Urteko 23. igandea A 2017-09-10
HOMILIA
Anai-arrebok!
Gaurko bi irakurgaiek, lehenak eta ebanjelioak, gai nagusi hau dakarkigute: Jainkoaren seme edo alaba bat ezin mugatu da bere buruaz arduratzera; bere izaeraz, Jainkoaren seme edo alaba den aldetik, gizadi osoarekin dago konprometitua. Gai nagusi hori, arazo zehatz eta jakin baten inguruan argitu digu gaurko ebanjelioak: batetik, zer egin elkartearen aurka bekatu egin duen pertsona batekin?; bestetik, zer egin behar du kristau-elkarteak bere burua elkarte horretatik kanpo jarri duen pertsona batekin?
Beste hitz batzuekin esanda: batetik, bekataria zentzarazteaz mintzo zaigu ebanjelioa, bekatariari kargu hartzeaz, bekataria zuzentasunera gonbidatzeaz; bestetik, erregu guztiei kontra egin dien bekatariaz eten gabe otoitz egiteaz mintzo zaigu ebanjelioa.
Lehen irakurgaian, Ezekiel profetak Jainkoaren mezu hau entzun du: herriaren zelatari, arduradun, zaintzaile jarri zaitut; oker bat egin duena, onbideratzen ez bada, galdu egingo da, eta zu zeu ere galdu egingo zara, okerra egin duenari lagundu ez badiozu; baina onbideratzen laguntzen badiozu, onik aterako da hura, eta onik aterako zara zu zeu ere.
Profeta guztien ezaugarria da hori. Eta guztiok gara profeta, bataioa dela medio. Profetak adi eta azti bizi behar du gizartean eta munduan gertatzen den guztiaz. Eta adi eta azti Jainkoaren hitzaz. Aspaldiko esaera da: kristauak egunkaria eta Biblia eskuan dituela bizi behar du; egunkaria, munduan zer gertatzen den jakiteko; Biblia, mundu horri Jainkoaren Hitza aditzera emateko.
Mateoren gaurko ebanjelioak, oker bat egin duen pertsona baten inguruan, kristau-elkarteak zer egin behar duen argitzen digu. Garai hartako kristau-elkarteetan bizi zituzten gatazkak aireratzen ditu Mateok. Zer egin bekatari batekin? Jakina, gaur ere balio duen mezua da.
Garaiko Erromatar Inperioan, ez zekiten errukia zer den. Judu askok, eta kristau egindako juduk askok, zorroztasuna predikatzen eta eskatzen zuten. Gaur ere zenbat eta zenbat zorroztasun besteekiko!
Mateo ebanjelariak, Jesusen izenean, bekatariari onbideratzen lagundu beharra predikatzen du, bekataria onik ateratzen saiatu beharra.Horretarako kode-moduko bat, jokabide bat zehaztu du Mateok. Eta esan digu:
Norbaitek bekatu egin duela? Ez zaitez hasi bekatu hori aireratzen. Zoaz isil-isilik eta zu zeu bakarrik bekatariagana. Ea kasurik egiten dizun. Ez badizu kasurik egiten, zoazkio lagun batekin edo birekin. Kasurik egiten ez badizue, agertu iezaiozu elkarte osoari.
Elkarteari ere kasurik egiten ez badio, bere burua elkartetik kanpo ipini du berak. Baina orduan ere ezin esan diozue «hor konpon». Orduan ere egizue otoitz. Eta otoitz egitean, hor izango duzue Jesus bera, eta Jesusekin egindako otoitza entzungo du zeruko Aitak. Ez arduratu erantzuna noiz izango den. Izango da.
Senideok, kristau-elkartea solidaritate-elkartea da, elkartasun-elkartea da, Jainkoak maite dituen gizon-emakume guztiez arduratzen den elkartea.
Gure gizarte neo-liberalak ez daki zer den pertsona bat onartzea, ez daki zer den gizakiaz ardura. Dirua ez da errukiaren lagun. Mateok bidea seinalatu nahi digu kristauoi, bidea argitu nahi digu. Ebanjelioa ez da inor zokoratzearen alde. Ebanjelioa biltzaile da, elkartzearen mezu da.
Mezu horixe eraman du Frantzisko aita santuak Kolonbiara. Eliz jendea oso zatiturik dago han. Gizartea oso zatiturik dago han. Jende askok ez du onartzen FARC-ekin (Fuerzas Armadas Revoluconarias de Colombia) gobernuak egin duen konponketa; jende askok uste du, eskuzabalegi jokatu duela gobernuak. Esan bezala, asko dira gobernuaren kontra agertu direnak: gotzain eta apaiz asko, kristau laiko asko, kristau ez diren asko. Frantzisko aita santua adiskidetasuna, adiskidetzea hots egitera joan da. Ebanjelioa hots egitera.
Kolonbiako gobernuaren eta Farc-ekoen arteko auziak munduko leku askotan ditu kideak eta antzekotasunak, Euskal Herria barne. Eska diezaiogun Espiritu Santuari argia, ebanjelioaren araberako errukia eta bidea sakondu, ulertu eta bizitzeko. Arantzazuko Andre Maria izan dezagula gogoan eta bidelagun.
Dionisio Amundarain