Urteko 33. igandea A (2017-11-19)
Enplegatu beldurtia eta emakume enpresari ereduzkoa (Mateo 20 25,14-30)
Joan den igandeko parabolak (hamar neskatilenak) pertsona azti eta begiratu izateko eskatu zigun. Gaurkoak ekintzaile izateko eskatzen digu, Jainkoagandik hartutako dohainei kutsua ateratzen saiatzeko. Jesus lehentxeago, beste parabola batean, nagusiaren eta beronen enplegatuen irudiaz baliatu da. Berriro hartuko du irudi bera, baina kultura hiritar eta aurre-kapitalistako testuinguruan jarriz. Oraingoan, jaunaren aberastasuna ez datza lur, soro eta abere eta artalderen jabe izatean. Eskudirutan milioiak izatean datza; izan ere, zorioneko «talentu» horiek ez dute zerikusirik adimenarekin. Talentuak zilar-kantitate bat adierazten zuen, desberdina lurraldeen arabera: 26 kilo inguru Grezian, 27 Egipton, 32 Erroman eta 59 Israelen. Beraz, hiru administratzaileek, gutxi gorabehera, 300, 120 eta 60 kilo-zilar hartu dute hurrenez hurren.
Enplegatu beldurti, zabar eta alferra
Lehen biek bikoiztu egin zuten kantitatea, gomendatu zien diruarekin tratuan jardunez. Baina parabolak hirugarrenari erreparatzen dio nagusiki: leku ezkutu bat bilatzen saiatu da, zulo bat egin eta han gorde du talentua. Gaur egungo irakurleak, antzeko kasu asko ezagutzen dituelarik, buru-argiena zein izan den galdetuko dizu. Zer da hobea: kapitala akzio arriskutsuetan ipintzea ala kutxa gotor batean gordetzea? Aitzitik, parabolako jaunak argi eta garbi du: dirua inbertitu egin behar zuen eta kutsua atera, lehen bi enplegatuek egin zuten bezala.
Zergatik ez du egin gauza bera hirugarrenak? Berak esan du: jauna ezagutzen duelako, beldurra diolako, eta nahiago izan duelako arriskurik ez jasan. Eta labur bukatu du: «Hemen duzu zeurea».
Jauna, ordea, ez dator bat, ez aitzakia horrekin, ez jarrera horrekin. Azken batean enplegatuari eragin diona, ez da izan beldurra, baizik zabarkeria eta alferkeria. Bost axola diote bere jauna eta honen interesak. Eta bere erabakia hartu du jaunak, gaur egun, sindikatu guztien manifestazioa eta iskanbilak eragingo lituzkeena: kartzelara bidali du («bota ezazue kanpora, ilunpera»).
Arazoa geure buruari aplikatuz
Sindikatuek arrazoia izango lukete, eta enplegatua berrartzea lortuko lukete, kalte-galerak berak ere ordaintzea. Baina parabolako Jauna ez dago, ez sindikatuen mende, ez lan-auzitegien mende. Eskubide osoa du gutako bakoitzari kontuak eskatzeko, gomendatu digun altxorraz.
Neskatilen parabolan olioarekin gertatu zen bezala, talentuez ere askotariko interpretazioak eman izan dira: giza kualitateak ote diren, fedearen dohaina ote den, Eliza barneko misio edo eginkizuna ote den, etab. Horietan ezerk ez du bestea baztertzen. Parabolak aukera bikaina demaigu, auto-azterketa bat egiteko: zer hartu dut Jainkoagandik, maila guztietan: maila gizatar, erlijioso, familiar, profesional, eliztarrean? Zer egin dut harekin? Kutxa gotor batean gorde? Mesedegarri izan al da besteentzat? Mateoren ebanjelioan bertan esaten denez: Nire argiak egin al du distirarik gizon-emakumeen aurrean, zeruko Jainkoa aintzatu dezaten? Uste al dut, nahikoa dela esatea: «Hemen duzu zeurea»?
Irakaspen nahasgarria
Parabola, hitz oso bitxiz bukatu da: «Duenari emango zaio, eta ez duenari kenduko zaio duentxoa ere». Zertan gara? Badu ala ez? Esaldia ez dator, gero, kopiatzailearen oker batetik, bere horretan dator hiru ebanjelio sinoptikoetan (Mt 13,12; Mk 4,25; Lk 19,26). Daitekeena da, Jesusek berak puntu hori geroago argitu nahi izana, hiru enplegatuei bere kapitala gomendatu dien jaunaren istorioa dela medio. Honela, gardenago gelditu da esaldia: «Ekoizten duenari emango diote, eta ekoizten ez duenari kenduko diote duen hura». Parabola horrek, azkenean, bi bertsio aski desberdin izan zituen, Mateorena, gaur irakurria, eta Lukasena (19,11-27). Lukasek, sindikatuen haserrerik ez eragiteko, ez darama kartzelara enplegatu zabarra, denarioa kentzera mugatu da.
Emakume enpresari ereduzkoa (lehen irakurgaia: Esaera Zaharrak 31,10-13.19-20.30-31)
Parabolaren testuinguru ekonomikoan, oso ondo ahokatzen da Esaera Zaharrak liburuak aipatzen duen emakumearen irudia. Elizen Arteko Bibliak «emakume jatorra» emanez euskaratu du (Belokeko Marcel Etchehandyk: «emakume aria»=aritzen dena emanez). Testuak lehen itzulpen hori baino zehazkiago deskribatu du emakume hori. Aldi berean enpresari ona den emakumeaz ari da (argiago geldituko zen hori, liturgiak testua eten ez balu): premian direnekin eta bere zerbitzariekin eskuzabala, arduratsua bere seme-alabekin eta senarrarekin, herrikideek errespetua eta estimua diotena, berak ere Jauna errespetatzen duelako. Interesgarria da irudi hau, duela hogei edo hogeita lau mende idatzitako liburu batean emana; gure esaera zaharraren hain desberdina: «Ez diezaiozula eman emazteari zeurea duzun eskua eta boterea, nahi ez baduzu zeure burua lotsaz ikusi». Poema osoa irakurri nahi duena (Esaera Zaharrak 31,10-30) jabetuko da emakume honek garatzen duen egundoko jardueraz, goizean goizetik arrats beranduraino. Bikain inbertitzen jakin du Jainkoagandik hartutako kapitala (direla bost, bi edo bat talentuak).
José Luis Sicre