URTEKO HEMERETZIGARREN IGANDEA A
Lehen irakurgaia
( Jauna Eliri agertzen )
Erregeen lehen liburutik 19,9.11-13
9 Eli Horeberat, Jainkoaren mendi saindurat etorri zen,
eta hango harpe batean sartu.
11 Jaunak erran zion:
“ Atera zaite, eta zaude xutik mendian Jaunaren aitzinean,
Jauna iraganen baita.”
Jaunaren aitzinetik, haize zakar indartsuak jo zuen,
mendiak urratzen eta harrokak zartatzen zituela,
bainan Jauna ez zagon haizean;
haizearen ondotik, lur ikara izan zen,
bainan Jauna ez zagon lur ikaran.
12 Lur ikararen ondotik, sua, bainan Jauna ez zagon suan;
eta suaren ondotik, haize goxo baten firfira.
13 Hura entzun orduko, aurpegia soingainekoaz estali zuen Elik,
atera zen, eta xutik gelditu harpearen aitzinean.
Egungo irakurgaia Eli profetaren bihozberritzearen ixtorioa da. Bere baitako karrak
galtzer zuen. Jezabel erreginak hilarazi nahi zuen eta bera, gehiago dena, Jainkoz tronpatu
zen.
Erreginaren idolatriarekin hasi zen dena. Jezabel, paganoa, Tir-eko erregearen alaba,
Akab Samariako erregearekin (875-853) ezkondu zen. Izraeldar batek ez zuen niholaz ere
idolatria sartu behar bere erresuman, Jainko bakarra denarekin egin elkargoagatik : « Ez ukan
nitaz beste jainkorik » (Jal 20,2). Hola ez balitz, herri hautatuak zer lekukotasun eman
zezaken bertze herrien artean ? Alta, profetaren eta fededunentzat ahalgegarri balinbazen ere,
erreginak Baal-en apez ainitz gortean sarrarazi zuen: 400 apez jauregian ibilki ziren,
emankortasun, euri, ihortziri eta haizearen egiazko jainkoa Baal zela zerasatenak. Akab
erregea, sobera ahula, ixilik zagon. Etsenplu txarra goratik heldu zen beraz. Paganotze horren
aitzinean, Jainkoaren ohorea zaintzeko Eli jazartu zen.
Hainbertzetaraino jazartu nun Ben Sirak-en liburuak baitio: « Eli sortu zen, sua
bezalako profeta.» (Si 48,1) Berehala hain indartsua den Izraelen Jainkoaren alde agertu zen.
Gose eta idorte datortzila oihukatzen du. Euria emaiteko edo ez emaiteko nor da gai ? Ikus
dezagun… Jezabel erreginaren eta profetaren harremanak indarkeri bilakatzen dira. Heien
leloa : « Nere Jainkoa indartsuena da.»
Karmel-eko sakrifizioan, Izraelen Jainkoak profetaren oparia erre zuen, Baal-en 400
apezak harrituak zaudela aitzinean. Berehala Elik hilarazi zituen; lehen mantxa Elik irabazi
zuen. Bainan erreginaren mendekuari ihes egin izan behar zuen. Jezabel-ek hil nahi baitzuen.
Profeta basamortuan barna joan zen, etsitua : « Aski orai, Jauna, hartzazu ene bizia, ez
bainaiz neure arbasoak baino hobea. » (1 Erg 19,4 ) Menturaz gogoratu zitzaion Jainkoari
gauza miresgarriak eskatu ziozkala. Jainkoaren indarra dena goxotasun dela aurkitzekoa zuen.
Harek « ez du oihu egiten, ez ahotsa goratzen, ez karriketan bere mintzoa entzunarazten.
Kanabera arraildua ez du hausten, argi-mexa ahuldua ez du itzaltzen… » (Is 42,2-3)
Berrogoi egun eta gaueko pidaia egin zuen. Horeb mendian Jainkoa beha zagon.
Ibilaldi luze hori behar izan zuen Elik Jainkoz tronpatu zela ohartzeko, bere etsaiek bezala,
Jainko indartsu bat zuela gogoan. Bainan Jainkoak ez du bere ber uzten, sustengatzen du.
Horeb mendian agertzen zaio. Jainkoak azken galde hau egiten dio harpe batean gerizatu den
Eliasi : « Zer ari zira hemen Eli ? » eta Elik ihardetsi : « Jauna, Jainko guziahalduna,
zureganako karrak erretzen nau, israeldarrek zurekilako elkargoa hautsi baitute, zure
aldareak hondatu eta zure profetak ezpataz hil. Ni bakarra gelditu naiz, eta ene bila dabiltza
bizia kendu nahiz. » Orduan Jainkoa « agertzen » zaio zenbait mende lehenago egin ez zen
bezala (Jal 19) : Jauna ez da haize zakarrean, ez suan, ez lur ikaran; haize goxo baten firfiran
da. Orduan, ikusaldi horrek berritu duen profetari Jaunak berriz galdetzen dio: « Zer ari zira
hemen Eli ? » eta berriz profetak dio: « Jainko guziahalduna, zureganako karrak erretzen
nau. » Bainan orain Jainkoaren zerbitzuan berriz jartzeko prest da, ez su eta indarkeriaren
Jainkoa bainan haize firfiran den Jainkoaren zerbitzuan. Jainkoaren indarra ez dela uste zuena
orain badaki.
Salmoa 84
Leloa: Erakuts guri zure betiko bihotz ona,
Salbamendua igor, Jauna.
Huna zerutik Jaun zerukoa guri mintzo:
Bake dugula, bake dio;
Jainkozalentzat salbamendua zoin hurbil den,
Haren ospea gutaratzen.
Amodioak eta Egiak nola lehen
Dute munduan bat eginen.
Zuzentasuna eta bakea sekulako
Besarka dire juntatuko.
Egia zaio gure lurrari aterako,
Zuzentasuna zerutik so.
Ongi nasaia Jainkoak berak emanen du:
Jaunari esker lurrak fruitu.
Hak aitzinean zuzentasuna izanen du:
Doan bidean salbamendu.
Salmo hau konfiantxaz betezko kantua da. Jaunaren xedea, jende guzientzat bakearen
xedea, bera heldu delako konfiantxa : « Amodioak eta egiak nola lehen dute munduan bat
eginen.» Salmoa oraikoaz da mintzo; alabainan ez da amets bat. Aitzinetik ikusten du noiz
borroka, gudu eta penen ondotik, jende guziak haurride izanen diren.
Girixtinoentzat, Jesus piztu den eguna da egun hori eta ordutik salmo hunek erran-nahi
osoa erdietsi du. “Jainkozalentzat salbamendua zoin hurbil den.” Hain xuxen “Jesus” izenak
« Jainkoak salbatu » erran nahi du.
Ororen buru, bakea, iduriz gizadiak ezin erdietsia duen bakea, gure etorkizuna da, ez
badugu ahanzten Jainkoaren oparia dela.
Bigarren irakurgaia
( Pauloren atxikimendua Izraelen fagore berezieri )
Jondoni Paulok Erromanoeri 9,1-5
Haurrideak,
1 egia diot Kristoren baitan, ez diot gezurrik,
eta nere kontzientziak, Izpiritu Saindua baitan, hala aitortzen daut.
2 Handia da nere nahigabea, geldigabea nere bihotzaren mina.
3 Onar nezake madarikatua izaitea, Kristorenganik berexia izaitea,
nere odoleko haurride Juduen onetan balitz.
4 Izraelen ondokoak dira, Jainkoak bere seme-alabatzat hartu
zituen;
heiek dituzte aintza, elkargoak,
Legea, kultua, Jainkoaren agintzak,
5 bai eta patriarkak.
eta, giza izaiteari dagokionez, heienganik sortu da Kristo,
gauza guzien gainetik dena,
Jainko benedikatua menderen mendetan. Amen.
Gutun hunen lehen 8 kapituluek hau diote : izadi osoa askatua da eta Jainkoaren
ospean parte hartzen du. Bizkitartean, Paulo galde zorrotz batek kezkatzen du: nolakoa da
Juduen etorkizuna ? Zaul-i gertatu zaiona, aski ongi dakigu; Damas-eko bidean, Judu leial
horrek bere segurtasun guziak lurrerat aurtikiak ikusi ditu; ikusi Kristo baitan sinestea ez dela
Juduen fedearen kontra joaitea. Aitzitik, Idatzietan diren agintza guziak, Jesusek bere
izaiteaz, bere biziaz, bere hiltze eta pizteaz bete ditu. Bere predikuaren gaia hau izanen da: «
Haurrideak, mezutu nauzuen berriona oroitarazten dauzuet. Onartu zinuten, hari atxikiak
zaudezte eta harek salbatzen zaituzte… Nihaurek ukan dutana helarazi dauzuet lehenik:
Kristo gure bekatuengatik hil da, Liburu Sainduek erran bezala: ehortzi dute eta hirugarren
egunean piztu da, Liburu Sainduek erran bezala. Petriri agertu zaio eta ondotik Hamabieri…
azkenekotz neri ere agertu zait, tenorez kanpo sortu haurra bezalakoa naizen huni. Bainan
naizen hau Jainkoak bere onginahiaz egin nau…» (1 Ko 15,1-9) Eta bere apostolu lanaz
auzitegian ihardetsiko duelarik, – Juduek Jerusalemen arrastatu ondoan – Paulok aitortuko du:
« Jainkoaren laguntzari esker, handi eta ttipieri lekukotasun emaiten jarraitzen dut
gaurdaino; nik ez dut profetek eta Moisek erranaz besterik erraiten. » (Eg 26,22)
Bere haurride Judu ainitzek, aldiz, ez dute segitu. Gehiago dena, heietarik zonbait
jazartu zaizkio. Gutun hau Erromatarreri idazten duelarik, girixtino eta judu ez dira oraino
berexiak; ez da oraino etorria ordua noiz girixtinoak sinagogetarik haizatuak izanen diren eta
Juduen otoitzetan “arnegatuak” deituak izanen, bainan berriona mezutu eta Juduen
etsaigoarengatik Paulok haundizki pairatzen du. Bere kezka da beraz: fede bereko lagunak
betiko gaitzetsiak ote dira ? Jainkoaren agintzak bere herriaren alde zer bilakatu dira?
Paulok lehenik aitortzen du herri hori Jainkoak berea duela : «Jaunaren, zuen
Jainkoaren seme-alaba zirezte » zion Deutoronomioa Liburuak , bai eta : « Jaunari, zuen
Jainkoari sagaratu herri zirezte: harek hautatu zaituzte munduko herri guzien artean bere
herri, bere jabego berezi. Jaunak atsegin ukan eta hautatu baitzaituzte, ez da, ez , herririk
haundiena zireztelakotz – ttipiena zirezte- baizik maite zaituztelakotz eta zuen arbasoeri
eman hitza atxiki nahi ukan duelakotz; horrengatik, hain zuzen, atera zaituzte ahal handiz
esklabogotik, eta Egiptoko faraonaren menpetik askatu. » (Dt 7,6-8) Jainkoak bere aitasamurtasuna
erakusten dio Izraeli : «Israel haurra zelarik maitatu dut eta Egiptotik ateratzeko
dei egin diot nere semeari…Nik erakutsi nion Efraimi xutik ibiltzen, besoetan ereman nuen….
Amodio-lokarriz erabiltzen nituen, maitasun loturaz. Haurtxoa musuraino altxatzen duenaren
idurikoa nintzen heientzat. » (Os 11,1…5)
Horiek oro Jaunak ahantz ote zezazkeen ? Galtzen ari den bere Herria nola utz dezake
deus egin gabe? Aitaren maitasunaren lekuko, beren dituzte « Legea, kultua, Jainkoaren
agintzak, bai eta patriarkak eta, giza izaiteari dagokionez, heienganik sortu da Kristo. » Ez,
Jainkoak ez dezake ahantz bere herria, berak hitzemanaren arabera : « Emazteak ahanzten ote
du bere haurtxoa edo bere sabeleko umeari ukatzen urrikalmendua? Ahantz baleza ere, nik
ez zaitut ahantziko. » (Is 49,15) « Mendiak beren lekutik aldaratzen eta mendixkak
kordokatzen badira ere, nere maitasuna ez da zureganik aldaratuko, zure zorionaren alde
eman dutan hitza ez da kordokatuko. Hala diot nik urrikari zaitutanak. » (Is 54,10)
Egiaz, guretzat misteriozki, bainan segurtamen osoz, Izrael herri hautatua da betikotz,
Timoteori igorri gutunak dion bezala: « Hura leial dago, ez baitezake bere burua uka. » (2
Tim 2,13)
Ebanjelioa
Alleluia, alleluia
Jauna bakarrik dut harkaitz eta salbatzaile:
Luzatu zautan eskua goitik, eta uholdetik atera.
Ebanjelioa Jondoni Matiuren liburutik 14,22-33
Jendeak nahikoa jan zuenean,
22 Jesusek bere dizipuluak untzian sarrarazi zituen,
eta bere aitzinetik uraz bestalderat joaiteko manatu zioten,
berak jendea igorri arte.
23 Jendea igorri ondoan, mendirat igan zen bakarrik, otoitz egitera.
Ilundu zuenean, han zagon, bakarrik.
24 Untzia, ordukotz, leihorretik urrun zen, uhainek zafratua,
haizea kontra baitzuen.
25 Goizalderat, Jesus heienganat joan zen, ur gainean oinez.
26 Dizipuluak, ur gainean ibiltzen ikusi zutenean, ikaratu ziren.
Erraiten zuten: “ Mamu bat da ”,
eta beldurraren beldurrez deiadarka hasi ziren.
27 Bainan Jesus berehala mintzatu zitzaioten:
“ Gora bihotzak! Ni naiz, ez beldur izan!”
28 Orduan Petrik erran zion:
“ Jauna, zu bazira, mana zadazu ur gainean zureganat joaiteko.”
29 Jesusek erran zion: “ Zato!”
Petri, untzitik jautsi eta Jesusenganat oinez joan zen ur gainean.
30 Bainan, haizea bortitza zela ikustearekin beldurra sartu zitzaion;
eta hondoratzen ari baitzen, oihu egin zuen:
“ Jauna, salba nezazu!”
31 Berehala Jesusek eskua luzaturik, hartu zuen, erranez:
“ Fede gutiko gizona! Zergatik dudatu duzu?”
32 Untzirat igan zirenean,haizea gelditu zen.
33 Eta untzian zaudenak
Jesusen aitzinean ahuspez eman ziren, erranez:
“ Zinez, Jainkoaren Semea zira zu! ”
Ebanjelioaren lau idazlek ogien aniztea aipatzen dute. Jondoni Joanik bere kondaira
hunela bururatzen du : « Jesusek baitzakien indarrez eremanen zutela errege egiteko,
mendirat joan zen berriz, bakarrik. » (Jn 6,15) Jondoni Matiuk xehetasun hau emaiten du: «
Jesusek bere dizipuluak untzian sarrarazi zituen, eta bere aitzinetik uraz bestalderat joaiteko
manatu zioten, berak jendea igorri arte. » Jesusek badaki haren erregetza ez dela mundu
huntakoa. Bainan haren dizipuluek ez dute hori oraino ulertua. Mesiasek erregetza berri bat
abiatuko duela dute gogoan dizipuluek. Salbatore egunean, hau diote oraino : « Orduan,
Jesusekin bildurik zaudela, galdatu zioten: Jauna, orai altxatuko ote duzu berriz Israelgo
erresuma ? » (Eg 1,6). Ez da beraz harritzeko, jendaldearen karrak ez ditzan dizipuluak
ereman, Jesusek handikan joaitea manatu bazioten.
Bainan ez ditu beren ber uzten. Bera, mendialdera doa, bakartasunean: « Han zagon
bakarrik » dio idazleak, eta ongi badakigu nolako kartsutasunean egiten zuen otoitz Jesusek:
bere Aitarekin zuen bihotzetik bihotzerako solasaldi hortan, behar zituen argi eta indarrak
aurkitzen zituen. Behin-betiko ziren erabakiak, Jesusen mendiko otoitzak frangotan
aitzinatzen zituen, bai Galilearat joan aitzin, edo apostoluak hautatu aitzin.
Hain xuxen, gau hartan, Jesusek bere dizipulueri eta jondoni Petriri, behin-betiko
urrats bat eginarazten diote. « Uraz bestalderat » pasarazten ditu, uregi berezi baterat, nun
Jainkoaren bideak ez diren gureak eta Jaunaren gogoetak ez diren gureak. Uregi bat, nun
dizipuluek aitortuko duten: « Egiazki Jainkoaren semea zira. » Jondoni Matiuk ingurumena
xeheki aipatzen du: aintziran ekaitza altxatu da eta helburua kausitu gabe gau osoa iragan da.
« Goizalderat, Jesus heienganat joan zen, ur gainean oinez. » Ebanjelioaren hiru
idazlek « goizalderat » izan dela gertakaria aski argi erraiten dute. Heientzat, goizaldea
piztearen goiza da, egiazko biziaren goiza. Ekaitza bete betean dela, dizipuluak hil edo bizi
borrokan ari direla, orduan da Jesus bere dizipulueri agertzen, eta « ur gainean oinez »
preseski. Jakin behar da Biblian, itsasoak, eta bereziki itsaso hasarretuak, heriotzea duela
itxuratzen. Bazkoko misterioaren argitan, segur da egungo gertakari huntan dizipuluek Mois
berri bat ikusi zutela, bere Herria Itsaso Gorriaren uhainetarik salbatzen zuena. Eta Jesus, ur
gainean doa, erran nahi baita heriotzearen indarrak bere menpean dituela.
Bainan oraikoan, untzikoak, ikaratuak daude: « Dizipuluak, ur gainean ibiltzen ikusi
zutenean, ikaratu ziren. Erraiten zuten: « Mamu bat da », eta beldurraren beldurrez
deiadarka hasi ziren. Bainan Jesus berehala mintzatu zitzaioten: « Gora bihotzak! Ni naiz, ez
beldur izan. » Hitz hauek lasaitzen dituzte, Jondoni Petri bederen. Hain da haundia haren
konfiantxa Jesusen baitan nun erraiten dion: « Jauna, zu bazira, mana zadazu ur gainean
zureganat joaiteko. » Jarraipena ezagutua da: Petri untzitik jausten da, Jesusen ganat joaiten,
beldurra sartzen zaio, hondatzen hasten da eta Jesusi oihu egiten dio laguntza galdez. Jaunak
eskua bere dizipuluari luzatzen dio eta samurtasunez beterik erasiatzen du: « Fede gutiko
gizona! Zergatik dudatu duzu ? »
Girixtinoen lehen taldeek bazakiten zoin neke zen fedean irautea erasoetan. Kondaira
hauek laguntza handia ziren bihotza gora atxikitzeko.