URTEKO 22. IGANDEA A (2017-09-03)

SARRERA

Anai-arrebok, urteko hogeita bigarren igandea ospatzen dugu gaur. Jesusen ikasleei asko kostatu zitzaien Jesusen biziera, bizitzeko era, ulertzea. Jesusek, Mateoren arabera, lau aldiz iragarri zien ikasleei Jerusalemen hilko zutela. Iragarpen haietako batean, Pedrok kontra egin zion Jesusi: «hori ezin gerta dakizuke». Eta Jesusek gogor erantzun zion.
Pedroren hitzak tentazio handi izan ziren Jesusentzat: bere egitekoa alde batera uzteko eskatu zion Pedrok Jesusi. Jesusek baino lehen, Jeremias profetak ere tentazio handia izan zuen bere egitekoari uko egiteko (gaurko lehen irakurgaia).
Inor ez da libre tentazio horretatik. Bizitzan zailtasun bat etortzean, zer errazago amore ematea baino? Bizitzan, gurutze-bidearen aldamenean, arrosa-bidea ikustean, zer zentzuzkoago, itxuraz, azken honetara jotzea baino? Baina ez.
Jesus ez da etorri mundu honetara zailtasunen aurrean amore ematera; ez da etorri, jendeari gustua emateko, bide erraz bat eskaintzera; ez da etorri ere zeruko Aitari gizon-emakumeok egin diogun irainaren eta burlaren ordaina ematera; ez, ez da etorri gure bekatuaren ordaina ordaintzera; ez da etorri, Jainko Aitak norbait gurutzean eta odoletan ikusi nahi duela adieraztera.
Honetara etorri da Jesus: bidea galdurik gabiltzala adieraztera; hartu duguna ez, baizik beste bat dela bidea erakustera; libre eta zorioneko egingo gaituen bidea erakustera; gurutzea tartean izango bada ere; ez gurutze hori Jainkoak nahi duelako, baizik gizon-emakumeok batak besteari hori desiratzera iritsi garelako. Bide okerra hartzean batak bestearen kontra jokatzen dugu.
Baina argi utzi digu: azken hitza ez da gurutzearena. Zeruko Aitak piztu egin du Jesus. Geure eredua eta ispilua dugu Jesus. Geure gurutzearen ondorioa piztuera izango dugu geuk ere, Jesusek eta Andre Mariak bezala.

LEHENENGO IRAKURGAIA Jeremias profetaren liburutik (20,7-9)

Gaur entzungo dugun pasarte hau «Jeremiasen Aitorpenak» deitzen den zatikoa da; hain juxtu, bosgarren aitorpenekoa. Jeremias bere sufrimenduaz mintzo da; Jaunari leial izateagatik, egundoko burla, mespretxua, pertsekuzioa ari da bizitzen. Hain zuzen, Jaunari leial izate horrek herriari hitz egitera eragiten dio Jeremiasi; eta herriari, gustuko ez duena esatera: bizi duen injustiziazko bizierak ekarriko dizkion ezbeharrak aurresaten dizkio Jeremiasek herriari. Behin eta berriz kexatzen da Jeremias herriari gustukoa ez duena esan behar horretaz. Baina barruan sua sentitzen du, Jaunaren hitza hots egiten jarraitzeko.
Profeta guztien zoria da Jeremiasen hori. Lehen, orain, gero. Errazagoa izaten da jendeari lausenguka hitz egitea; herriari gustua emanez, gezurretan jardutea. Errazagoa, entzuleei gustukoa dutena esatea. Baina demagogia da hori. Gehiago kostatzen da egiaren bila saiatzea. Gaurko bigarren irakurgaian, Paulo handiak esapide polita dakar puntu honetaz: «horrela bereizi ahal izango duzue zer den Jainkoak nahi duena».

BIGARREN IRAKURGAIA Erromatarrei egindako gutunetik (12,1-2)

Paulok dio, fedeak adierazten diola kristauari nola bizi. Barne-indarra da fede hori. Sinesten duenaren arabera bizitzera eragiten dio indar horrek. Zer sinetsi, hura bizi. Hain zuzen, kristau-bizitzak, Jainkoari gogoko zaion kultu izan behar du. Baina, badaezpada, Paulok argitzen du, Jainkoaren nahia ez dela kapritxo bat; alderantziz baizik; Jainkoaren nahia bat dator pertsonarentzat on denarekin.
Beste behin, egiazko kultua zein den agertu nahi digu Paulok: egiazko kultua ez datza ageriko erritu batzuetan, baizik biziera zuzen batetik datorrena da. Eta biziera zuzena, Jainkoaren Espirituak arnasten digun hura da, eta ez harrokeriak, protagonista agertu nahiak… eragiten diguna.

EBANJELIOA San Mateoren liburutik (16,21-27)

Ebanjelioko gaurko pasarte hau joan den igandeko ebanjelioaren jarraipena da. Pasarte hartan, galdera egin zien Jesusek ikasleei: «ni nor naizela diozue zuek?» Eta Pedrok ausart eta baikor erantzun zion.
Gaurkoan, ordea, oso ezkor ageri da Pedro hura bera: ausart gaurkoan ere, baina kontrako bidera jo du. Jesusek hil beharra agertu dienean, Pedrok erantzun dio: Ez dakizuke horrelakorik gerta.
Jesusek, joan den igandean bedeinkatu egin zuen Pedro; gaurkoan Satanas esan dio. Hain zuzen, Pedroren hitzak tentazio dira Jesusentzat; Pedrok apartarazi egin nahi du Jesus bere egitekoa betetzetik; apartarazi egin nahi du Jesus gizadiaren askatzaile eta salbatzaile izatetik. Ikasle guztien bozemaile da Pedro: ez dute ulertu Jesusen bidea. Artean, Jesusen mesianismo aintzatsua dute buruan, eta ez gurutzeko mesianismoa.
Haserre horren ondoren, Jesusek esan die ikasleei, eta guri, zoriontasunak gurutzea duela aurrekari. Gurutzea hartze hori zertan datzan deskribatzeko, Jesus ez da mintzo ezezka, ez da mintzo era negatiboan, baizik baiezka mintzo da, era baikorrean: gure bizia bere betera iristeak, askatasunez egindako ahalegina eskatzen du.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Oporretan diren edo etorri berri direnen alde: onik eta indarturik hel diezaioten eguneroko bizitzari. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Oporretara joaterik izan ez dutenen alde: inguruko jende asko pozik datorrela ikusirik, poztu eta alaitu daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Gaixo, pobre eta kartzelan direnen alde: bere bizitzan argi eta bake pixka bat suma dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Beren bizitzan zuzentasun, errespetu, bake pixka bat sumatu dutenen alde: gai izan daitezela Jaunari eskerrak emateko. Eska diezaiogun Jaunari.