ABENDUALDIKO 2. IGANDEA B 2017-12-10
SARRERA
Joan den igandeko irakurgaiek zain-zain bizitzeko eskatu ziguten, adi eta esna-esna egoteko. Jarrera hori modu berezian bizi izan duten batzuez mintzo zaizkigu gaurko irakurgaiak: profetez. Beren burua garatu samartu dute eta beren betera hurbildu dira; hala, gai izan dira profeta horiek herri baten bizimoduak hondamendia edo zoriona dakarrela sumatzeko. Gaurko egoerara zerk ekarri gaitu?
Abendualdian, irudi edo pertsona giltzarri ditugu profetak. Ez aspaldiko haiek bakarrik; baita gaur egunekoak ere. Beren egitekoa ez dute etorkizuna iragartzea. Besteei zer esan behar dieten adierazten die beren barruak, Jainkoak argiturik. Gauza guztiak beren osotasunean ikusi ahal izateko, begiak irekirik dituztenak dira profetak. Gauza behar bezala neurtzeko, beren osotasunean hartu behar izaten dira, eta ez erdizka.
Jesus da erabateko profeta bakarra. Jainkoaren Semea da. Antzinatik esana zenez, harengan bete dira gizadiaren esperantza eta uste guztiak. Hark emango digu munduaren historiaren egiazko interpretazioa: zergatik hau, zergatik beste hura?; nora goaz?, nola joan gintezke geure egiazko helburura?
Guri dagokigunez, Jainkoa, neurri batean bederen aurkitu badugu, «argiaren testigu» izan diren beste batzuen bidez aurkitu dugu. Horrenbestez, gutako bakoitzak ere. «argiaren lekuko» izateko bokazioa hartu du. Hona zer digun esaten san Mateok (5,16): «Distira dezala zuen argiak gizon-emakume guztien aurrean, zuen egintza onak ikusirik, zeruko zuen Aita ezagutu dezaten».
Hitz batean esateko, esperantzaz mintzo zaizkigu gaurko irakurgaiak. Esperantza bizi duen pertsona da kristaua,, esperantza agertzen duen pertsona, esperantza ematen duen pertsona. Horrela ikusten al dugu geure burua?
LEHENENGO IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (40,1-5.9-11)
Gaurko testu honek Bigarren Isaias deitzen duguna du egilea. Autore honek ebanjelioa iragartzen du, hau da, albiste ona, berri ona. Israel herriari, Babilonian bizi duen esklabotza bukatzera doala iragarri dio. Eta garai batean Egiptotik ihes egin zutenean bezalako garaipena izango duela adierazten dio
Hitz batean esateko, kontsolamendua hots egiten du gaurko testu honek. Etxera itzultzeko igaro beharko duten basamortua bera, bide laua da, bide ordeka, bide atsegina izango da. Jainkoaren ahalmenaren agerpena izango da erbestetik aberrira itzultze hori. Jainkoaren maitasunaren seinalea izango da.
Abendualdiak, senideok, Jainkoak maite gaituela agertzen digu.
BIGARREN IRAKURGAIA Pedroren bigarren Gutunetik (3,8-14)
Pedroren bigarren gutuna Jaunaren bigarren etorreraz ari da funtsean. Gutun hau hartu duen kristau-elkarteak kezka hau bizi du: «Noiz itzuliko da Jesu Kristo?» Hasiera batean esan zitzaien laster etorriko zela, baina urteak aurrera zihoazen eta Jesu Kristo ez zen agiri. Ez zekiten bereizten denbora teologikoa eta denbora kronologikoa. Denbora teologikoaren arabera, Jesusen lehen etorrerarekin hasia zen azken aldia, azken aroa, azken denboraldia, eta azken aldi horretan egun bat mila urte bezala da, eta mila urte egun bat bezala. Jesu Kristo itzuliko da, egon lasai, ez estutu. Jainkoaren aldia ez da gizakion aldia bezalakoa. Etorriko da.
Testuan ageri diren irudiak hari edo ildo horren arabera hartu behar dira: Jainkoak denbora asko du bere asmoa betetzeko. Lapur bat bezala etorriko dela esateak, ez du esan nahi lapurraren azpikeriaz baliatu nahi duenik. Mundu hau desegingo dela esateak, ez du esan nahi Jainkoak guri azpia jatera etorri nahi duenik, baizik eta lur berri eta zeru berri egingo ditu.
Soil-soilik, bitarte horretan zer egin gogorarazi nahi digu autoreak: prestatu egun horretarako; bihotz berria behar dugu egun horretan eskainiko dizkigun zeru berria eta lur berria onartu ahal izateko. Pazientzia izateko eskatzen du Pedrok. Baina pazientzia eginkorra. Pazientzia bizia. Pazientzia bilatzailea. Gizatar egiten gaituen pazientzia.
EBANJELIOA san Markosen liburutik (1,1-8)
Markosen ebanjelioaren hasiera da gaurko testua. Jesusi dagokion guztia berri on edo albiste on dela adierazten digu. Jesusen jardueraz edo jokabideaz ari da; baina, zehatzago esanda, Jesusez beraz ari da. Jesus bera dugu albiste on.
Mateo eta Lukas ez bezala, Jesusen jaiotzaz hitzik egin gabe, Joan Bataiatzaileaz hitz egiten hasi da Markos. Pertsona giltzarrietako bat da Joan Bataiatzailea, Jesusen aurrelaria, Itun Zaharreko azken profeta.
Testu honetan Isaias profeta ere aipatzen da; Malakias profeta ere presente dago. Profeta hauen arabera, Mesiasen aurrelari bat agertuko zen. Eta Joan Bataiatzailea hartzen zuten aurrelaritzat. Are gehiago, baziren, Joan bera zela Mesias pentsatzen zutenak ere.
Markosek nahasmendu hori argitu egin nahi du: Joan Bataiatzailea zer den argitu nahi du. Batez ere, ordea, Jesus zer den adieraztea izango da Markosen helburu magusia. Jesus Jainkoaren Semea dela esanez hasi du bere ebanjelioa Markosek, eta bukatu ere gauza bera esanez bukatu du ebanjelioa; hain juxtu, gurutzearen ondoan den erromatar ehuntariaren ahoan hitz hauek ezarri ditu: «Zinez, gizon hau Jainkoaren Semea zen» (Markos 15,39).
Ebanjelari guztiek Jesusen mezularitzat hartu dute Joan Bataiatzailea: Jesus iragarri du Joan honek, Jesus aurkeztu du; Jesus bataioan Espirituaz jaio izanaren testigu da Joan. Bataioan hasi zen Jesus jendearen aurrean agertzen.
Honekin guztiarekin esan nahi digu, beste batzuen bidez eta laguntzaz sortzen direla gugan fedea eta esperantza: juduentzat profetak ziren esperantza-emaile; Joan izan zuten hurbileko predikari; Jesus bera geroago.
Izan al dugu sekula esker onik, gu baitan fede-bidea eta esperantza-bidea harrotu dutenentzat? Guraso, adiskide, apaiz, katekista eta abarrentzat?
HERRIAREN OTOITZA
1.-Kristau guztientzat: gizadi osoarentzat argi-eramaile izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Munduko herri guztientzat: justizian bakearen bidea egiten saia gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Munduko krisia zuzentzeko erantzukizunik handiena dutenentzat: benetako gaurko profeten mezua entzuten jakin dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Munduan ditugun arazoak konpontzeko, gaitzaren sustraira jo dezagun, hau da, giza ondradutasun-faltara jo dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.