Familia Santuaren Jaia B (2017-12-31)
Non familia ez baita garrantzizkoa (Lukas 2,22-40)
Ahokatzen diren bi irakurgai
Familia Santuaren jai batean, geure familia-bizitza bizitzera animatuko gintuzketen irakurgaiak nahi genituzke. Horixe gertatzen da gaurko lehen bi irakurgaiekin.
Eklesiastiko edo Ben Sirak liburuak seme-alabek gurasoei izan beharreko begirunea azpimarratzen du; Gizarte Segurantzarik ez zen garai hartan, «aita-amak ohoratzeak» berekin zuen gurasoei laguntza ekonomikoa ere ematea. Baina guztia ez zen hori; halakoen akatsak ere samurtasunez jasan behar ziren, «burua arinduko zaienean».
Kolosarrei gutuna, berriz, azkenean aipatzen dituen aholkuengatik aukeratu da: aholkuak emazteei, senarrei, seme-alabei eta gurasoei. Lehen mendeko kulturan oso «aurrerakoi» gertatu bide ziren. Gaur egun, emakumeei zuzendutako aholkuak jende askoren haserrea eragiten du: «Emazteok, bizi zeuen senarren agintepean, Jaunagan komeni denez». Garai hartako historia ezagutzen bada, ulerterrazago gerta daiteke idazlea.
Ebanjelio atipiko bat
San Lukasek, jakin izan balu, geroago, Familia Santuaren jaia asmatuko zutela, segur aski luzeago idatziko zuen gaurko ebanjelioko azken esaldi hau: «Haurra haziz zihoan eta indartuz, eta jakinduriaz betez, eta berekin zuen Jainkoaren grazia». Baina ez zuen idatziko eszena tipiko hau, zeinetan Jose lanean ageri baita bere eskuzerraz, eta Maria eseririk josten ari baita, haurra aitari laguntzen ari zaiola. Lukasek ez ditu gustuko eszena erromantikoak, ahogozagarri huts izaten direnak.
Balizko horrelako eszenarik idatzi ez zuelako, ebanjelio-pasadizo aski arraro bat aukeratu behar izan du liturgiak. Izan ere, Familia Santuaren jaian, pertsonaia nagusiak bi ezezagun dira: Simeon eta Ana. Jose aipatu ere ez bere izenaz (soilik «Jesusen gurasoak» aipatu dira eta, geroago, «haren aita eta haren ama»). Haurrak, berrogei egun bakarrik ditu, ez dio ezer, ez du ezer egiten, ezta negarrik ere. Maria bakarrik nabarmendu da era partikularrean, Simeonek eskaini dion bedeinkazioan, bedeinkazio baino gehiago ijitotar madarikazio ematen duen horretan.
Halere, familiaz emandako datu-eskasia eta guzti, bada xehetasun bat, Lukasek behin eta berriz azpimarratua: lau bider errepikatu du Jaunaren Legean erabakia betetzeaz arduratsu den familia dela. Egundoko inportantzia du datu honek. Jesus, jende askok judu gaizto eta Moisesen Legearen etsai izateaz salatu zuena, familia jainkozale eta ereduzko batean jaio eta hazi zen. Itun Zaharra eta Berria batu dira etxe horretan, haurra hazi eta indartu den horretan.
Zeregin bera betetzen dute Simeonen eta Anaren irudiek. Biak dira israeldar peto-peto, jainkozaletasun tradizional eta benetakoaren eredu. Eta biek ikusi dituzte Jesusengan beterik beren esperantzarik handienak.
Azken ezustekoa
Gaurko irakurgaiek, hasieran gai-ardaztzat familia agertu dutenak, azkenean Jesusi eskaini diote beren arreta. Oinarrizko bi xehetasunez:
1.-Jesus da inporta duena. Simeonen eszenak Mesiastzat eman du Jesus, salbatzailetzat, nazioen argitzat, Israelen aintzatzat. Anak harengan ezarri du bere esperantza: Jerusalem askatuko duela. Jose eta Maria garrantzizko dira, baina bigarren mailan.
2.-Nahasgarri eta larrigarri ageri da Jesus. Simeonek hartaz esan duenak nahastarazi egin ditu Jose eta Maria, eta harriarazi. Mariari, ordea, iragarri zaio gauzarik latzena. Ama orok nahi izaten du semea maitatua eta errespetatua izatea, berarentzat pozgarri izatea. Baina Jesus pertsonaia eztabaidatua izango da, gutxik onartua, bestek ukatua; Mariari, berriz, ezpata batek zeharkatuko dio bihotza. Mariaren bizitza zer izango den aurreratzen ari da Lukas, ez gurutzean bakarrik, baizik eta beraren bizitza osoan.
José Luis Sicre