Urteko 13. igandea A OHARPENAK 2017-07-02

SARRERA

Anai-arrebok! Uda hasi dugu. Eta jende askorentzat, aldaketa handia ekarriko du horrek: oporrak gogoan, haurrak etxean etab. Jainkoaren Hitzak ez du deskantsurik. Edozertan eta nonahi ari garela, geurekin izango dugu Jauna, modu ezkutuan eta isilean bada ere. Ikusten eta entzuten jakin behar. Asko hitz egiten da, nola agertu zitzaien Andre Maria Bernadetari Lourdesen, hiru haurrei Fatiman. etab. Agerpen nabarmen eta ageriko horiek, seinale edo sakramentu dira; guri gogorarazteko dira, Andre Maria bezala, Jainkoa beti eta guztioi agertu nahi zaigula.
Baina orain, elizkizun honetan modu berezian agertuko zaigu. Lehen irakurgaiak adierazten digu, Xunameko andre hark, Eliseo profetari harrera egitean, beragan zerbait berezia ikusita egin ziola harrera. Bigarren irakurgaian, Paulok diosku, bataiokoan Jesusen beraren bataioan murgildu garela; ondorioz, Jesusen arabera bizi beharko genukeela. Ebanjelioan, Jesusek berariaz diosku: profeta bat edo pertsona zintzo beraren, Jesusen, izenean onartzen badu, bera, Jesus bera, onartzen duela.
[LARUNBATEKO MEZAN BAKARRIK] Gaur bestalde, Josu Arruabarrenak eta Jessica Mingok Markel beren semea dakarkigute, bataiatzeko. Ongi etorri, Markel, gurasoak, aita-ama pontekoak, beste ahaideak eta adiskideak. Poz handia da guretzat, Markel, sortzetik beretik Jainkoaren seme dena, modu berezian Jesusen elkarteko izatea.]
Saia gaitezen guztiok Jainkoaren Hitzari harrera on-ona egiten.

Lehen irakurgaia Erregeen bigarren liburutik 4,8-11.14-16a.

Xunameko andreak zerbait berezia ikusi du Eliseo profetagan, eta harrera ona egin dio. Pentsa, Eliseo ez du ezaguna, baina zerbait berezia sumatu du harengan. Txundigarria da fidatze hori. Begi garbi eta argiak behar!
Gure artean, ba al dago fidagarritasunik? Modu horretakorik esan nahi dut. Halere, emakume horrenak bezalako bihotz-begiak zorrozten saiatu beharko genuke. Jakina, usoa bezala xalo, baina sugea bezain zuhur esan ohi da.
Halere, Jesusez, Andre Mariaz… nolatan ez fidatu?

Bigarren irakurgaia Erromatarrei egindako gutunetik 6,3-4.8-11

Paulok oso bikain sinbolizatzen du kristau-maitasunaren errotikotasuna eta zorroztasuna. Heriotza eta bataio-murgiltzea konparatu ditu horretarako. Kristau izatea, alde negatiboa harturik, arrazoiaren kontrako lotura guztiak hiltzea da: arrazoiaren kontrako familia-lotura, arraza-lotura, nazio-lotura guztiak haustea. Zentzurik gabeko atxikipen edo lotura guztiak haustea, beraz. Alde positiboa harturik, berriz, harreman guztiak berritzea da; gogoan harturik, batez ere, sufritzen ari den jendea. Kristo aintzat hartzeak hau esan nahi du: gizadi libre berri bat amestea, guztion apaltasuna eta eskuzabaltasuna bilatzea, esperantza indartzea. Gizaki berria egiten saiatzea, beraz; muga bakarra zerua izango duena, non ez baita mugarik izango.

Ebanjelioa San Mateoren liburutik 10,37-42

Jesusek ikasleak eskolatzen jarraitzen du. Une honetan gu gara ikasle.
Batetik dio, aita edo ama ni baino gehiago maite duena ez da nire duin. Ez ote ditugu ba maitatu behar aita eta ama? Ez da hori. Hau esan nahi du Jesusek: gizon-emakume guztiak berak maite gaituen bezala maitatu behar ditugula. Esan nahi du, berarena ez bezalako maitasuna ez dela maitasuna.
Bigarren, berriz, hau diosku: profeta bat edo pertsona zintzo bat beraren izenean hartzen duenak, bera, Jesus bera, onartzen duela. Zein dira profetak? Batetik, Itun Zaharrean Jesusez mintzatu izan zirenak; bestetik, Itun Berrian Jesusez ariko direnak. Eta zein dira pertsona zintzoak? Mateok, bere ebanjelioaren azken aldera, 25. kapituluan, aipatzen ditu: biluzik dagoena janzten duena, kartzela dagoena bisitatzen duena, goseak denari jaten ematen diona.
Ez dezagun ahaztu: Jesusek bezala maitatu. Premian direnak Jesus bera balira bezala onartu.

Herriaren otoitza

1.-Elizaren, hau da, Eliza osatzen dugun guztion alde: jakin dezagula geure bizitza arriskatzen, premian direnen alde: gizabanakoak izan, herriak izan, taldeak izan. Eska diezaiogun Jaunari
2.-Kristau guztion alde: gogoan izan eta bizi dezagula konbentzimendu hau: Jesusi jarraitzeak, arraunean haizearen kontra egitea esan nahi duela. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Bizia galtzeko prest egon behar dugula entzuten dugunon alde: jakin dezagula zer esan nahi duen: alegia, txalo bila ez ibiltzea, gaurko gizarteak eskaintzen dizkigun eredu gehienen kontra egin behar dugula. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Gizon-emakume guztien alde: nola edo hala, barruak guztioi eskatzen digun solidaritatea indartzen saia gaitzen. Eska diezaiogun Jaunari.
5.-[Larunbateko mezan bakarrik]: Markelen gurasoen eta aita-ama pontekoen alde: beren bihotza Jesusen senaz janzten saia daitezen, eta, bihar egunean, Markel sen horretaz kutsa dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.