Urteko 25. igandea A 2017-09-25
HOMILIA
Anai-arrebok!
Gaurko ebanjelioa ulertzeko argibide hau dakarkigu gaurko lehen irakurgaiak: «Zuen asmoak ez dira nire asmo; zuen bideak ez dira nire bide». Hori bera zehazten du Jesusek gaurko ebanjelioko parabolarekin: ordu bat bakarrik lan egin dutenei, egunsentitik ilunabarrera lan egin dutenei bezala ordaindu die: denario bana. Eskandalagarria orduko eta gaurko gizon-emakumeontzat. Baina horrelakoa da Jainkoa: ez da merkatari bat, ez da salerosketa dabilen pertsona bat, ez da «odolkiak ordainetan» esaten duen pertsona mendekatzaile bat. Doakotasun hutsa eta betea da Jainkoa. Doan ematen digu bizia, doan eman digu fedea, doan eman digu Jesus salbatzaile eta askatzailea.
Bestetik, esandako hori bera esplizitatzen eta argitzen digu ebanjelioko esaldi honek ere: azkenak direnak lehenengo izango dira, eta lehenengo direnak azkeneko. Hitz horiekin bukatzen da gaurko ebanjelioa. Baina hasi ere, Mateoren ebanjelioko 19,30eko hitz berorien segidan hasi da gaurko ebanjelio hau.
Hain zuzen, Galileatik irten, eta Jerusalemera bidean doa Jesus, eta azken irakaspenak ematen ari zaio Jesus jendeari. Jainkoaren erreinuaz hitz egiten dio. Eta erreinu horren iruditzat dakar mahastia. Jesus bera da erreinu horren buru. Eta ardura handia du erreinu horretaz, mahasti horretaz. Langile bila dabil. Baina, Jesusek berak duen jarrera izango duten langileak nahi ditu. Hobeto esan, gizon-emakume guztiak nahi ditu langile mahasti horretan. Ez bakarrik lehen ordukoak; ez bakarrik txikitatik bera ezagutu izan dutenak; baizik eta azken minutuan ezagutu dutenak ere bai.
Hain juxtu, mahastia gizon-emakumeok osatzen dugu. Herri osoa dago deitua mahasti horretara, lanera. Batzuk lehenago, beste batzuk beranduago iritsiko badira.
Mahastia Biblian Israel herriaren iruditzat erabili izan da. Jainkoak maite duen herriaren iruditzat. Oso esanahitsuak dira, adibidez, bi pasarte hauek. Batetik, 1 Erregeak liburuko 21. kapitulukoa: ustelkeriari emana den Akab erregeak bere mahastia erosi nahi dio Nabot pobreari; honek ezetz eta ezetz; ezin diola saldu ondare hartu duen mahastia; azkenean, bere biziarekin ordainduko du Nabotek bere ezezkoa. Bere mahastia maite duen Jainkoaren irudi da Nabot: bere mahastia salbatzeagatik hil den Jesusen irudi. Bestetik, Isaias profetaren 5. kapitulua gogoratu nahi dut: «mahastiaren maite kanta» titulua eman ohi dioguna: nire adiskideak bazuen mahasti bat, mimorik handienaz zaindu du; mahastiak, ordea, ez dio erantzun maitasun horri: «zer egin niezaiokeen neure mahastiari egin diodanaz gainera?» Israel da mahasti hori. Halere, herri hori maitatzen jarraituko du Jainkoak.
Senideok, 21. mende honetan, gu gara Jainkoaren mahastia. Gure bila atera ohi da mahasti-jabea lanera joan gaitezen. Eskaintzen digun soldata denario bana da; baina denario hori Jesus bera da: Ni zeuekin izango nauzue beti.
Parabolan lehen ordukoak marmarrean hasi dira. Moisesen garaian, basamortuan, israeldarrak bezala. Marmar horrek Jainkoaren kontra jaikitzea esan nahi du: munduko tragediak eragozten ez dituelako, familiako gorabeherak eragozten ez dizkigulako, aberatsak gu baino aberatsago direlako, etab. Ez dugu ulertu, zer jokabide bizi izan duen Jesusek: pobre egin da, pobreen lagun, pobreen askatzaile, biktima pobre bihurtu da biktima pobreak askatzeko; ez dio eskatu zeruko Aitari aingeru-talde handi bat munduko zapaltzaileak zapaltzeko; eta munduko pobreak gonbidatu ditu mahastian lan egiteko, zuzenaren alde, maitasunaren alde; eta azkenean bere burua, bere bizia eskaini du.
Senideok, har ditzagun gogoan gaurko lehen irakurgaiko hitz hauek: zuen asmoak ez dira nire asmo, zuen bideak ez dira nire bide; har ditzagun gogoan gaurko ebanjelioko hitz hauek: azkenak direnak lehenengo izango dira. Eta animatu gaitzatela gaurko bigarren irakurgaiko San Pauloren hitz hauek, kartzelatik Filiposko kristauei idatziak: «Hau da garrantzizkoa: egin eta bizi dezazuela ebanjelioaren araberako eta duin den biziera».
Dionisio Amundarain