FAMILIA KRISTAUAK (Lukas 2,22-40)
Familia Santua Jaia B (2017-12-31)

Gaur egun asko hitz egiten da familia-erakundearen krisiaz. Eta, benetan, larria da krisia. Halaz guztiz, familiaren jokabidean ematen ari den egiazko iraultza baten lekuko bagara ere, eta jende askok familiaren molde tradizional askoren heriotza aldarrikatzen badu ere, inork ez du iragartzen gaur egun familia galduko denik. Aitzitik, ematen du, historiak adierazten duela, aldi zailetan are estuago bihurtzen direla lotura familiarrak. Ugaritasunak banatu egiten ditu gizon-emakumeak. Krisiak eta premialdiak batu. Aldi zailak bizi beharko ditugun susmoaren aurrean, jende askok barruntatzen du familiaren birsortze berri bat.

Sarritan, kristau askok Nazareteko Familia imitatzeko duen zinezko desioak indartu egin izan du ideal hau: norberaren familiako harmonian eta zorionean oinarrituriko familia baten ideala. Dudarik gabe, beharrezkoa da gaur egun ere sustatzea gurasoen agintea eta erantzukizuna, seme-alaben obedientzia, familia baitako elkarrizketa eta solidaritatea. Balio hauek gabe familiak porrot egingo luke.

Alabaina, ez die erantzuten nolanahiko familia batek Jesusek planteaturiko Jainkoaren erreinuko eskakizunei. Badira, bai gizartearen zerbitzuari irekiak diren familiak, bai familia egoistak, beren baitan triku bihurtuak. Badira familia autoritarioak eta familiak zeinetan elkarrizketa egiten ikasten baita. Badira familiak, egoismoan hezten dutenak eta familiak, solidaritatea irakasten dutenak.

Zehazki, jasaten ari garen krisialdi ekonomiko larriaren testuinguru honetan, familia izan daiteke solidaritate-ezaren eskola, zeinetan egoismo familiarra jarduera-irizpide bihurtzen baita, seme-alaben portaera soziala eratuko duena. Eta izan daiteke, alderantziz, leku bat zeinetan semeak edo alabak gogoratuko baitu Aita komun bat daukagula, eta mundua ez dela bukatzen norberaren etxeko pareten barnean.

Horregatik, ezin ospatu dugu Nazareteko Familiaren jai hau geure fedearen erronka entzun gabe. Izango ote dira gure familiak belaunaldi berrientzat Ebanjelioaren deia entzuteko leku: anai-arreba artekotasun unibertsalerako, bazter utzien defentsarako eta gizarte zuzen bat bilatzeko deia entzuteko leku?, ala gainerakoen problemekiko axola-ezaren, inhibizioaren eta geldotasun pasiboaren eskolarik eginkorren bihurtu dira?

Jose Antonio Pagola