Urteko 16. igandea A (2017-07-23)
Krisialdi baterako parabolak (2. zatia)
Mateok, beraren elkarteak lehen mendearen azken aldera jasan zuen krisialdia bost galderaz laburbildu du eta zazpi parabolaz erantzun. Joan den igandean ikusi genuen lehena, zergatik ez dute onartzen guztiek Jesusen mezua?, alegia, zeini ereilearen parabolaz erantzun baitzion. Igande honetan beste bi galdera atera dira, zeini hiru parabolaz erantzuten baitzaie. Bietan lehena (garia eta iraka) ulertzea gauza zailtzat hartu bide zuen Mateok; horregatik eskaini digu azalpen bat. Alabaina, ez du eman berehala. Hiru parabola kontatu ditu segidan eta gero, ikasleek, etxera iritsi direnean, Jesusi eskatu diote azalpena eta orduan argitu die honek zentzua. Aitzitik, hirugarren parabolak (mostaza-hazia) eta laugarrenak (legamia) ez dute azalpenik ebanjelioan.
Zein jarrera izan mezua bizi ez dutenekin?
Ikuspegi desberdinetatik irakur daiteke gaurko lehen parabola hau, sorotzat zein hartzen dugun, ala Israel herria, ala kristau-elkartea, ala mundu osoa. Parabola hau Mateok bakarrik dakarrenez, juduekin serioski muturturik bizi den beraren elkartearen ikuspegitik hartuko dugu lehenik.
Lehen hipotesia: Israel herria da soroa
Horretan hazi ona (kristauak) erein du Jaunak. Baina arerioak iraka (fariseuak eta elkartearen gainerako etsaiak) ere erein du. Bi taldeetako edozeinen tentazioa beren gain eta arriskupean erabakitzea da zein den gari eta zein iraka. Paulok, adibidez, konbertitu aurretik, baimena eskatu zien Jerusalemgo agintariei kristauei erasotzeko. Baina kristau elkarteak ere bizi dezake arriskua, bere partaide ez direnak edota zuzen irizten ez dion moduko tratua ematen ez dionak garbitzen saiatzeko. Horixe gertatu zen Samariako herrixka batek Jesusi eta ikasleei harrerarik egin nahi izan ez zioten hartan: Joanek eta Santiagok zerutik tximista jaitsaraztea proposatu zioten Jesusi, herrixka hura garbitzeko (Lukas 9,51-56). Parabola honekin, lasaitzeko eta baretzeko erregua egin du Jesusek, erabakia azken aldian Jainkoaren esku uzteko erregua, alegia.
Bigarren hipotesia: Kristau-elkartea da soroa
Parabola har daiteke kristau-elkartearen baitan ere (hau bakarrik izango litzateke soroa), zeinetan bai baitago, bai ebanjelioari erantzuten dion jendea (garia), bai ebanjelioaren arabera ez dela bizi ematen duena ere (iraka). Lehengoa bera da mezua kasu honetan. Gauzak argi direla ematen duen arren, erraz gerta daiteke iraka atera nahi izatean garia ere ateratzea. Izan ere, gutako edozeinek huts egin dezake, teologian eta moralean adituena izanik ere. Ez dira gutxi izan Elizak gutxietsi izan dituen pertsonak, baina azkenean birgaituak eta kanonizatuak ere izan direnak.
Hirugarren hipotesia: mundua da soroa
Azkenik, testuinguru zabalagoan har daiteke parabola, zeinetan mundua baita soroa, Erreinuko hiritarrak hazi ona eta Gaiztoaren partaideak iraka. Ildo honetan mugitzen da 36-43 txataletako azalpena.
Hiru hipotesi hauetako edozeinetan (denak baliokoak), Jesusek arrisku hau gogoratu nahi digu: inoren hobena besteri egoztea. Hobe pazientzia izan eta zuzenbidea Jainkoari utzi: hark bakarrik ematen ahal du epai zehatza, huts egin ezina.
Lehen irakurgaia, Jakinduria liburutik hartua, ontasunaren eta tolerantziaren ildo honetan mugitzen da, eredutzat Jainkoa emanik. Jainko bat, zeini ahalmenak eragiten baitio, ez inor zigortzera, baizik barkatzera. Jainko bat, gobernatzen duena moduz eta errukiz, bekatariari beti konfiantzazko botoa emanez, bihotz-berrituko delako uste beteaz.
Ba al du etorkizunik gauza hain txiki honek?
Mateoren elkartea txikia da. Baita beste kristau-elkarteak ere. Badira jada berrogeita hamar urte Jesus hil zela, eta, Erromatar Inperioan zabaltzen doan arren, gutxiengoa ordezkatzen du artean kristautasunak. Zein etorkizun du talde hain txiki honek? Zein etorkizun du gaur egungo Elizak, duela urte batzuk zituen eragina eta ahalmena galdu dituen honek? Bi parabolez erantzun digu Mateok: mostaza-haziaren parabolaz eta legamiarenaz. Biak bat datoz bi ezaugarri hauetan: biak dira zerbait txiki, baina lehen begiratuan ematen duena baino garrantzizkoagoak.
Mostaza-hazia
Parabola hau sakon ulertzeko, Ezekiel profetaren parabola bat ezagutu behar da, Jesusek eredutzat hartua. K.a. VI. mendearen hasieran, Israel herria Babilonian erbesteraturik zegoenean, beraren zoria aldatu eta bikaina izango zela adierazteko, Ezekielek segidako hau dakar:
«Zedro garaiaren adaburutik
hartuko dut neuk ere,
kimu berri bat hartuko dut
haren adar-puntatik,
eta neuk landatuko dut
mendi garai eta bikain batean.
Israelgo mendi garaian
landatuko dut;
adarrak luzatuko zaizkio
eta fruitua emango,
zedro bikain bihurtuko da.
Mota guztietako txoriek
egingo dute habia bertan» (Ez 17,22-23).
Jesusek bere egin ditu arbolaren irudia eta zeruko hegazti guztiei harrera egiteko ideia. Baina errotiko aldaketa txertatu du: ez du hartu eredutzat zedro arbola altua eta garaitsua, baizik eta mostaza-zuhamuxka apala hartu du, hazten denean «barazkien gainetik jartzen dena». Triunfalismoari umoretsu eta ironiaz emandako ipurdikoa da. Inporta duena ez da arbola handitzar izatea, baizik eta txoriei harrera egiteko bere egitekoa bete ahal izatea. Mateoren elkartearentzat irakaspen bikaina izan zen; hala izan beharko luke guretzat ere, eliz triunfalimoaren tentazioaren aurka.
Legamia
Antzeko zerbait gertatzen da legamiaren parabolarekin. Oso gutxi hartzen da legamiatik aldiko, baina bere egitekoa betetzen du: ore guztia harrotzen du. Kristau-elkartearen tentazioa izan ohi da eremu zabala betetzea, jendetza handia izatea, bere handitasunez eta partaideen kopuruaz atentzioa ematea. Jesusek dio, inporta duena masa edo jendetza hartzitzea edo legamiatzea dela.
Orain arte irakurria laburtuz, Mateok errealitatearen azalpena eskaini digu (ereilea) eta baretasunerako deia (garia eta oreka) eta konfiantza izatea hasiera hain apalak dituen horrengan (mostaza eta legamia). Datorren igandean, beste hiru parabolek osatzen dute irakaspen hau.
José Luis Sicre