Urteko 15. Igandea A (2017-07-16)
SARRERA

Senideok, beste behin elkartu gara: Jainkoaren entzun, hausnartu eta geure bizi egiteko; Eukaristia ospatzeko; Jainkoaren seme-alaba maite garela entzun eta bihotzean sakontzeko.
Gaurko ebanjelioan, ereilearen parabolaz mintzo zaigu Jesus. Gauzak adierazteko modu erraza da, bai Jesusen garaiko jendearentzat, bai guretzat. Jesusek bere esperientziatik atera dituen adibideak dira parabolak.
Gaurko ebanjelioan bi ideia nagusi ageri dira. Bata: ereileak hazi ona ereiten du, eta ugari, eta nonahi; esan nahi da, Jainkoaren Hitza ona dela, ugaria dela, ez dela pertsona batzuei bakarrik mugatua. Bigarrena: haziak zer emango duen ez da jakiten fruitua emateko aroa iritsi arte. Jainkoaren hitzak zer fruitu emango duen? Hartzaileen borondatearen baitan dago hori.
Jesusi adi entzuten badiogu, hau da harentzat gauzarik inportanteena: guztiok eman dezakegula nork bere fruitua, eta ona eta ugaria. Horretarako, bakoitzak zer hartu duen izan behar du kontuan; gogoan izanik, hartu duen horrek gizon-emakume guztien onerako izan behar duela.
Horretarako, Jaunaren Hitzari harrera ona egin beharra dugu. Hala, batzuek bateko ehun emango dute, beste batzuek bateko hirurogei, beste batzuek hogeita hamar… Guztiek zerbait. Dena den, Hitzari eman beharreko erantzuna ez da kopuru-kontua, baizik eta nork bere burua eskaintzea; kalitatea da balio duena.
Jesusen Espirituak lagundu gaitzala Hitza gugan handitzen joan dadin, bere ondorio guztiekin.

LEHENENGO IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (55,10-11)

Isaias profetaren liburuak hiru zati ditu. Lehengoan salaketa nabarmentzen da; bigarrenean salbazio-iragarpena; hirugarrenean kontsolamendua.
Gaur entzungo duguna hirugarren zati honetakoa da. Profetak dio, Jainkoaren izenean, badatorrela askatasuna, badatorrela herrira itzultzeko ordua eta Jainkoak bete egiten duela bere hitza. Konparazio bat darabil hori adierazteko: euria zerutik jaitsi eta bizia sortzen du berriro zerura igo aurretik; gauza bera Jainkoaren Hitzak: esandakoa beteko du Jainkoak.
Esperantza ernearazi nahi du profetak bere herrian, nahiz momentua ez den guztiz argia. Senideok, saia gaitezen bizitzako gorabeheretan esperantzari eusten.

BIGARREN IRAKURGAIA Paulok Erromatarrei (8,18-23)

Geure bihotzean baditugu Espirituaren hasikinak; baina, gure bizitza ez da oraindik bete-betea. Horixe da Paulok esaten diguna. Mugaz beterik bizi gara, larritasunez eta bete gabeko egitasmoz inguraturik.
Halaz guztiz, han urrunean argia ageri da; izan ere, Jainkoaren seme-alaba gara, eta betiko askatasuna espero dugu. Irakurgai honetan ere, esperantzarako gonbita entzungo dugu.

EBANGELIOA San Mateoren libururik (13,1-23)

Jesus jendeari parabolen bidez mintzo zaio. Zergatik parabolaz? galdetu diote ikasleek. Erantzuna aski zaila da ulertzeko. Badirudi, honelako zerbait esan nahi duela Jesusek: orain arte aski garbi hitz egin diet; baina ez dira ulertzeko gai izan; orain beste era hau eskainiko diet.
Gaur ereilearen parabola entzungo dugu. Esango digu, guztiok garela deituak lur on izatera; Hitza entzuteko prest egon behar dugula, segidan fruitu emateko, gizon-emakume guztien mesederako, beti ere gogoan solidaritatea izanik eta bizirik.
Garrantzizkoa da, bakoitzak bere hondar-alea ipintzea.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Elizaren alde: bizi dezagula Jainkoaren Hitza, ager dezagula Hitz hori hurbileko gauza bezala, bizi dezagula Hitz hori gaur egungo arazo sozialei eta eliztarrei begira. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Gizon-emakume guztion alde: saia gaitezela Jainkoaren Hitza gero eta sakonago ezagutzen; har dezagula Hitz hori geure burua aldatzeko akuilu bezala; eragin diezagula fruitu ematera gizon-emakume guztien mesederako. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Gizon-emakume guztion alde: bizitzako zailtasunetan, bizi gaitezela sendo, geure esperantzari eutsiz; jakinik, Jesusen Espirituaren indarra geurekin dugula. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Gure kristau-elkarte honen alde: jakin dezagula geure arteko desberdintasunez egoki eta zuzen baliatzen, batak bestea aberatsago egiteko. Eska diezaiogun Jaunari.