Urteko 26. igandea A (2017-10-01)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaurko bi irakurgaien, lehenengoaren eta ebanjelioaren, gai nagusia, esan genezake, BEREIZMENA dela: gizakiaren bihotz-gogoeta egitea, une honetan Jainkoak niri zer eskatzen didan bilatzea; hitz batean, nire aukera Jainkoarekin batean egitea. Bereizmena. Aukera askoren artean bat aukeratzea, egokiena, gizakoiena. Honek, jakina, gizakiak barne-askatasun handia izan eta askatasun handiz bizitzea eskatzen du. Bereizmenak askatasuna eskatzen du.

Lehen irakurgaiak, Ezekiel profetaren kezka eta biziera dakarzkigu. Bi etapa bereiz ditzakegu Ezekiel profetaren bizitzan.

K.a. 597. urtean Babiloniako inperioak israeldar asko eraman zuen erbestera. Israelen gelditu zirenak ez ziren eskarmentatu, eta beren jokabide galkorrean jarraitu zuten; garai hartako ekialdeko mundu hartan jaun eta jabe ziren babiloniarrak xaxatzen, probokatzen jarraitu zuten. Ondorioz, 10 urte geroago, 587an sarraski handiagoa egin zuten babiloniarrek Israelen.

Bi urte horien artean, Ezekiel profeta zentzuzko bizitza eragiten saiatu zen herritarren artean. Agintariek jendea engainatu egiten zuten, babiloniarren arriskua aintzat ez hartzeko esanez. Ezekielek, berriz, zorakeria alde batera utzi, gauza aztertzeko, juzkatzeko, eskatzen zien. Begiak ez ixteko. Norberaren probetxu hutsa alde batera utzi, eta herriaren ona bilatzeko. Bihotz garbiz, gauzak garbi ikusi, bereizi eta aukera ona egiteko eskatzen zien. Etapa horretaz ari da gaurko irakurgaia.

Paulok ere, gaurko bigarren irakurgaian, behar bezalako bereizketa egin ahal izateko, irizpide egoki eta zuzentzat besteen probetxua bilatzea eman digu. Ez norberaren probetxua, baizik besteena. Eta Kristoren jokabidea jarri digu begi aurrean, Jainko eta aintzatsu izanik, itzalpean utzi du bere jainkotasuna, pobre egin da, eta pobreekin eta pobreentzat askatasun bidea agerian jartzen saiatu da. Pauko ere, beraz, bereizmena egiteko eskatu digu. Aukera ona, egokia, senide artekoa egiten saiatzeko.

Ebanjelioan Jesusek bi semeen parabola dakarkigu. Batek aitari «bai» esan dio, baina ez du bete esandakoa. Besteak «ez» esan dio aitari, baina, damuturik, bete egin du aitaren agindua. Jokabide horixe aplikatu eta leporatu die israeldarrei. Esan die: zuek, buruzagiok, bai esan diozu Legeari, baina hor etorri zaizue Legearen ordezkari handia, hor etorri zaizue Joan Bataiatzailea, eta ez diozue kasurik egin; ez zarete gai izan, adoratzen omen duzuen Jainkoaren hitzari eta borondateari Joan Bataiatzaileagan antzemateko. Aitzitik, prostituituek eta zerga-biltzaileek, zuek bekataritzat ematen dituzuen horiek, onartu egin dute Joan Bataiatzailea: Jainkoaren hitza eta borondatea ikusi dituzte harengan. Aukera zuzena egiten jakin dute.

Senideok, geure bizitzan aukera asko egin behar izaten dugu. Egunero, ordu oro. Batzuetan aukera handiak. Zein irizpidez baliatzen gara aukera egitean: gauza bat ala bestea aukeratzean. Esaterako, pil-pilean dute gaur katalanek egundoko aukera bat egin beharra. Zein irizpidez baliatuko dira. Zein irizpidez Madrileko gobernuak? Zein irizpidez Kataluniako agintariak? Zein irizpidez katalan-herria?

Baina ez genuke gelditu behar galdera teoriko batzuk, geuri zuzen-zuzenean ez dagozkigunak, egitearekin. Nork bere bizitzan zein aukera egiten ditugu? Honela jantzi ala bestela jantzi? Jai-otordua etxean egin ala jatetxean egin? Haurrak haurtzaindegira edo ikastolara bidali eta etxean jaso ala haurtzaindegian eta ikastolan eta etxean zer heziera eman arduratu? Senarra kalean alde batera eta emaztea beste alde batera ala etxean eta kalean biak batera?

Jesusek, bizitzan bereizmen zuzena egiteko irizpidea eman digu: ez norberaren probetxua, baizik besteen probetxua bilatu. Esaterako, etxean eta kalean elkarrekin ageri ohi diren senar-emazteek, bi gauza agertzen dituzte: batetik, bata bestearentzat bizi direla; bestetik, espresuki pentsatu eta bilatu gabe ere, mundu guztiari maitasuna zer den agertu nahi diotela; Jainkoak mundua nola maite duen agertu nahi diotela; Jainkoaren maitasunaren sakramentu edo seinale edo ikur izan nahi dutela. Benetako bereizmena egin nahi dutela, eta benetako bereizmena egitera eragin nahi diotela munduari.

Argitu eta lagundu gaitzala Jesusen Espirituak. Izan dezagula gogoan Andre Maria ere.
Dionisio Amundarain