ABENDUALDIKO 1. IGANDEA B 2017-11-03
SARRERA
Senideok, Abendualdia hastera goaz. Zain egoteko aldia da. Era bizian, zain eta erne egoteko aldia. Jauna etorri zain: bai eguneroko geure bizitzan, bai gutako bakoitzaren lur honetako bizitzaren azkenean, bai munduaren azkenean. Jauna etorri dator beti; etorrera hori ezin nabarituko dugu, geure kaskoa beste mila gauzatan murgildua badugu. Modu berezian etorriko da, gutako bakoitza Aitaren altzora eramateko etorriko denean. Baina ez da hura etorrera bakarra.
Zain-zain egoteko aldia. Adibidez, pentsa dezagun, nola egon zen Itun Zaharreko jendea Mesiasen zain. Zain-zain egote hori berregiten dugu guk geuk abendualdian.
Baina zertara dator Jesus? «Bizia izan dezaten etorri naiz, eta bete-betea izan dezaten». Bizia hartu zain egotea da abendualdia. Baina hartzen duenak, ematea zor du. Kontua ez da Jesus noizbait etorri zain egotea; Jesus egunero dator. Gu bizi gaitezen. Baina gogoan izan, Alemaniako herrixka hartako Jesusen Bihotzaren irudi hura: azken gerratean besorik gabe utzi zuten irudia; lepotik zintzilika idazki hau ipini zioten gerla bukatzean: «Besorik ez dut; zuek zarete nire bero». Jesusek eman digun bizia, askatasuna, poza, bakea gaurko munduari ematea dagokigu.
[[[Larunbatean bakarrik: Gaur Mattin bataiatzeko zoriona dugu. Bataioa, bekatuzko munduari ez esatea da; bekatuzko munduari esperantzaren seinale bat ematea. Zorionak, Mattin munduan Jesu Kristoren seinale izateko bidean jartzea erabaki duzuen guraso, aita-ama ponteko, aitona-amona eta ahaideak.]]]
[[[Larunbatean bakarrik: Lehenengo irakurgaia Paulo santuak Erromatarrei egindako gutunetik (13,11-14)
Agian, lerro hauek idaztean, Paulok pentsatzen zuen, Jesusen bigarren etorrera laster izango zela; horregatik esaten die erromatarrei oso kontuan hartzeko bizi duten ordu hori. Jakina, Jesusen bigarren etorrera hori nola ulertzen den ere bada: munduaren azkena ala gutako bakoitzak mundualdi hau bukatu duena.
Halere, Paulorentzat, zentzu sakonago bat du orduak: mundu hau zentzarazteko ordua da; mundu berri bat egiteko ordua da.
Honek guztiak ez al gaitu xaxatzen?, ez al gaitu zirikatzen?, ez al gaitu pozten? pentsatzean, gutako bakoitza izan daitekeela eta izan behar duela partaide eta protagonista gizon-emakume guztiak zoriontsuago egiten?]]]
LEHENENGO IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (63,16b-17; 64,1.3b-8)
Juduek urte asko egin zuten Babilonian, erbestean. Azkenean, ordea, Ziro pertsiar errege berriak Jerusalemera itzultzeko aukera eman die. Itzuli direnek ez dute izan oso erraza hiria eta Tenplua berregiteko lana. Alde batetik, judu asko Babilonian gelditu dira: «bertan goxo», esan dute; bost axola Jerusalem, Tenplua eta Jainkoa. Bestetik, itzuli direnek baliabide gutxi dute lan hori egiteko. Profetak saiatu dira, bai Babilonian gelditu direnak, bai itzuli direnak animatzen.
Batzuek eta besteek uste dute, Jainkoak utzi egin dituela eskutik. Jainkoa ez dela arduratzen bere herriaz. Profetak adierazten die, Jainkoa jaitsi dela beste kasu batzuetan ere bere herrira; jaitsiko dela orain ere. Batzuek aintzat hartu dituzte profetaren hitzak.
Gaur ere gerta gintezke antzeko egoera batean. Jainkoak huts egin digula pentsatzeraino iritsi gintezke. Horren aurrean, fedea da gure arma. Ez da Jainkoa ahazten dena, baizik gizakia da bere buruaz ahazten dena.
BIGARREN IRAKURGAIA Korintoarrei egindako lehen gutunetik (1,3-9)
Korintoarrei egindako lehenengo gutun hau eskerrak emanez hasten da: «Jesu Kristogan Jainkoak eman dizuen graziarengatik». Izan ere, Korintoko kristau-elkarteak dohain asko eta handiak hartuak zituen Jainkoagandik.
Segidako hitz hauek aldien azkeneko Kristoren etorreraz ari dira: «Jesu Kristo gure Jaunaren agerpena» eta «Jaunaren eguna». Izatez, Eliza dagoeneko azken aldian bizi da; ez dugu zertan itxaron beste gertaerarik salbazioaren historian; Kristo berpiztua da azken hitza.
Edozein kasutan, esperantzaz bizitzera dei egiten digu Paulok. Egun batean Jesusekin behin betiko egingo dugu topo. Jesusekin bat eginik bizitzera dei egin digu Jainko Aitak. Abendualdiko jarrera berezi-berezia da: esperantza.
EBANJELIOA San Markosen liburutik (13,33-37)
Gaurko pasarte hau Markosen ebanjelioko 13garren kapitulutik hartua dugu. Kapitulu horretan Jesusen profezia bat dakar Markosek: batetik, Jerusalemgo tenplua suntsitua izango da; bestetik,gizonaren Semea itzuliko da. Kapitulu horren bukaerakoa da gaurko testu hau.
Ipuin labur baten bidez, Jesusen bigarren etorrera hori azpimarratu du testuak. Nagusia urrunera joan da, baina itzuliko da; gutxiena uste denean. Horregatik, erne eta adi egon behar du jendeak.
Ebanjelioko testu labur honetan, irudi bikoitzen hitz-jokoa dator: lo eta esna. Horregatik errepikatzen da hainbat aldiz «egon zain», «egon adi».
Giltzarria, beraz, zerbitzarien jarrera da. Etorri datorrena da Jesus. «Esna zaitez lo zauden hori, eta Kristo izango da zure argia». Ez da pentsatu behar, egun batean etorriko dela; izan ere, une oro, memento oro dator Jesus.
Esperantzaren aldia da Abendualdia. Esperantza horren muina, mamia, edukia Jainkoaren erreinua da: gizakia zorioneko, solidario, adiskide, bake-jende izango den erreinua. Ernst Bloch filosofo ateoak honela definitu du giza bizitza: «oraindik izan ez, baina izatera iristeko eginahalak egitea». Ez al da ageri esaldi horretan, hein batean bederen, kristauon leloa?: Kristoren utopia bizitzea da esperantza: artean edo oraino erabat ez dena, baina egun batean izan izango dena. Har dezagun gogoan: Kristoren utopia.
HERRIAREN ESKARIAK
1.- Kristau guztien alde: Jainkoaren erreinuaren testigantza egin dezagun, batak bestea eta jende guztia esperantzaz kutsatzen saia gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Zuzengabekeria, esplotazioa, bortxaketa eta indarkeria bizi duten guztien alde: esperantzaz nork hitz egingo dien izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Jende xume eta apalaren alde: boteretsuen hitz engainagarrietan eror ez daitezen; argi bila nora joan izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Hemen bildu garen guztion alde: erne bizi gaitezen; ez heriotza ona lortzeko, baizik eta bizitzaldi hau zuzen eta eginkor bizitzeko. Eska diezaiogun Jaunari.
[[[5.- Larunbatean bakarrik: Mattinen alde: guraso on-onak, aita-ama ponteko arduratsuak, aitona-amona bizi-biziak izan ditzan: giza biziera jator baten bidea, egoismorik gabe, berak nola aurkitu, berak nola hautatu, berak nola zaindu, berak nola egin agertu diezaioten. Eska diezaiogun Jaunari.