Urteko 16. igandea A 2017-07-23
HOMILIA

Anai-arrebok!

Atzo / herenegun, ostirala, esaldi bikain bat irakurtzeko aukera izan nuen; 102 urte dituen Joseph Moingt jesuitarena da: «Kristau izatea, Ebanjelioa elkarte batean irakurtzea da, geure bizitzan egintza bihurtzeko. Eta XXI. mendeko kristauk bere fedea definituko du, ez hainbeste bere otoitz-bizieraz, baizik bere hiritartasunaz» (Creer a pesar de todo, Mensajero 2017, 140. or.; aipatua Vida Nueva 10-16/06/2017, 42. or.).

Esaldi aberatsa da, hitz gutxitan gauza asko adierazten ditu: «kristau izatea… ebanjelioa elkartean irakurri»; «ebanjelio hori geure egintza bihurtu»; «fedea, otoitz-biziera baino gehiago, hiritar izatea da».

Adiera horietako batekin gelditu nahi nuke gaur: «ebanjelioa elkartean irakurri». Kontuan hartzen al dugu, alde horretatik, igandero ospatzen dugun Meza? Ebanjelioa elkarrekin irakurtzeko biltzen gara; Jesusen misterioa handia –hil, piztu eta bere burua guri jan-edaritzat ematea− ospatzeko elkartzen gara. Tarteka komeni zaigu hau gogoratzea: zertarako biltzen gara?

Gaurko ebanjelioak, hondo-hondoan, bi gauza jartzen dizkigu gogoetagai: alde batetik, Jainkoaren pazientzia gizon-emakumeokin; bestetik, geure bizitzan hazten eta handitzen joan beharra.

Hiru parabola ditugu. Bata, garia eta irakarena. Bigarrena, mostaza haziarena. Hirugarrena, legamiarena. Har dezagun lehena, denak komentatzeko astirik ez dugulako.

Garia eta hazia. Nagusiak gari-hazi ona erein du soroan. Baina gariarekin batean, iraka ere agertu da. Zer egin: iraka atera, gariari kalterik egin ez diezaion? Jesusen erantzuna: ez atera; irakarekin batean, garia ere atera dezakezue-eta; utzi biak azkena arte.

Jakina, gari-soroa esatean, Jainkoaren Erreinua adierazi nahi da. Garia esatean, ongia, on dena, adierazi nahi da. Iraka esatean, gaizkia, gaitz edo txar dena adierazi nahi da.

Bitasun hori, ongia eta gaizkia batera egotea, ez da gaurko gauza. Itun Zaharrean, besteak beste, Abelen eta Kainen kasuan garbi ageri da. Abelen jokabidea Jainkoaren gogokoa; Kainen jokabidea Jainkoaren gogoaren kontrakoa. Eta irtenbidea zein? Abel garbitu eta kito. Gure Eliza maitearen historian ere bistako gauzak gertatu dira.

Egin dezagun gogoeta labur bat, Jesusek esandakoa sakontzeko.

Batetik: Zein naiz ni munduan bereizketa hau egiteko: onak eta gaiztoak? Zeinek esan dit, nire ikuspegia zuzena dela eta bestearena okerra dela? Zeinek esaten dit ebanjelioa ulertzeko nire era zuzena dela, eta beste batena okerra dela?

Bestetik, kontua ez da, dena airean uztea. On dena eta oker dena antzemateko gai ez bagina bezala. Baina gauza bat da, hau ondo dago, hau gaizki dago esatea, eta beste bat, lagun honek ondo jokatu du, beste honek oker. Bai, gaizkia gaitz da; ongia on da. Baina nik ez dakit gaizkia egin duenak gaizki egin duen ala ez.

Hirugarren, epaia Jainkoaren esku uzteko esan digu ebanjelioak. Ez du esan nahi, guk pasibo eta besoak gurutzaturik gelditu behar dugunik. Hau da kontua: gizon-emakumeokin Jainkoak bizi eta agertu duen jokabidea geure egitea: Jainkoak, gure alde onak eta txarrak gorabehera, bide luzea egiteko aukera eman digu; ez da aspertu guri bide zuzenerako argi egiteaz aspertu. Ez da aspertu gu maitatzeaz. Egigun beste horrenbeste.

Azkenik, gutako guztiongan eta bakoitzarengan gertatzen dira, biak batera, garia eta iraka, ongia eta gaizkia. Ez da Jainkoak gaizki egin gaituela pentsatzeko arrazoia. Ez ginateke gizon edo emakume izango, hutsezin bagina.

Bukatzeko, konklusio moduan, bi gauzatxo datozkit burura. Batetik, beti izan beharko genuke aztergai, zein den gure jarrera gu bezalako ez denaren aurrean, guk bezala pentsatzen eta jokatzen ez duenaren aurrean. Bestetik, Jainkoari eskerrak eman beharra: gu beraren antzeko eta irudiko egin gaituen arren, zorioneko izateko bere Semea, Andre Maria, hainbat eta hainbat santu eman eta guk beste bide bat hartu izan dugun arren, beti agertzen digulako bere maitasuna eta errukia. Eskerrak, Jauna, maite gaituzulako. Eskerrak, Jauna, ebanjelioa elkartean entzuteko aukera eman diguzulako; eskerrak, Jauna, zure Semearen ebanjelio hori geure bizitzan egintza bihurtzeko aukera eman diguzulako; eskerrak, Jauna, ebanjelioa entzunez, munduan beste gizon-emakume guztiekin elkarte bat osatzen saiatzeko aukera eman diguzulako.

Dionisio Amundarain