Mana eta bizi-ogia
Corpus Christi jaia A (2017-06-18)
Jai hau ospatzen, Belgikan hasi ziren 1246an, eta hedapen publikorik handiena bi mende geroago lortu zuen, 1447an, Nikolas V.a aita santuak Hostia santua eramanez Erromako kaleak prozesioan zeharkatu zituenean. Bi helburu ditu jai honek: Eukaristiarekiko debozioa sustatu eta jendaurrean aitortu Jesu Kristoren presentzia erreala ogian eta ardoan.
Halere, A urteko irakurgaiek garrantzi handiagoa demaiote biziaren gaiari, zeinekin errazago sintoniza baitezakegu bizi dugun gerlen eta atentatuen mundu honetan. Gaurko ebanjelioak hitz berak ditu hasieran eta bukaeran: «ogi honetatik jango duena betiko biziko da». Eta erdialdean: «nire haragia jan eta nire odola edango duenak betiko bizia du, eta nik berpiztuko dut azken egunean».
Biziraun eta betiko bizi
Air France-ren 447 hegazkina, Rio de Janeiro eta Paris arteko hegaldian, galdu egin zen 2009ko ekainaren 1ean, gau ilunean, 216 bidaiari eta 12 eskifaikorekin. Ezkontza-bikote bat salbatu zen; ez dakit, ontziratzera berandu iritsi zelako edota azken orduko aldaketa batengatik. Baina bikote hori famatu bihurtu zen, handik egun gutxira auto-istripuz hil zelako. Istripu batetik, eraso terrorista batetik, ezbehar batetik onik ateratzeak ez du bermatzen betiko bizia.
Jende askok onartzen du heriotza etsipenez edo fatalismotzat emanez. Beste batzuk haren aurka jarkitzen dira; Unamuno, adibidez: «Arrazoiz, arrazoirik gabe, edo beraren aurka, ez dut hiltzeko gogorik». Laugarren ebanjelioa ere heriotzaren aurka jarri eta jarki da. Esanez hasi da, Jainkoaren Hitzean «bizia zela». Eta mundura etorri dela, gu betiko bizi horretan partaide izan gaitezen.
«Biziraupenaren» eta «betiko biziaren» arteko kontrastea adierazteko, gaurko irakurgaiek aurrez aurre ipini dituzte mana eta Jesusek eskaini digun janaria. Deuteronomio liburua (lehen irakurgaia) manaz mintzo da, janari harrigarri eta berritzat emanez: «ez zeuk ez zeure arbasoek ezagutzen ez zenutena». Baina ez da gelditu, Irteera liburuak egin duen bezala, beraren gaitasun harrigarriak eta mirarizko izaera kontatzearekin. Biziraupen hutseko janaria da, ez du bermatzen hilezkortasuna. Ebanjelioan, Jesusen hitzek alderdi hau azpimarratu dute: zuen arbasoek jan zuten ogiak ez zituen libratu hiltzetik. Aitzitik, Jesusek emandako janariak, beraren gorputz-odolarenak, bai, bermatzen du betiko bizia: «nik berpiztuko duk azken egunean». Hitz hauek, Jesusek Kafarnaumeko sinagogan jaulkitako hitzaldi luzetik hartuek, Lazaroren piztuera eta gu guztion zoria aurreratu digute.
Hilezkortasuna eta betiko bizia
Halere, Jesusek eskaini digun janaria ez da mugatu hilezkortasuna bermatzera. Orainaldirako ere bere balioa du. «Nire haragia jaten eta nire odola edaten duena nigan bizi da eta ni harengan». Hau da laugarren ebanjelioan «betiko biziak» batzuetan duen zentzua. Ez da hilobiaz harako bizia, baizik eta oraingo eta hemengo bizia da, bestelako dimentsio batean, Jesusekiko ukimen barnekoi eta misteriotsua dela medio.
Jesusekiko lotura eta anai-arrebekiko lotura
Jaunartzean, Jesus gurekin eta gure harekin bizi garelako ideiak arrisku bat du: era oso indibidualistan hartzekoa. Paulok korintoarrei idatzitakoak oker hori saihesten lagunduko digu. Kristoren gorputz-odolekin bat egitea ez da gu guztiok bata besteagandik bakantzen gaituen gauza. Aitzitik, hain juxtu, batu egin gaitu, «guztiok ogi beretik jaten dugulako».
José Luis Sicre