Abendualdiko 4. igandea B 2017-12-24
HOMILIA

Anai-arrebok!

Lehen irakurgaiak urrutira begira jarri gaitu. David erregearen garaira. Uste denez, K.a. 1000. urte inguruan bizi izan zen David. Beti esan ohi dugun bezala, Davidez Bibliak ematen dizkigun albisteen historia ez zaigu axola gehiegi. Inporta zaiguna mezu erlijiosoa da.
Eta hauxe da gaurko lehen irakurgaiaren mezua. Davidek, bere jokabide militarra eztitu eta zuritzeko, tenplua eraiki nahi dio Jainkoari. Honek, ordea, Natan profetaren bidez esan dio: ez dut gogoko eraiki nahi didazun tenplu hori; nik neuk eraikiko diot Davidi etxea edo familia, eta betikoa izango da familia hori: «Zure etxea eta zure erreinua betikoa izango da nire begi aurrean; zure tronua betikoa izango da».
Jakina, Davidek materialki hartu du Jainkoaren promes hori. Eta eskerrak eman dizkio. Baina Daviden erreinu politiko eta militar horrek porrot egin zuen urte-sail baten ondoren. Gaur hobeto ulertzen dugu zer esan nahi zuen Jainkoaren promes hark: gizon egindako Jainkoa zuen gogoan Jainkoak, gizon egin zena, gizakiek hil zutena, baina zeruko Aitak piztu zuena, eta betiko errege den Jesus. «Bai, errege naiz, baina nire erregetza ez da mundu honetakoa» esan zion Jesusek Pilatori. Halere, Davidek, militar odolzalea eta guzti, jakin zuen onartzen, bere modura, Jainkoaren promesa.

Ebanjelioan, beste proposamen edo promes batzuez mintzo zaigu Lukas ebanjelaria.

Batetik, Elisabeten senarra den Zakariasi, seme bat izango duela esan dio aingeruak. Zakariasek ez dio konfiantza handirik agertu, eta mutu gelditu da, semea, Joan Bataiatzailea, jaio zaien arte. Zakariasena, erreakzio edo erantzun gazi-geza izan da; aski negatiboa.

Bestetik, Andre Mariaren erreakzioa daukagu. Ez daki nola izan daitekeen ama. Baina, arazoa argitzeko galdera batzuk egin ondoren, «bai» biribila eman dio aingeruari: «Gerta bekit zuk diozuna».

Azken bi kasu hauetan, haur baten jaiotza iragarri da. Baina alde handiak dituzte bi jaiotzek. Joan, Zakariasen eta Elisabeten semea, profeta handi bat izango da, Elias profetaren tankerakoa; bere egitekoa, herria prestatzea izango du. Joseren eta Mariaren semea, Jesus, errege izango da; David erregearen Etxea betiko gobernatuko du: «Handia izango da, Goi-goikoaren Seme deituko diote, Jainko Jaunak bere aita Daviden tronua emango dio, betiko izango da Jakoben etxeko errege, eta beraren erregetzak ez du azkenik izango.

David erregearen denboratik Jesusen denborara, euri asko egin du. Gizadiak urrats asko egin ditu. Hasiera batean, errege bati egindako promesa zen; gero, herri bakar bati egindako promesa; azkenean, mundu osoari egindako promesa da Jesus, Jesusen erreinua.

Misterio handi hau da Jainkoak Jesusengan agertu diguna: Jainkoaren maitasuna gizon-emakume guztiekiko, Jainkoaren nahi handia gizon-emakume guztiak salbatzeko.

Misterio horixe da bihar, Eguberri egunean, modu berezian ospatuko duguna. Zein izango dugu geure erreakzioa?
David erregearena? Erregetza politiko eta militarra espero izatea?
Daviden ondoko judu askorena: Jainkoaren herri bakarra berak zirela uste zutenena?
Elisabeten Zakarias senarraren erreakzioa? Semea izango dutela esan dionean, Jainkoa jolasean ari zaiola pentsatzea?
Joseren eta Mariaren erreakzioa? Jainkoaren proposamena fedez eta konfiantzaz onartzea?

Jainkoaren misterioa ospatzea esaten dugunean, ez dugu esan nahi, duela 3 mila edo 2 mila urte gertatu zen zerbait gogoratze hutsa. Gaur egun misterio hura gertaberritzea esan nahi dugu.

Zer egin nahi dugu? Daviden uste militarra gertaberritu? Zakariasen eszeptizismoa gertaberritu? Joseren eta Andre Mariaren konfiantza gertaberritu, bere ondorio guztiekin? Lagundu gaitzatela gaur egun Jesusen erreinuan bizi diren Davidek, Zakariasek eta Elisabetek, Josek eta Andre Mariak, Jainkoak geure bizitzan planteatzen eta agertzen digun gurekiko asmoa onartu eta betetzeko.

Dionisio Amundarain