IREKI HORIZONTEA (Mateo 28,16-20)
Jaunaren Igokundea A (2017-05-28)
Ongizaterik handiena berehala lortzeari bakarrik emanik eta nahikunde eta esperantza txikiek erakarririk gabiltzala, arriskua dugu, geure biziaren horizontea pobretzeko, betikotasunaren desioa galdurik. Aurrerapena ote da hori? Errore bat ote?
Badira bi gertaera, duela urte batzuez gero bizi dugun milurteko honetan, egiaztatzeko zail ez direnak. Alde batetik, haziz doa gizartean mundu berriago baten nahia eta gogoa. Ez dugu aski edozein gauza: mundu duinago, gizakoiago eta zoriontsuago baterantz jo beharra sentitzen dugu.
Bestetik, haziz doa desilusioa, eszeptizismoa eta ziurtasunik eza etorkizunari dagokionez. Zentzurik gabeko hainbesteko sufrimendua ageri da pertsonen eta herrien bizitzan, hainbat eta hainbat gatazka pozoitsu, hartarainoko abusuak Planetaren aurka, non ez baita gauza erraza gizakiagan uste izanik bizitzea.
Halaz guztiz, zientziaren eta teknologiaren garapena gaitz eta sufrimendu asko ari da askatzen. Etorkizunean, dudarik gabe, are arrakasta distiratsuagoak lortuko dira. Oraino ez gara gai sumatzeko gizakiak duen gaitasuna, ongizate fisiko, psikiko eta soziala garatzeko.
Baina ez litzateke jatorra izango beste hau ahaztea: garapen miresgarri honek gaitz batzuetatik bakarrik eta era mugatuan gaitu «salbatzen». Hain juxtu, gero eta giza aurrerapen handiagoaz gozatzen ari garen honetan ari gara argiago sumatzen ezen gizakiak ezin diola eman bere buruari antsiatzen eta bilatzen duen guztia.
Nork liberatuko gaitu zahartzetik, ezinbestean hil behar izatetik edota gaitzaren ahalmen ulertezinetik? Ez gaitu harritu behar ikusteak, jende asko hasia dela behar bat sentitzen: teknika ez den, zientzia ez den, doktrina ideologikoa ez den beste zerbaiten behar bat, alegia. Gizakiak ez dio amore eman nahi izaera galkor eta hilkor honetan betiko hesiturik bizitzeari.
Alabaina, kristau gutxi baino gehiago ari da bizitzen lurrari soilik begira. Itxuraz, ez gara ausartzen geure begiak altxatzen eguneroko ondo-ondokoa dugun hura baino harago. Jaunaren Igokundearen kristau-jai honetan, zientifiko eta mistiko handia izan zen Teilhard de Chardin-en hitz hauek aipatu nahi nituzke: «Kristauok, Igokundeak hogei mende soil dituen honetan, zer egin duzue kristau-esperantzaz?».
Galderen eta ziurtasunik ezaren artean, Jesusen ikasleok ibili gabiltza biziaren bila, konfiantza batek eta konbentzimendu batek eraginik. Biziak ixtera eta itzaltzera doala ematen duenean ere, Jainkoak hor dirau. Ontasun- eta Maitasun-misterio da errealitatearen azken misterioa. Biziari irekia den Atea da Jainkoa, inork ezin itxia.
Jose Antonio Pagola