MEZAKO OHARPENAK
URTEKO 26. IGANDEA A (2017-10-01)

SARRERA

Anai-arrebok, urteko 26garren igandea ospatzen dugu gaur. Urtekoa! Aspaldi samar utzi genuen atzera Pazkoaldia; esateko modu bat da hori; izan ere, Eukaristian igandero ospatzen dugu Pazkoa: Jesusen misterio handia: heriotza eta piztuera. Bai. Baina Pazkoaldiaren ondoren, Urtekoa esaten dugun aldia ari gara bizitzen. Eta zer berezitasun du urtealdi honek? Ez al zara konturatu? Igandero-igandero, apurka-apurka, Jesusen ebanjelioa irakurtzen eta entzuten ari gara. Eta zergatik ez esan? Bizitzen ari gara Jesusen ebanjelioa. Ez dakigula gerta, gaurko ebanjelioko parabolako anaia bietako batena:« bai» esan, eta «ez» egin.
Bai, ebanjelioan haserre mintzo zaie Jesus herriko buruzagiei. Aitari mahastira joango dela esan dion, baina joan ez den semearekin konparatu ditu buruzagi horiek.
Aitzitik, ez dela joango esan, baina gero lanera joan den anaiaren kontrako errabiarik ez du agertu Jesusek. Izan ere, Jainkoak badaki itxaroten. Maitasunak badaki zain egoten. Jainkoak ondo asko daki, geure bizitzan ez eta bai ibili ohi garela; zain-zain dago, «bai» hori noiz nagusituko zaion gure bizitzan «ez» horri.
Senideok, gauza ona zer den aurkitzea, gauza zaila da. Argi eta kemen beharra dugu horretarako; bereizmen beharra; gauzak bereizten jakin beharra. Jesusen Espirituak ematen dizkigu dohain horiek. Bereizmena: zer eskatzen dit Jaunak une honetan: lo egitea ala telebista ikustea?; neure familiari kasu egitea ala otoitzera joatea? Saia gaitezen argibide horien bila Eukaristia honetan, eta eguneroko geure bizitzan.

LEHENENGO IRAKURGAIA Ezekiel profetaren liburutik (18,25-28)

Babiloniako inperioak K.a. 597an deportatu zituen israeldar asko. Eta 587an erabat suntsitu zuen Jerusalem hiria; Tenplua ere bai, jakina. Bi data horiek banatzen dituzte Ezekiel profetaren bi aroak; lehenengoan, herrian bizi dituzten iskanbilak eta injustiziak salatu ditu; bigarrenean, esperantzarako deia hots egin du.
Gaurko pasarte hau, lehen arokoa da. «herriaren aurrean Jainkoaren zaintzaile» bezala dakusa bere burua; mehatxatzen duen arriskuaren aurrean, herria ohartarazteko jarria den gizon bezala.
Horiek horrela, atentzioa deitzen dio bere herriari. Istilu eta nahasmendutan murgildurik eta itsuturik dabil. Besteak beste, sentimendu abertzaleak direla-eta manipulatu egiten dute herria liderrek; babiloniar erasoaren aurrean optimismo zoroa eragiten ari dira herri-agintariak. Horrekin guztiarekin, Babiloniaren bigarren parte hartzea prestatzen ari dira; Babilonia xaxatzen ari dira.
Nahas-mahas honetan, zuhurtasunerako deia egin die Ezekielek. Gaurko pasarte hau barne duen Ezekielen 18garren kapitulua, salaketa eta guzti, uste- eta esperantza-emailea da. Esperantza adierazten dute Jainkoaren hitz bikain hauek: «nik ez dut atsegin inoren heriotza; itzuli, bada, eta bizi zaitezte » (18,32).

BIGARREN IRAKURGAIA Filipoarrei egindako gutunetik (2,1-11)

Filipoko kristau-elkartean ez zuten bizi problema larririk. Halere, bazuten ezbairako joeratxorik. Haiek ere, Jesusek fariseuei eta apaizei esango dien bezala, arriskua dute kontzientzia faltsu bat sortu eta hari temati loturik bizitzeko:« ni ona naiz, ni ona naiz, ni besteak ez bezalakoa naiz, ni…» esanez ibiltzeko arriskua.
Kristoren arabera dabiltzan ala ez ezagutzeko, irizpide hau eman die Paulok filipoarrei: «bihotz errukitsua» izatea. Hau da: gizarteak baztertu duen jendeari baldintzarik gabeko maitasuna agertzea. Beraz, kristauak ez du aski elizkoi edo otoitz zale izatearen irizpidea; Jesusen bidea betetzea da irizpide nagusia, Jesusen bidea praktikatzea, gauzatzea. Betikoa: egitea, esatea baino gehiago.
Horiek horrela, elkartasuna bizitzeko eskatzen die Paulok, umil eta apal izateko. Eta eredutzat Kristo bera proposatu die. Horretarako oso ezaguna den Kristoren gorazarrea gogorarazi die. Alde batetik, gurutzeko heriotzaraino esaneko izan da Jesus, beheratu egin da; bestetik, zeruko Aitak goratu egin du.

EBANJELIOA San Mateoren liburutik (21,28-32)

Gaurko pasartea baino lehenago, mahastiko langileen parabola agertu die Jesusek Jerusalemgo buruzagiei: langile guztiek soldata bera jaso dute, lanean ordu-kopuru desberdina egin duten arren. Joan den igandean irakurri genuen parabola hori.
Hika-mika giroko parabola zen hura. Gaurkoa ere halaxe da. Datorren igandekoa ere hala izango da. Jesusen bizitzako azken aldikoak dira hirurak.
Gaurkoan, bi semeen parabola entzungo dugu. Aitak eskatuari erantzunez, lehen semeak joango dela mahastira, lanera, erantzun dio, baina ez da joango; bigarrenak erantzun dio ez duela gogorik joateko, baina geroago han doa lanera.
Bi jarrera dira: bata, damutuarena; bestea, hipokritarena: esan «bai», baina egin «ez».
Segidan, bi bekatari-mota tipiko aipatzen ditu Jesusek: batetik, zerga-biltzaileak eta prostituituak; hauek konbertitu dira Joan Bataiatzailearen hitzak entzutean; bestetik, Jerusalemgo apaizak eta buruzagiak; hauek ez diote kasurik egin Joani. Prostituituak eta zerga-biltzaileak jende nazkagarria zen on usteko jendearentzat; besteak sistemari atxikiak ziren. Haiek, ordea, bihotz leunagoa agertu dute; hauek zekenago agertu dira
Batetik, damutuak; bestetik, tematuak. Guztioi dagokigu parabola.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Ezarritako sistemari, eskema zaharkitu bati, alderdi politiko bati… lotu-lotuak bizi direnen alde: Pauloren esanera, bihotz-apalago, bihotz-bigunago, bihotz-askeago, bihotz-bilatzaileago, bihotz-errukitsuago izan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Herri-agintari guztientzat: jo dezatela zorrotz eta adoretsu giza eskubideak errespetatzera, eta saia daitezela herrien arteko solidaritatea indartzen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Euskal Herrian langabe direnen alde: beren arazoa konpondurik edota, gutxienik, arindurik ikus dezaten laster. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Munduko herri guztien alde: bila dezatela bidea, gizarte-zuzentasuna eta anai-arreba arteko solidaritatea gauzatzeko. Eska diezaiogun Jaunari.