LAUAXETA
ESTEBAN URKIAGA
(Laukiz 1905-Gasteiz 1937)
olerkaria, idazlea, hizlaria.
Power honetan, fusilatu bezperan ondu zuen poesia: jatorrizkoa eta Joan Luis Goikoetxearen laguntzaz D. Amundarainek egokitua (hau letra etzanez.)
Eskerrak, youtube eta testua bidali dizkidan Arratiako elizako Joxe Mª Kortazarri.
Antton Valverdek abestua.

Jatorrizkoa

Agur Euzkadi, Jaunak naroa
Aberri eder argira!
Neure negarrak jarion neuzan
zeure mediai begira.

Seme bat zeukan baiña etsayak
kendu eutsoen biotza,
soin ederrera ixuri yakon
maietz bateko goiz otza.

Gurutz deunari musu egiñaz
alde egin eutsun mundutik;
Kristoren gentza abo gañean
loratu jakon gaztetik.

Jaunaren maitez, Aberri maitez
ez eban euki bildurrik;
eta zeuretzat zorion utsa
opaldu eutsun gogotik.

Euzkadi ona zagoz betiko
Kristoren fede betean
olan zoruna bilauko dozu
emen ezpada zeruan.

Eriotz deuna aurrean daukot
ziñistu bada euzkoa:
Euzkadi azke izan daitean
zaindu Josuren legea.

Eder jatazan euzko basterrak,
eder itxaso zabala;
baiña oraintxe ederrago jat
eriotz onen itzala!

Gaztea nozu bizitz onetan
ta ez jatan palta gauzarik.
Jauna gogorra aldi onetan
igez eitea lurretik!

Ez bedi egin neure oldea
Zeure naia bai ostera.
Gogoa boa zeru argira
gorputza lur illunera.

Egokitua

Agur, Euzkadi, Jaunak narama
aberri eder argira!
Neure negarrak jaio nituen
zure mendiei begira.

Seme bat zeukan baina etsaiak
kendu zion bihotza,
gorputz ederra isuri zitzaion
maiatz bateko goiz hotza.

Gurutze santuari musu eginez
alde egin zion mundutik;
Kristoren bakea aho gainean
loratu zitzaion gaztetik.

Jaunaren maitez, Aberri maitez
ez zuen eduki beldurrik;
eta zuretzat zorion hutsa
eskaini zuen gogotik.

Euzkadi ona, egon betiko
Kristoren fede betean
horrela zoriona bilatuko duzu
hemen ez bada zeruan.

Heriotza santua aurrean daukat
sinetsi bada, euskaldun hori:
Euzkadi aski izan dadin
zaindu Jesusen legea.

Eder zitzaizkidan eusko bazterrak,
eder itsaso zabala;
baina orain ederrago zait
heriotza honen itzala!

Gaztea nauzu bizitza honetan
eta ez zait falta gauzarik.
Jauna gogorra da aldi honetan
ihes egitea lurretik!

Ez bedi egin nire gogoa
baizik eta zure nahia.
Gogoa bihoa zeru argira
gorputza lur ilunera.