URTEKO 27. IGANDEA A (2017-10-08)

SARRERA

Gaur, urteko 27garren igandea ospatzen dugu. Ebanjelioan, joan den igandeko testuinguru bera ageri da. Gogora dezagun joan den igandekoa: Jesusek, lurreko bere azken egunetan, Jerusalemgo Tenplua garbitu nahi izan zuen, handik merkatariak kanpora botaz; orduan, apaizek eta gainerako agintariek galdetu zioten, haserre: «zein aginpidez egiten duzu hori?»
Beren artean, esanahiari dagokionez, aski antzekoak diren hiru parabolen bidez erantzun zien Jesusek. Lehena joan den igandean entzun genuen: «aitak bi semeei mahastira lanera joateko agindu zien»; bigarrena, gaur entzungo duguna, eta, hirugarrena, datorren igandean.
Gaurko ebanjelioan, bekatu latza aurpegiratu die Jesusek Jerusalemgo apaizei eta zaharrei. Hauxe: Israelgo agintariek, historian barna, gogor egin izan diete Jainkoak bidalitako profetei; orain, berriz, bera, Jesus bera, hil nahi dute; gizon-emakumeok imajinatu ere ezin dugun maitasunez, Jainkoak bidali diguna bera hil nahi dute; gizon-emakumeon zimentarri denari uko egin diote: salbazioa eskaintzera etorri den Jesusen aurrean begiak itxi dituzte; bihotza elkortu dute.
Anai-arrebok, guri, zer esaten digu Jesusek gaur egun? Espiritu Santuak argitu gaitzala erneago izateko; argitu gaitzala geure burua ikusten, geure burua Jaunak esaten duenarekin konparatzen; argitu gaitzala, batez ere, geure konfiantza Jesusengan jartzeko, geure buruan baino lehenago eta gehiago.

LEHENENGO IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (5,1-7)

Itun Zaharreko orrialde eder-ederra entzungo dugu segidan. Aldi berean, oso dramatikoa den orrialdea. Jainkoaren kexua eta lantua da. Zergatik? Ba, mahastiak, hau da, Israel herriak Jainkoaren maitasunari erantzuten jakin ez duelako.
Mahastiaren alegoria edo ipuina da. Jainkoak mahasti bat aldatu du, eta defentsa hoberenaz inguratu du. Baina mahasti horrek ez du fruiturik eman.
Esan bezala, mahasti hori Israel herria da; ez da gauza izan Jainkoaren maitasuna onartzeko eta hari erantzuteko. Jainkoak, bere maitasunean, pena sentitu du; pena hori ageri da ipuin honetan; pena, jendeak Jainkoaren maitasun-eskaintza ikusten eta onartzen jakin ez duelako; zuzenbidea eta zuzentasuna ezarri nahi zuen Jainkoak herrian, baina alferrik.
Senideok, orrialde hau guri dagokio gaur. Jakin al dugu Jainkoaren maitasunari erantzuten? Ematen al dugu fruiturik: zuzenbideari eta justiziari dagokien fruiturik? Are gehiago, Jesusen ikuspegian jarririk, ematen al dugu maitasun-fruiturik?

BIGARREN IRAKURGAIA Filipoarrei egindako gutunetik (4,6-9)

Paulo preso dago, eta Filipoko kristau-elkarteari idatzi dio: «Ez zaitzatela ezerk ere estutu». Jainkoagan konfiantza izateko eskatzen die, eta digu.
Bestalde, sentibera izateko eskatzen die. Zertako sentibera? Kontuan hartzeko, esaten die, beren bizitzan ikusten dituzten alde on guztiak: mundua ageri diren egia, jatortasuna, zuzentasuna, garbitasuna, maitagarria eta laudagarria den guztia. Hitz batean, baikor izateko eskatzen die. Bizitzako alde onak ikusteko gai izateko. Horretan guztian Jainkoaren arrastoa suma dezakete eta behar dute. Eta Jainko hori izango dute beren bakea. Jakina, haiei esana, guri esana da gaur.

EBANJELIOA San Mateoren liburutik (21,33-43)

Joan den igandean entzun genuen parabolaren segidan, beste parabola bat kontatu die / digu, Jesusek.
Mahasti-jabe batek bere langileei utzi zien bere mahastia, landu eta fruitua aterarazteko. Ordua iritsi zenean, bere zerbitzariak bidali zituen mahasti-langileengana, fruitua jasotzera. Langileek, ordea, batzuk hil eta besteei tratu txarra eman zieten. Orduan, beste batzuk bidali zizkien jabeak, ugariago, baina langileek lehengo gauza bera egin zuten. Azkenean, bere semea bidali zien, eta hau ere hil egin zuten, horrela mahastiaren jabe izango zirelakoan.
Berez ez da parabola bat, baizik eta alegoria bat da: osagai metaforiko bakoitzari egiazko osagai bat dagokio. Horrela, mahasti-jabea, Jainkoa da; mahastia, Jainkoak hautatu duen herria da; langileak, Israelgo buruzagi erlijiosoak dira; jabeak behin eta berriz bidali dituenak, profetak dira; semea, Jesus bera da; Jainkoak espero dituen fruituak, Isaiasen arabera, zuzenbidea eta zuzentasuna dira; lehen kristauentzat maitasuna zen fruitua.
Bistan da: parabola hau oso polemikoa da. Bi gauza ageri dira nabarmen: batetik, judu-agintariek Jesus Mesias ukatu izana; bestetik, Jainkoak judu ez diren paganoetara jo izana. Lehenengo puntua bista-bistakoa da: agintariak konturatu dira beraien aurka ari dela Jesus. Bigarren puntuari dagokionez, Mateoren kristau-elkartean bazen tirabira antzeko bat, elkartean paganoak ere onartzen zirelako; judu eta pagano, denak, maila berekotzat hartzen zirelako. Egoera horretan, Mateok Jesusen izenean erantzun nahi izan dio elkartekoen kezka horri.
Senideok, gu gara gaur egun Israel berria. Jesusek espero dituen fruituak eman beharra dugu. Fruitu emateak konbertsioa esan nahi du, bihotz-berritzea. Hauek dira kristau-elkartean eman ahal izango ditugun fruituak: maitasuna, karitatea, solidaritatea.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Elizako buruzagien alde: sentibera izan daitezen, nork bere burua ikusi eta kritikatzeko, Jainkoaren nahia eta norberarena bereizten jakiteko. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Kristau guztien alde: nor bere barruan hesiturik bizi ez gaitezen, baizik eta jakin dezagun hitz egiten, entzuten, irakurtzen. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Europar Batasuneko agintari politiko eta ekonomikoen alde: bizitzen ari garen krisialdi handi honetan soluzio bila asma dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.

4.- Kataluniako agintarien alde: bide zuzena eta egokia bilatzeko gai izan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.