gainetik garai, halaxe nire jokabidea zuenaren gainetik eta nire egitasmoak zuenen gainetik. «Euria eta elurra zerutik jaitsi eta ez dira bertara itzultzen, lurra urez ase gabe, emankor bihurtu eta ernamuindu gabe, ereiteko hazia eta jateko ogia sor ditzan;gauza bera nire ahotik irtendako hitzarekin ere: ez da niregana itzultzen bere eragina izan gabe, baizik eta nik nahi dudana egiten du eta nik ezarritako helburua betetzen».
José Luis Sicre