POZIK ETA KONFIANTZAZ (Lukas 1,26-38)
Abendualdiko 4. ig B (2017-12-24)

Vatikano II.ak «Elizaren prototipo eta eredutzat» eman du Andre Maria, Jesu Kristoren Ama. Eta emakume apaltzat deskribatu du, Jainkoa konfiantzaz eta pozik entzuten duena bezala.

«Poztu zaitez». Horra Mariak Jainkoagandik entzun duen lehenengo gauza; gaur ere entzun beharko genukeena. Pozaren falta dugu geure artean. Sarritan kutsatzen gaitu Eliza zaharkitu eta ahituaren tristurak. Jesus ez da jada Berri On? Ez dugu sentitzen jada haren jarraitzaile izatearen poza? Poza falta denean, freskotasuna galtzen du fedeak, bihozkoitasuna galtzen da, fededunen arteko adiskidetasuna hozten da. Dena da zail bihurtzen. Premia gorrikoa da gure elkarteetan poza esnaraztea eta Jesusek ondare utzi digun bakea berreskuratzea.

«Jauna zeurekin duzu». Ez da erraza gaur eguneko Elizan pozik bizitzea. Soilik, Jainkoagan konfiantza baduzu lortuko duzu hori. Ez gara umezurtz. Bidelagun dugun Jainko Aitari deika ari gara egunero, defendatzaile dugun eta beti gizakiaren onaren bila dabilen Aitari deika. Jainkoa geurekin dugu beti.

Batzuetan hain nahasia eta galdua den Eliza hau, Ebanjeliora nola itzuli ez dakien hau, ez da bizi bera bakarrik. Jesus, Artzain Ona, gure bila dabil. Haren Espiritua gu nola erakarriko dabil; haren hatsa eta ulermena geurekin ditugu. Jesusek ez gaitu utzi bertan behera. Harekin dena da posible.

«Ez beldur izan». Beldur askok zurruntzen gaitu Jesusen jarraitzaileok. Beldurra mundu modernoari eta fedea galdu duen gizarteari. Beldurra ziurtasunik gabeko geroari. Beldurra Ebanjeliora bihurtzeari. Kalte handia ari zaigu egiten beldurra. Etorkizunerantz esperantzaz bide egitea eragozten digu. Iragana agor gordetzera mugatzen gaitu. Ugalduz doaz gure mamuak. Galduz doa errealismo sanoa eta ebanjelioaren zentzua.

Premia gorrikoa da konfiantzaren Eliza eraikitzea. Jainkoaren ahala ez da agertzen Eliza boteretsuan, baizik umilean. Geure elkartean entzun beharra dugu Mariak entzun dituen hitz hauek: «Ez beldur izan».

«Seme bat izango duzu eta Jesus izena ezarriko». Andre Mariari bezala, guri ere egiteko bat eman digu Jainkoak: gau ilunean argi egiten esku hartzea. Ez zaigu eskatu mundua juzgatzea, baizik eta esperantza ereitea. Gure egitekoa ez da itzaltzear den argizari punta erabat itzaltzea, baizik eta fedea piztea, jende askorengan ernetzear dena: gaurko gizon-emakumeei Jesus aurkitzen lagundu behar diegu.

Geure elkarteetatik, gero eta txikiago eta umilago diren horietatik, mundu sanoago eta anai-arreba artekoago baten legamia izan gintezke. Esku onetan gaude. Jainkoa ez du krisiak jo. Gu geu gara Jesusi pozik eta konfiantzaz jarraitzera ausartzen ez garenak. Mariak gure eredu izan behar du.

Jose Antonio Pagola