Urteko 31. igandea A 2017-11-05
HOMILIA

Anai-arrebok!

Bada gaurko mezako bigarren irakurgaian esaldi bat oso kontuan hartzekoa. Europan, gaur egungo Grezian zegoen eta dagoen Tesalonikan, sortu zuen lehen kristau-elkarteari Paulo santuak esandakoa da: «Maitasun samurrez tratatu zaituztet, ama batek bere seme-alabak zaintzen dituen bezala» (1 Ts 2,1). Bai. Lehen irakurgaian eta ebanjelioan salatzen den buruzagi erlijiosoen jokabidea ez bezala, Paulo santua eredu handi ageri da: ez da baliatzen jendeaz bere probetxurako; alderantziz, bere burua nekaraziz, jendearen zerbitzari zintzo ageri da. Neure bizitzako anekdota bat datorkit burura. Urte askotan, bi taldetxorekin batean, Biblia lantzen jarduna naiz. Denbora luzean, San Paulo aztertu genuen. Azterketa horretan aurrera samar joanak ginela, gogoratzen naiz, taldetxoko batek esan zuela: «hau beste Paulo bat da; beste iritzi bat nuen nik Pauloz».

Lehen irakurgaian Malakias profeta ari zaigu. Kristo aurreko IV. mendera garamatza irakurgai horrek. Babilonian erbestean zen jende asko itzulia da Israelera. Lebitarrak, apaizak, gero eta indar eta botere handiagoa hartzen ari dira. Baina ez dira ari batere jator.

Malakias profetak funtsean bi oker leporatzen dizkie. Batetik, ez dute Jainkoa gurtzen; ez diote kasurik egiten. Bestetik, herrian injustizia handi bat eragiten eta sustatzen ari dira: erbestetik etorri direnei, eskubidea aitortzen diete Israelen bizi izan direnei landu dituzten lurrak kentzeko. Alde handia, beraz, Paulo santuak agertu digun jokabidearekiko. Eta gauza bertsua leporatuko die Jesusek fariseuei eta lege maisuei.

Gaurko ebanjelio osoa, fariseuen eta lege-maisuen kontra Jesusek ikasleei esandako hitz hauek laburbiltzen dute: «Egizue esaten dutena; ez egin egiten dutena. Esan, esaten baitute, baina, egin, ez dute egiten».

Biblian aditua den Sicrek esango digu: esan ere ez dutela, askotan, gauza zuzenik esaten; beraz, kontuan ibili behar dela halako haiek esaten dutenarekin ere.

Hain zuzen, dio Sicrek, ebanjelioko beste testu batzuetan Jesusek kritikatu egiten duela esaten dutena ere. Adibidez, ikasleei esan die, kontu handia izateko « lege-maisuen eta fariseuen legamiarekin» (Mateo 16,6); gainera: «Zama astunak lotu eta besteei leporatzen dizkiete, baina berek ez dute atzamar bat ere mugitu nahi» (Mateo 23,4); etab.

Eta zer egiten dute? Beti, beren burua agertu. Beti itxurakeriak egin. Beti besteez baliatu bere probetxurako.

Senideok, geure buruari aplikatu beharko genioke hau guztia. Egia da, bai lehen irakurgaia, bai ebanjelioa, arduradun edo buruzagi erlijiosoez ari direla, baina ezin uka, guztiok garela interpelatuak modu batean edo bestean, neurri batean edo bestean.

Gaur egungo Elizako arduradunei gagozkiela, zer esanik asko izango genuke. Ez, noski, dena txarra. Jende askok egin du buru-garbiketa bat, bai Vatikano II.a kontzilioa dela-eta, bai Frantzisko aita santua dela-eta. Pentsatu, garai batekoak garen apaiz, erlijioso-erlijiosa, gotzain etab. beste ikusmolde batean haziak eta heziak izan ginela. Buruko txipa aldatu beharra izan dugu.

Dena den, esan beharra dago ere, gauza asko dela aldatu beharreko gure Eliza maite honen buruzagien buruan eta jokabidean. Bai jokabideari dagokionez, bai irakaspenari dagokionez. Adibide xume bat, Aita Santuak eta Sarah kardinalak agertu digutena: Aita Santuak erabaki du, hemendik aurrera itzulpen liturgikoak argitara emateko orduan, itzulpenaren azterketa ez dela egingo Erroman, baizik tokian tokiko Gotzain Batzarrak egingo duela; agindu hori ur-ardo bihurtzeko, bere interpretazioa zabaldu du munduan Sarah kardinalak. Aita Santuak berehala dei egin dio, zabaldu duen interpretazio hori faltsua dela, eta interpretazio zuzena zabaltzeko, faltsua zabaldu duen bezala.

Jakina, kardinalen, gotzainen, apaizen etab. interpretazio faltsuak edo erdi-faltsuak ez dira agertzen askotan hain agerian. Baina kristauak adi egon eta bizi beharko luke, esaten diotena ebanjelioaren araberakoa den ala ez aztertzeko.

Lehentxeago esan dut, gaurko ebanjelioak guztiok interpelatzen gaituela. Izan ere, gizakiok, psikologikoki harturik, joera izaten dugu, modurik ahalik lasaienean bizitzeko: geure erantzukizuna besteen gain jartzeko. Baina giza jokabidea al da nork bere erantzukizuna besteei uztea. Kristau-jokabidea al da neure erantzukizuna apaizaren edo gotzainaren gain uztea? Apaizak esan du, gotzainak esan du, esanez? Eta norberaren kontzientzia?

Paulo santuak etsenplu handia eman digu: «Nik ere oso gustura emango dut dudan eta naizen guztia zuengatik» (2 Korintoarrei 12,15).

Lagundu gaitzala Andre Mariak, norbait «ardorik gabe» ikustean, «ardo hori» eman dezakeenari eskatzera joaten; lagun gaitzala Andre Mariak, norbait gurutzean ikusten dugunean, haren ondoan egon, bizi eta jarduten. Argitu gaitzala Jesusen Espirituak.

Dionisio Amundarain