ANDRE MARIA SORTZEZ GARBIA B 2017-12-08
SARRERA
Andre Maria Jesusen ikasle handia da, Jesusen jarraitzaile bizia. Gauza jakina da, honetan datzala bekatua: gizakiak jainko izan nahi izatean; benetako Jainkoa baztertu nahi izatean: bere jarrera, bere jokabidea, bere biziera direla medio.
Jarrera hori gainditzeko, dohain bereziak, grazia berezia, eman dizkio Jainkoak Andre Mariari. Graziaz betea da Maria. Eta ondo asko baliatu da Maria grazia horretaz. Bete-betean aitortu du Jainkoa: «gerta bekit zuk esana» erantzun dio aingeruari. Benetako Jainkoa, benetako Jainko aitortzeko modua da hori.
Maria Sortzez Garbia dela esatean, Jainkoak eman dion grazia hori aitortzen dugu; Andre Mariak bikain baino bikainago erantzun diola grazia horri.
«Gu guztiontzat eredu zara Maria: fedean, esperantzan eta maitasunean. Andre Maria, zure baitako grazia aitorturik, zu ezaguturik, zu ikusirik, izan dezagula, Ama, konbentzimendu hau: guztioi eskaini digula Jainkoak bere grazia, bera bete-betean aitortzeko, maitatzeko, esperantza bizia izateko».
Gaur, bestalde, Seminario eguna ospatzen dugu. Eska diezaiogun Jaunari, Andre Maria bitarteko jarririk, bidal ditzala mundura, gizadia bene-benetan maite duten gizon-emakumeak.
LEHENENGO IRAKURGAIA Hasiera (3,9-15.20)
Bibliako Hasiera liburuko pasarte honek Adamen eta Evaren bekatua adierazten digu. Mito bat da, ipuin ba da pasarte hori guztia. Baina bekatua zer den adierazi nahi digu: Jainkoak gizakiari zorionerako bide bat erakutsi eta gizakiak beste bat hartu, Jainkoari kasurik egin gabe.
Pasartearen muina, ordea, beste bat da: Bekatua eta guzti, Jainkoak salbazioa agindu dio gizakiari. Hona nola adierazten duen hori: sugeak engainatu du emakumea, bai; baina emakumeak joko du sugea buruan.
Beraz, emakumeari parte hartze handia leporatzen dio testuak bekatuan. Baina parte hartze handiagoa leporatzen dio bekatua ezabatu edo desegitean.
Batez ere, Andre Mariari aplikatu izan diogu parte hartze hori bekatua desegitean, Kristo Salbatzailea ekarri digulako. Dena den, salbazio horren ondorioz, guztiok egin gaitu Kristok bekatua desegiten jarduteko gai.
BIGARREN IRAKURGAIA Efesoarrei gutunetik (1,3-6.11-12)
Efesoarrei gutunaren egileak ezin hobeto adierazi digu gure parte hartzea bekatua ezabatzean, bekatua desegitean: batetik, Jainkoak Kristogan dohain eta grazia-mota guztiak eman dizkigu; zertako?, ba, santu eta errugabe izan gaitezen; bestetik, Jesu Kristo bera bezala, bere seme-alaba egin gaitu Jainkoak gu geu ere; zertako?, ba, Jainkoaren aintza goresteko, gizadia libre egiteko.
Askotan esaten ditugu honelako esapideak: Jainkoa bedeinkatu, Jainkoa goratu edo goretsi, Jainkoari eskerrak eman. Esan dugun horretan dago hori egiteko arrazoia: bere dohainak eman dizkigulako, bere seme-alaba egin gaituelako.
Horretan ere eredu bikaina dugu Andre Maria; argiro ageri da hori Magnificat izeneko kantikan: «Jaunaren handitasuna dut goresten, pozaren pozez dut neure barnea, Jainkoa baitut salbatzaile». Imita dezagula Andre Maria.
EBANJELIOA San Lukasen liburutik (1,26-38)
Gaurko ebanjelioaren pasarte hau oso ezaguna dugu. Aingeruak Mesiasen edo Salbatzailearen ama izan nahi duen galdetu dio Andre Mariari. Eta Mariak, zenbait dudaren argitasuna eskatu ondoren, baietz erantzun dio: «Gerta bedi nigan zuk diozuna». Eta jarrera hori izan du Mariak bere bizitza guztian. Batez ere, gurutzearen oinean.
Baina har dezagun gogoan «bai» horren arrazoia. Zergatik eman du «bai» hori Mariak. Hona berak argi asko esana: «Hona hemen Jaunaren zerbitzaria». Ohiturik gaude, argitasun horren ordez, beste topiko batzuk azpimarratzen: Maria apala dela, umila dela, etab. Baina ahaztu egin izan dugu beste esapide hori: «hona hemen Jaunaren zerbitzaria». «Zerbitzari» hitza esanahi handikoa da Biblian. Jesusi aplikatuko zaio bereziki. Baina baita Mariari ere. Hauxe esan nahi du gure kasuan: hona hemen Jainkoak kreatu edo sortu duen pertsona, Jainkoak graziaz bete duena, den guztia Jainkoari zor diona. Beraz, Evak jainkosa izan nahi bazuen, Mariak Jainkoaren sorkari dela aitortzen du.
Historia bizi bat bizi izan duena da Maria: erabat eskaini zaio Jainkoari eta Jainkoaren asmoari munduan.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Eliza osoaren alde: guztiok Jainkoaren seme-alaba garela aitortu eta agertu dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Kristau guztien alde: hitz hutsean gelditu gabe, guztiok Jainkoaren eta gizon-emakumeen zerbitzari izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Gure artean eta mundu osoan bokazio biziak sor daitezen: apaiz, erlijioso, erlijiosa eta laiko bereziki konprometitu. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Guztiok izan ohi ditugun bihotz-beheraldietan eta larrialdietan, Andre Mariagan geure ama ikus dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.
5.-Beren bizitzan beren buruaz beste egiteko tentazioa sentitzen dutenen alde: bihotzean argi bizi bat senti dezaten, ikusteko, Ama onbera bat dutela, zerukoa. Eska diezaiogun Jaunari.