Mendekoste igandea A 2017-06-04
HOMILIA

Anai-arrebok!

Mendekoste-eguna ospatzen dugu gaur. Jesusek hitzemandako Espiritu Santua ikasleengana jaitsi izana.

Israel herriak aspaldidanik ikusi zuen Espirituaren beharra. Hona, adibidez, Jeremias profetaren aitorpen hau: «Barruan ezarriko diet neure legea, bihotzean idatziko diet» (Jr 31,33). Eta Ezekiel profetaren beste hau: «Bihotz berria eman dizuet eta espiritu berria ezarriko» (Ez 36,26).

Eta Jesusek berak agindu zigun: Ez zaituztet umezurtz utziko. Neure Arnasa, neure Espiritua, bidaliko dizuet. Hark argituko dizue nik egin eta esan dudan guztia.

Beste behin ere, bereizi beharra dugu. Gauza bat da Espirituaren etorrera ikusteko moduan sentitzea: haizearen bidez, suaren bidez, hizkuntza arrotzak hitz eginez etab. Beste bat da, Espiritua bihotz baneko isiltasunean sumatzea. Norberak bere bihotzean Espirituaren eragina sentitzea.

Espiritua kontuan izan gabe, ez ginateke izango, ez gizon-emakume, ez kristau.

Elizak berak ez zuen iraungo giza erakunde huts izan balitz. Elizaren arima-edo da Espiritua. Eliztarren artean bizi ditugun zabarkeriak eta guzti, berea egiten jarraitzen du Espirituak. Eskerrak, Espiritu Santua, hainbat eta hainbat mirarizko gauza harrigarri eta esperantza-emaile ikusteko aukera ematen diguzulako!

Eta zer egiten du Espirituak?

Alde batetik, kristau guztien baitan jarduten du Espirituak. Eta kristau guztien artean ez ezik, gizon-emakume guztien baitan ere bai. Espirituaren eraginez, aitortzen dugu Jesus Jauna dela, esan digu Paulo santuak. Espiritua dela bide, dira munduan hainbat eta hainbat bokazio desberdin. Espiritua dela bide galdu da munduan desberdintasuna: gizon eta emakume, pobre eta aberats, erlijio bateko eta besteko. Guztiok gara pareko, nahiz jokabide desberdinak izan. Guztiok desberdin eta halere guztiok bat. Zer gertatu da gaurko lehen irakurgaian? Hizkuntza desberdinak entzun zituzten, baina guztiak elkarte batera deiturik sentitzen ziren.

Bestetik, elkarren artean bakean bizitzera eragin digu Espirituak. «Bakea zuekin» esan die Jesusek ikasleei ebanjelioan. Baina Jesusen Espirituaren bakea ez da mundu honetakoa bezalako. PAX ROMANA deitua ez bezalakoa da. Jesusen bakea Shalom da: pertsona osoa eta osorik Jainkoari eta lagun hurkoari emana izatea da; bizi betea eta zoriontsua bizitzea da; Jainkoaren bakea bizitzea da. Aldi berean, ezpataren seinalea da Shalom hori; bizi beterako bidea den ezpatarena; gure artean bizi den Jesus ez da Jesus aintzatua, baizik eta sufritzen ari den Jesus da: pobreengan, goseak, gerran bizi direnengan, presoengan, gaixoengan…

Azkenik, arnasa da Espiritu Santua. Haizea da. Haizeak bere norabidea izaten du: iparra, hegoa… Era bertsuan, Espirituak ere bere norabidea du. Jesusen urratsei jarraitzera eragiten digu. Horixe esan die Jesusek ikasleei. Bere arnasa ufatu die, eta esan die: Aitak ni bidali nauen bezala, hala bidaltzen zaituztet nik zuek. Jesusek hasi duen eginkizuna bere berera eramatera eragiten digu eta gidatzen gaitu Espirituak.

Horrenbestez, senideok, Jesusen Espiritu hori izan behako genuke geure amets: Zatoz, Espiritu Santua; izan zaitez zu nire arnasa, nire hatsa, nire jomuga, nire helburua.

Dionisio Amundarain