. URTEKO HOGEITA BOSGARREN IGANDEA A

Lehen irakurgaia

(Nere gogoetak ez dira zuen gogoetak)

Izai profetaren liburutik 55, 6-9
6 Bila zazue Jauna, aurki ditakeno, dei egiozue, hurbil deno.
7 Utz beza gaixtoak bere bidea, eta gaixtaginak bere asmo tzarrak !
Itzul bedi Jaunarenganat eta urrikalduko zaio.
Itzul bedi gure Jainkoaganat, nasaiki barkatzen baitu.
8 Zeren ene gogoetak ez baitira zuen gogoetak,
eta ene bideak ez baitira zuen bideak, dio Jaunak.
9 Zerua lurretik gora da :
berdin gora ene bideak zuen bideetarik,
eta ene gogoetak zuen gogoetetarik.

Izai profetak lerro hauek idazten dituelarik, seigarren mendean J.K.aitzin, Izraeldar anitz
bada Babilonen desterraturik. Eta arrunt deskuraituak dira. Jainkoak beren ber utziko ote ditu?
Barkatuko ote diote, hari jarraiki ez direlakotz baitira orai herritik urrun eta lan gogorretan. Profetak erraiten diote : ideia horiek makurrak dira, gaixtoak. Jainkoaganik urruntzen gaituzte; Jainkoa ez da holakoa, barkakorra da, gutarik hurbil dagona. Jainkoa ixilik dago, bai, bainan horrek ez du erran nahi gutarik urrun dela.
Eta horra Izaik “bidea” aipu duela, Biblian ardura bezala : “Utz beza gaixtoak bere bidea.”
Jainkoaz dudatzea, gogorra, gaixtoa, aiherkorra dela pentsatzea, hori kontrako bidearen hartzea da,
Jainkoaganik urruntzea. Izairen predikua hau da : itzul zaitezte gure Jainkoaren ganat, eta ikusiko
duzue urrikalkorra eta barkakorra dela.
Bihotz on eta samurreko Jainkoa noiz-nahi aipu da Testamendu Zaharrean, Jesu Kristo
aitzin. Oze profetak, adibidez, hunela mintzarazten du Jainkoa : “Ikaran daukat bihotza,
urrikalmenduz betea. Ez dut haserrea piztera utziko…Jainkoa bainaiz, ni, eta ez gizona. Saindua
naiz zuen artean, eta ez natorkizue haserre-suminez” (11, 8-9). “Saindu” hitzak “arrunt bestelakoa”
erran nahi du. Gizonaz bestelakoa : erran nahi baita urrikalkorra, barkakorra. Jonasen liburuan
ikusten dugu hori garbiki. Jonasek ez du konprenitzen Jainkoaren urrikalmendua Ninibeko jendeen
alderat. Hauek Izraelen etsai amorratuak izanki-eta, Jainkoaren bihotz ona gaitzitzen zaio Jonasi :
“Jonasek biziki gaizki hartu zuen Jaunaren erabakia (barkatzekoa)”. Onartu behar du halere eta
aitortu :”Banakien Jainko bihotzbera eta urrikalkorra zirela, berant-haserre eta onginahiz betea…”

Salmoa 144

Leloa : Hurbil da Jauna hari otoizka daudeneri.

Zuri eskerrak egun guzian zeru alde.
Goretsiko dut zure izena mendez mende.
Handia Jauna eta osoki goresgarri:
Gure Jaunaren handitasuna ezin neurri.

Eztia eta guziz ona da gure Jauna:
Urrikaltsua eta bihotzik nasaiena.
Mundu guziko guzientzat da ona Jauna:
Egin dituen ororentzat du bihotz ona.

Zuzen da Jauna bere bidetan, beti zuzen;
Egin lanetan zoin dena bihotz den agertzen.
Hurbil da Jauna hari otoizka daudeneri,
Hari otoizka, bihotza zintzo eta garbi
.

Izai profetak Izraelen fedea hunela laburbiltzen zuen : Jainkoa urrikalmendu da eta bere
herriari dei egiten dio erranez : “bihozberri zaite.” Salmo hau Jainkoari emaiten zaion errepostua da : “Goretsi dut zure izena mendez mende.” Salmo alfabetikoa, erran nahi baita bertset bakotxa
alfabetako letra batetik hasten dela, A-tik Z-era. Esker onezko salmoa da, Jainkoaren elkargoagatik. Bizi guzia A-tik Z-era Jainkoaren amodioan igeri dugu.

Izaik, lehen irakurgaian erraiten zuen : “Zerua lurretik gora da : berdin gora ene bideak
zuen bideetarik.” Salmoak oihartzun egiten dio :”Handia Jauna eta osoki goresgarria : gure
Jaunaren hauditasuna ezin neurri.” “Handi” hitza, salmoetan, erregeaz erraiten dena da. Bainan
errege hori ez da lurrekoen idurikoa. Boteretsua da, bai, bainan amodioaren boterez : gure zoriona
du nahi. “Jauna samurtasun eta urrikamendu da, berant-haserre eta maitasunez betea.”
Ederragorik ezin daiteke erran Jainkoaz.

Salmo huntan irakurtzen dugu ere : “Zuzena da Jauna bere bidetan, beti zuzen.” Bainan
gaurko Ebanjelioak kondatzen dauku etxeko jaun batek bere langile guziak berdin pagatu zituela,
goizean hasirik lanean ala astirian. Nun da zuzentasuna? Amodioan. Besteak maite balinbaditugu
guhauren burua bezanbat, besteeri egin ongiaz bozkariatuko gira.

Bigarren irakurgaia</p>

(Neretzat, bizitzea Kristo da)

Jondoni Paulok Filipeko girixtinoeri 1,20-24.27
Haurrideak,
20 bizi nadin ala hil,
Kristok bere handitasuna agertuko du nere gorputzean.
21 Alabainan, neretzat bizitzea Kristo da, eta hiltzea irabazi bat.
22 Bainan mundu huntan bizirik nagola, lan ona egin badezaket,
ez dakit zer hauta.
23 Bi aldetarik herstura dut:
batetik, hil nahi nuke, Kristorekin egoiteko,
24 neretzat ainitzez hobe bailitake;
bestetik, zuengatik, mundu huntan gelditzea beharragoa da.
27 Zuek, bizi zaitezte Kristoren Ebanjelioari dagokion bezala.<
/p>

“Bizi nadin ala hil”, Paulo preso da. Badaki hiltzea hirriskatzen duela : “Bizi nadin ala hil,
Kristok bere handitasuna agertuko du nere gorputzean” (“gorputz” hitzak presuna guzia erran nahi
du). Libratua bada, misionea segitzen ahalko du, bainan auzia bera ere parada bat da Kristoren
lekuko izaiteko. Hiltzera kondenatua bada, Kristo piztu delako lekukotasun ederrena izanen da
martirioa. Gertatua gertatu, dena Ebanjelioaren onetan izanen da, eta hori da Pauloren begietan,
balio duen gauza bakarra.

“Neretzat bizitzea Kristo da, eta hiltzea irabazi bat.” Paulok ardura aipatu du Kristorekin
bat egitea : “Batetik, hil nahi nuke, Kristorekin egoiteko…bestetik, zuengatik, mundu huntan
gelditzea beharragoa da.” Hemen egoiten bada, beharrez izanen da.

Bidenabar ohar gaiten, Paulorentzat, hil eta berehala Kristorekin izanen girela. Beste pasarte
huntan ere gauza bera erraiten du : “Fidantziaz beterik gira, bainan nahiago ginuke gorputz
huntarik atera Jaunarekin bizitzera joaiteko” (2 Ko 5,8).

Joan ala egon? Paulo tirakatua da : “Badakit, hil nahi nuke, Kristorekin egoiteko…bestetik,
zuengatik, mundu huntan gelditzea beharragoa da.” Ez, halere, behar-beharrezkoa, Paulok baitaki
Kristo girixtinoen bihotzetan lanean ari dela. Egon behar duen lekuan izan nahi du bakarrik. Ororen
buru, ez du harek hautatuko. Eta hola hobe. Pauloren barne-tirabirak erakusten dauku osoki bere
misioneari emana dela, bihozberritzera emanak zaizkionen zerbitzuko…

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia
Mundu guziko guzientzat da ona Jauna,
Egin dituen guzientzat du bihotz ona,
Guziek dute goratzen haren zuzentasuna.

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 20, 1-16
Jesusek parabola hau erran zioten:
1 Zeruetako Erreinuak iduri du etxeko jaun bat
2 goizean goizik atera zena bere mahastirako langileketa.
3 Langileekin eguneko denario bederaz hitzarturik,
bere mahastirat igorri zituen.
Bederatziak irian atera zen
eta beste batzu plazan alfer zaudenak ikusi zituen.
4 Erran zioten:
“ Zoazte zuek ere nere mahastirat
eta zuzen dena emanen dautzuet.”
5 Eta joan ziren.
Atera zen berriz hamabiak aldera eta hiruak irian,
eta berdin egin zuen.
6 Arratsaldeko bostak irian ere atera zen,
eta beste batzu han zaudenak aurkitu zituen eta erran zioten:
“ Zergatik egon zirezte hemen egun guzian alfer?”
7 Ihardetsi zioten:
“ Nehork ez gaituelakotz laneko hartu.”
Erran zioten: “ Zoazte zuek ere nere mahastirat.”
8 Iluntzean, mahastiaren jabeak bere etxegizonari erran zion:
“ Deitu langileak, eta lan-saria emozute,
azkenetarik hasi eta lehenetaraino.”
9 Etorri ziren orduan, arratsaldeko bostetakoak,
eta denario bana ukan zuten.
10 Lehenak etorri zirenean, gehiago ukanen zutela uste zuten;
bainan, heiek ere, denario bana ukan zuten.
11 Hartzean, etxeko jaunaren kontra marmarikan ari ziren:
12 “Azken horiek ez dute oren bat baizik egin
eta gure hein berean ezarri ditutzu,
guk egunaren zama eta beroa jasan ditugularik!”
13 Bainan nagusiak heietarik bati ihardetsi zion:
“ Adiskide, ez dautzut zuzenkontrakorik egiten.
Ez ote zinen denario batez hitzartua nerekin?
14 Har zurea dena, eta zoazi.
Azken huni zuri bezainbat eman nahi diot.
15 Ez ote zait haizu neretik nahi dutana egitea?
Ala gaixtoa duzu begia, ni ona naizelakotz?”
16 Horrela, azkenak lehen izanen dira, eta lehenak azken.

Gaurregun ez daiteke pentsa nausi batek holakorik egin dezan bere langileekin. Bainan
hastetik Jesusek errana dauku : “Zeruetako Erresumak iduri du etxeko jaun bat…” Izariak ez dira
berak, gureak eta Jainkoarenak. Izaik erranik badakigu : “Ene gogoetak ez dira zuen gogoetak.”

Nun da parabolaren bihotza? “Ni ona naiz” (15.bertseta). Jainkoa ona da, ez kondu egilea,
oroz gainetik ona, merexi ez duguna ere emaiten daukuna. Kondatze hori dugu partida : gure
indarrek, sakrifizioek Jainkoaren bortxatzeko dretxoa emaiten daukutelako ustea, erresuman sartzea
zor zaukula. Bainan amodioak ez du kondatzen, amodioa ez da erosten. Emana da.

Ideia hori ez zen berria. 127.salmoak dio “Alferrik duzue goizik jeikitzea eta berant etzatea,
nekearen nekez irabazi ogiaren jatea : Jaunak ogia emaiten diolarik lo dagon bere adiskideari.”
Jainkoaren justizia, maitatzea da, berexkuntzarik egin gabe, neurririk gabe.

Menturaz testo huntan, Matiuk bere girixtino komunitatea zuen gogan. Matiuren denboran
pagano anitz girixtinotu zen, eta judaismotik etorri girixtinoeri gaina hartu bide zieten. Jesusek berak, publikano eta bekatorosekin ibiliz, bekaiztiak egin zituen juduen artean.

Badakigu Golgotan Jesusek norbait “azken” herrunkatik “lehenerat” altxatu zuela; harekin
kondenatuetarik bat. Hura bai azken oreneko langilea ! Azken minutean itzuli zen gizon hura
Jesuseri buruz. Hitz bat erraitea aski ukan zuen. Jesusenganik entzuteko denek entzun nahi ginukena
: “Gaur berean enekin izanen zira parabisuan.”

Parabola hunek zer atsegina emaiten daukun! Gutarik nor izan daiteke aski harroa lehen
oreneko langilea dela uste ukaiteko. Denak hamekagarren oreneko langileak gira. Hori ahanzten
dugularik dauku bekaiztiak begia pizten : “Gaixtoa duzu begia ni ona naizelakotz?” Lehen oreneko
langileek ez dute konprenitzen nausia nuntik norat nola dabilan. Farisauak bekaizti ziren Jesusek
bertute ttipiko jendeari ongi etorri egiten zionean; seme zaharrena marmarikan arizan zen aitak seme joana besarkatu zuelarik…orroit gaiten Izairek erranaz :”Ene bideak ez dira zuen bideak…Zerua lurretik gora da : berdin gora ene bideak zuen bideetarik, eta ene gogoetak zuen gogoetetarik.”