Urteko 12. igandea A (2017-06-25)

Anai-arrebok!

Garizuma eta Aste Santua ospatu genituen. Pazkoaldia ospatu dugu. Jesusen Espiritu hartu dugu modu berezian Mendekoste igandean. Hirutasun Santuaren igandea eta Corpus igandea ospatu ditugu. Misterio handien aldia bukatu dugu, komatxo artean esanda.

Gaurtik Kristo Erregearen eguna arte, Urteko deitzen dugun aldia biziko dugu.Ospatu ditugun festa handi horietan ezagutu dugun Jesus hori sakontzen joango da. Dosi txikietan hitz egiten jarraituko du Jesus: beraren eta gure misterio handia xehe-xehe agertzen eta argitzen joango zaigu. Ez dezagun galdu geure jakin-mina, Jesus sakonkiago ezagutzeko gogoa. Beti ere, berarekin egon eta bizi nahiz. Behin batean, bi ikaslek jarraitzen ziotela ikusirik, galdetu zien Jesusek: «Zeren bila zabiltzate?» Eta ikasleek galdetu zioten: «Jauna, non bizi zara?» Eta Jesusek: «Etorri eta ikusiko duzue».

Horixe da aldi luze honen hasieran Jesusek esaten diguna: «Etorri eta ikusiko duzue». Jesusekin egon, Jesus ezagutu, Jesus maitatu. Jesus osoa, ordea: Jesus bera eta Jesusek maita dituen guztiak.

Gaurko ebanjelioan, beldurrik ez izateko ari zaigu Jesus. Halere, gauza ugaria da beldurra munduan.

Batzuetan, ospea galtzeko beldurra da. Segurtasuna galtzeko beldurra. Erosotasuna, ongizatea galtzeko beldurra. Beldurra, gure posizio soziala galtzeko, dirua galtzeko.

Jesusek gogoan zuen erromatar inperioaren pean bizi zen jendearen beldurra; ez zen txantxetako egoera: zerga handiak ordaindu beharra, kristau-erlijioa agerian ezin bizi izatea, indarkeria. Horiek, ordea, gorputza hil dezakete, baina arima ez.

San Paulok beste beldur bat ere aipatzen du. Legeak betetze hutsak santutuko zaituela uste izateak dakarren beldurra. Beldur zen Paulo, jendeak bere salbazio-bidea kultua betetzean jarriko ote zuen, sakrifizioak eskaintzean jarriko ote zuen, erromesaldi handiak egitean jarriko ote zuen.
Paulorentzat hauek dira etsaiak kristau batentzat: indarkeria, inperialismoa, erritualismoa, legekeria. Horiek dute hiltzen, ez gorputza bakarrik, baita arima ere.

Horregatik azpimarratzen du Jesusek. Ez beldurrik izan gorputza hil dezaketen, baina arima hil ezin dutenei. Eta beldur hori uxatzeko arrazoitzat, berak gure bizitzan dituen presentzia eta ardura eman dizkigu. Hegaztiez arduratzen bada, nola ez gutaz?

Duela 41 urte hil zuten Argentinan Enrique Angelelli gotzaina. Egun batzuk lehenago aitortua zien gotzainak bere familiartekoei: «Beldurra dut… baina ezin ezkutatu da ebanjelioa».

Lehen kristauek jasatekoak jasan zituzten, erromatarren artean egiazko bakea eta egiazko zuzentasuna defenditzeagatik, egiazko jainkotasuna bizitzeagatik.

Laugarren mendearen hasieran, Konstantino enperadorearekin erlijioa libre bizitzeko legea sortu zen. Laster, ordea, laugarren mende horretan berean, San Hilariok Konstantzio enperadoreaz hitz gogorrak idatziko ditu: «honek sorbaldatik jotzen gaitu puñalez; ez dizkigu konfiskatzen ondasunak, horrela bizitza emanez, baina heriotzarako aberasten gaitu. Ez gaitu kartzelara eramaten, baina bere jauregian ohoratzen gaitu, esklabo bihurtzeko. Ez digu haragia urratzen, baina gure arima desegiten du bere urreaz. Ez gaitu mehatxatzen erretzearekin, baina era sotilean infernuko surako prestatzen gaitu. Ez du borrokarik egiten, beldur baita garaituko duten. Aitzitik, losintxatu egiten du, errege izaten jarraitzeko. Kristo aitortzen du bera ukatzeko. Batasunaren alde ari da, baina bakeari azpia jateko… (JESÚS ÁLVAREZ GÓMEZ, Historia de la Vida Religiosa, Publicaciones Claretianas, Madrid, Volumen I, 1987, 170)
Senideok, ebanjelioa hots egitera dei egin digu Jesusek, beldurrik gabe. Prest egotera, horrek sor ditzakeen nekeak jasateko. Jainkoaren gurekiko duen arduran konfiantza izatera dei egin digu. Lotsarik gabe, Kristo aitortzera.
Jesusen Espirituak argitu eta indartu gaitzala. Izan ditzagula gogoan Andre Maria eta santu guztiak.
Dionisio Amundarain