Urteko 18. igandea A ANTZALDATZEA 2017-08-06
HOMILIA
Anai-arrebok!
Jesusen antzaldatzearen jaia ospatzen dugu gaur: Jesus bere hiru ikasleren aurrean distiratu agertu da, aintzatsu, jainkozko. Eta zergatik eta zertako? Ikasleei, eta gaur egun guri, esperantza emateko.
Gogora ditzagun gaurko ebanjelioaren alderik nagusienak.
1.- Lehenik eta behin, testuingurua. Behin batean, Jesusek galdetu zien ikasleei: zuek, ni zein naizela uste duzue? Eta Pedro erantzun zion: «Zu Mesias zara. Jainko biziaren Semea».
Berez eta itxuraz, hitz horiek gauza miresgarri ziren. Hain zuzen, Jesusek berak esan zion Pedrori: aitorpen hori ez da zuk asmatua, baizik eta Jainkoak adierazi dizu.
Baina Jesusek bazekien, hitz horien azpian Pedrok uste zuena ez zela gauza zuzena. Hargatik, Pedrok aipatu zuen Mesias hark asko sufritu beharko zuela esan zien, eta hil egingo zutela. Jesusen iragarpen hori eskandalagarri gertatu zitzaien ikasleei. Mesias torturatua eta hila?
Eskandalu hori arintzeko eta goxatzeko, Jesusek mendian bere aintza agertu zien. Torturatuko eta hilko zuten, bai, baina ez zuten akabatuko. Bere piztueraren aintza agertu nahi izan zien, aldez aurretik.
2.-Moises eta Elias ageri dira mendian Jesusekin hizketan. Mesias nolakoa izango den adierazi nahi du Mateok: Moises bezala, bide-erakusle izango da Mesias, baina Moisesi bezala, jendeak ez dio kasurik egingo. Eliasek bezala, Jainkoaz hitz egingo dio herriari Mesiasek, baina, Eliasen kasuan bezala, agintariak Mesias nola hilko ibili dira.
3.-Pedro mendian gustura dago. Bertan gelditu nahi du, Jesusekin eta Moises eta Eliasekin. Jesusek adierazi dio, piztueraren gozotasunaz eta aintzaz gozatu ahal izateko, gurutzetik pasatu behar duela, bai Mesiasek, bai Pedrok, bai gizaki orok.
Senideok, Pedro asko gaude munduan. Geure gustuko eta neurriko egin nahi izaten dugu, bai Jainkoa, bai Jesus. Biziera patxadatsua eta lasaia moldatu nahi izaten dugu. Halere, jende askok ulertu du Jesusen mezua, nahiz kasu askotan ez ezagutu Jesusen ebanjelioa; jende asko gai izan da, Jesusen Espirituaren mugieraz ohartu eta aintzat hartzeko. Esaterako, jende askok jo ohi du ezkontzera, jakinik, bizitza guztirako konpromisoa dela; jende askok jo ohi du seminariora, komentura; jakinik bizitza osoko konpromisoa dela; jende askok jo ohi du, konpromiso latz bat hartzera, urtetarakoa izango dena: dela pobreen alde, dela beren herritik ihesi atera direnen alde, dela presoen alde, dela…
Jesusek beste mundu-ikuskera bat eman digu. Gizakiaren azkena zoriona izango da, piztuera izango da, aintza izango; baina horretarako gurutzetik pasatu beharra du.
Hargatik, pedagogo on denez, Jesusek, ikasleei, bere geroko aintza aurrez agertu nahi izan die. Esan nahi digu, gurutzea gogorra dela, baina gurutzea ez dela azken hitza.
Senideok, Jesusek, bai bere bataiokoan, bai mendian, Aitaren aitorpen zoragarri hau entzun zuen: Hau da ene Seme maitea, kuttuna. Hitz hori bera esaten digu gutako bakoitzari, geure bataiokoan eta geure bizitza osoan. Jesus Semearen aintza hori dagokigu gainerako seme-alaba guztioi ere: guztiok gara Jainkoaren seme-alaba maite.
Eskerrak, Jesus maitea, gure esperantza-iturri egin zarelako.
Dionisio Amundarain