Andre Mariaren Jasokundea 2017-08-15
HOMILIA

Anai-arrebok, Andre Mariaren zeruratzea ospatzen dugu. Bere betera iritsi da Maria. Zorion betera. Aitaren altzora. Bere Seme maitearen ondo-ondora.

Dena, bere fedearen ondorioa eta fruitua izan da. Gaurko ebanjelioak fede horixe agertzen digu.

Aingeruaren proposamenari «bai» esan dio; «bai» borobila: gerta bedi nigan zure hitza. Mariaren fedea ez da zahartzaroko fedea; ez da bere Semearen piztuera ondoko fedea; ez da Mendekoste egunean ikasleengana Espiritua etorri ondoko fedea. Mariak gazte-gazterik esan dio «bai» Jainkoaren asmoari.

Baina ez da fede erromantiko bat, ez da fede geldo bat. Aingeruari «bai» esan orduko, Elisabet bere lehengusinagana abiatu da. Gutxi gorabehera 150 km. Bidaia fisiko honek Mariaren barne-jarrera adierazten du: Maria ez dago prest bere baitan itxirik bizitzeko, ez dago prest bera bakarrik bizitzeko. Mariaren bide fisiko honek, beraren bide espirituala adierazten digu.

Elisabet lehengusina bisitatu nahi izateak, Mariaren bihotz-fintasuna adierazten du. Elisabeti lagundu nahia: lehengusinak haurra izan arte gelditu da haren etxean: laguntzeko, lagun egiteko.

Ondo asko nabaritu du Elisabetek berak ere Mariaren fedea. «Bedeinkatua zu» esan dio. Profeta gisa mintzo da Elisabet. «Bedeinkatua» horrek, Mariaren barne-jarrera adierazten du: Jainkoaren borondatea bere egin duela. Erabat lotu zaiola Jainkoaren borondateari. Sinesten duen pertsona da Maria; Jainkoaren hitza sinetsi duen emakumea da.

Entzun dugun kantika, Magnificat alegia, ez da segur aski, Mariak esandakoa. Adituen arabera, Lukas ebanjelariak moldatua da. Nolanahi den, Lukasek Mariaren barnea deskribatu du kantika horretan.

Biblian «Jainkoaren pobreak» deitzen direnen taldekotzat du Mariak bere burua. Jainkoari errespetua diotenen taldekotzat. Salmo 37.enak esaten duen bezala: «Jainkoaren aurrean dago, isilik, eta Jainkoa du bere esperantza».

Bibliako «Jainkoaren pobre» horiek, beren konfiantza Jainkoagan ipintzen dutenak dira. Andre Mariak bere konfiantza osoa ipini du Jainkoagan. Harroek nork bere buruan jarri ohi dute konfiantza. Mariak ez.

Bere handitasuna ospatzean, ez du goratzen bere burua, baizik eta Jainkoa ospatzen du. Beragan gauza handiak egin dituen Jainkoa ospatzen du.

Bukatzeko.

1.-Mariak bere handitasuna Jainkoari zor diola aitortu du.
2.- Gazte-gaztetandik jarri du bere konfiantza Jainkoagan.
3.- Mariaren kantika hau iraultzailetzat jo izan da. Eta halaxe da: pobreak goratu, aberatsak beheratu. Jainkoaren hitza onartzearekin, onartu du Mariak bere Semeak munduaz agertuko duen asmoa.
4.- Horrenbestez, Mariaren zeruratzeak bi gauza adierazten dizkigu nagusiki:
4.1.- Mundu hau beste begi batzuekin ikusten saiatu behar dugula. Mundu hau aldatzen saiatu beharra dugula.
4.2.- Maria bera zeruratu den bezala, gu guztion eta bakoitzaren azken zoria zein den adierazi digu Mariaren zeruratzean: Jesus lehenik, Maria segidan, gu guztiok bata bestearen ondoren.

Mariaren zeruratzea, Mariaren Jasokundea, geure Jasokundearen baieztapena eta baiespena dugu. Bizi dezagun Mariaren konfiantza. Lotu eta atxiki gakizkion Jainkoari usterik handienaz. Maria bidelagun izango dugu Jesusekin batean.

Dionisio Amundarain