Urteko 27. igandea A 2017-10-08
HOMILIA
Anai-arrebok!
Joan den igandeko parabolak, gaurkoak eta datorren igandekoak batasun bat eratzen dute. Gogoan dugu joan den igandekoa: aitak bi semeei mahastira lanera joateko esan die, eta biek erantzun desberdina eman diote. Gaurkoan, errenteroek ez diote ordaindu nahi mahasti-jabeari uzta-zatia. Datorren igandekoan, eztei-otordura gonbidatuak izan direnek ez dute joan nahi izan.
Hiru parabola bat datoz «ez» esatean: seme batek «ez» esan dio aitari, errenteroek «ez» esan diote mahasti-jabeari, gonbidatuek «ez» esan diote gonbidatu dituenari.
Hiru parabolekin, Israelgo aristokraziako apaizek eta buruzagiek egin dioten galderari erantzun nahi die Jesusek. Jerusalemeko Tenplua garbitzen hasi da Jesus, eta galdetu diote: «Zer aginpidez egiten duzu hau guztia?» Eta hiru parabola hauen bidez erantzun nahi izan die. Apaizek eta buruzagiek froga juridikoak, legalak, eskatzen dizkiote Jesusi. Ez dute ulertu profetek ez dutela jokatu aginpide legalen, juridikoen bidez, baizik eta beren aginpidea, Jesusek berak bezala, Jainkoagandik hartu dutela. Ez dute ulertu, giza legeak ematen duen aginpidearen gainetik badagoela beste aginpide bat: Jainkoak bihotzean eta kontzientzian ezartzen duena. Besteak beste, gogora ditzagun Eginak liburuko pasadizo hauek; Jesusen piztuera ondokoak dira: batetik, Pedrori eta Joani herriko agintari, zahar eta lege-maisuek galdetu zieten: «Zer ahalmenez egin duzue hori? Nor eman dizue eskubidea?» (Eginak 4,7); bestetik, Pedrok eta Joanek emandako erantzuna: «Guk ezin dugu inola ere, entzun eta ikusi duguna isilik gorde» (Eginak 4,20); eta beste behin: «Jainkoaren esana egin behar da lehenik, ez gizakiena» (Eginak 5,19).
Eta parabola arretaz entzuteko eskatu die Jesusek. Bere garaian ohikoa zen gertaeraz baliatu da Jesus, parabola moldatzeko. Israelen lur-eremu handiak atzerritar lurjabe handien esku zeuden; errentero-taldeei ematen zizkieten lur-sailak lantzeko; uzta-garaian beren zerbitzariak bidaltzen zituen jabeak uztaren zati handi bat jasotzera.
Mateo ebanjelariak parabola era sinbolikoan hartzera gonbidatu nahi gaitu. Mahasti-jabea Jainkoa da; mahastia Israel herria da; errenteroak Israel herria dira; jabeak uzta jasotzera bidalitako zerbitzariak profetak dira, eta Jesus bera.
Jainkoak bere mahastia, Israel herria alegia, nola zaindu eta mimatu duen adierazteko, aditz hauek erabili ditu Mateok: landatu, hesitu, aitzurtu, eraiki, errentan eman. Bi aldiz bidali dituen zerbitzariak profetak dira; errenteroek, hau da, israeldarrek hil dituzten profetak, alegia. Parabolaren konklusioa: hasierako errenteroei mahastia kendu, eta beste batzuei emango die Jainkoak.
Senideok, gaur egun mahastia gure Eliza maitea da. Errenteroak gu guztiok gara. Saiatuko ahal gara Jainkoaren hitza sumatu, entzun eta ulertzeko, begiak eta belarriak irekirik bizitzen, Jesusen garaiko apaiz eta buruzagiek izan zituzten baino irekiago!
Dena den, jakin beharko genuke, gure arteko gorabeherei begiratzen. Horien bidez hitz egiten digu Jainkoak. Adibidez, Katalunian gertatzen ari dena eta Kataluniakoaz esaten dena argibide izan beharko genituzke. Esaterako, asko kritikatu da Kataluniako 300 apaiz inguruk sinatutako gutuna. Baita Kataluniako gotzain batek agertu duen jarrera eta jokabidea ere. Alabaina, ezer gutxi esan da Valentziako artzapezpikuak eta Oviedoko gotzainak eta Zaragozako artzapezpikuak egin dituzten deklarazio eskandalagarriez; adibidez, Zaragozako artzapezpikuarena: «La Virgen del Pilar quiere la unidad de España». Esango nuke, arrazoi eta aginpide beraz esan lezakeela beste batek: «Montserrateko Andre Mariak Kataluniaren independentzia nahi du» edota «Arantzazuko Andre Mariak Euskal Herriaren independentzia nahi du». Vatikano II.a kontzilioaren ondoren eta Frantzisko aita santuaren aro freskagarrian horrelakorik entzuteak pena ematen du.
Jesusek Espirituak argitu gaitzala, eta Andre Maria izan dezagula bidelagun geure mundualdi guztian. «Zure babesera gatoz ihesi, Jainkoaren Ama; gure otoitzei ez eman esker txarrik behar ordu estuan; arrisku guztietatik onez atera gaitzazu, Birjina eder eta bedeinkatua».
Dionisio Amundarain