JAINKOAREN BARNETASUNA (Joan 3,16-18)
Hirutasun Santua (2017-06-11)
Ezinezko batez, egunen batean, Elizak Jainkoa ez dela Hirutasun esango balu, aldatuko al litzateke zerbaitetan fededun askoren bizitza? Segur aski, ez. Horregatik, txunditurik gelditzen da bat P. Varillon-en aitorpen honekin: «Uste dut, Jainkoa Hirutasun ez balitz, ni segur aski ateo izango nintzatekeela […]. Nolanahi den, Jainkoa Hirutasun ez bada, nik ez dut jada ezer ulertzen».
Kristaurik gehienek ez dakite ezen Jainkoa Hirutasun bezala adoratzen dugunean, Jainkoa, bere barnetasun sakonenean, maitasun dela, harrera eta samurtasun dela. Hau da, agian, kristaurik gehienek behar duten konbertsioa: Jainkoa Botere bezala hartzetik Jainkoa Maitasun bezala adoratzera igarotzea, poz-pozik eta pixkana-pixkana.
Jainkoa ez da izate «ahalguztidun eta betiereko» edozein bat. Izate boteretsu bat despota izan daiteke, tirano txikitzaile, diktadore arbitrario izan daiteke: mehatxu bat, alegia, gure askatasun koxkor eta ahularentzat. Izan ahal genezake konfiantzarik ahalguztiduna bakarrik dela ezagut genezakeen Jainko batengan? Oso zaila da mugagabeki ahalguztiduna den norbaitengan konfiantza ipintzea. Ematen du, errazagoa dela fidakaitz izatea, zuhur izatea eta geure independentzia segurtatzen saiatzea.
Alabaina, Jainkoa Hirutasun da, Maitasun-misterio da. Eta haren guztiahaltasuna soil-soilik maitasun-guztiahaltasuna da, atzeman ezineko samurtasun mugagabe den guztiahaltasuna da. Ahalguztiduna, Jainkoaren maitasuna bakarrik da. Jainkoak ezin du egin den-dena. Jainkoak ezin du maitasun mugagabeak egin dezakeena baizik. Eta hori ahaztu eta maitasunaren ildotik irteten garen bakoitzean, sasi-jainko bat eraikitzen dugu, existitzen ez den idolo arraro baten antzeko bat.
Jainkoa soilik Maitasun dela aurkitzen ez dugun bitartean, erraz jo genezake harekiko harremanak norberaren probetxuaren edo beldurraren arabera gauzatzera. Probetxua, Jainkoaren guztiahaltasunaz geure onerako baliatzera eragiten diguna. Edota beldurra, baliabide-mota guztien bila jartzen gaituena Jainkoaren botere mehatxagarriari ihes egiteko. Baina probetxuaz eta beldurraz ehotako erlijio hau hurbilago legoke magiatik egiazko kristau-fedetik baino.
Fedetik Jainkoa soilik Maitasun dela sumatzen eta geure bizitzaren hondoenean presente eta pil-pil dagoen Maitasun baizik ezin izan dela aurkitzen dugunean, orduan hasten da hazten, guztiz aske, gure bihotzean Jainko Hirutasunaganako konfiantza; horretaz badakigu, Jesusen bidez, gu maitatu besterik ezin duela egin.
Jose Antonio Pagola